Sexua Bartzelonako metroan

Sexua Bartzelonako metroan

Oso interesgarria egiten zaigu Amelia Barquinen Kinka bloga. Irakasleak, besteak beste, genero kontuak lantzen ditu bertan, eta ainoiz jaso izan diogu artikuluren bat. Kontu potolo batekin datorkigu oraingoan, Sexua Bartzelonako metroan. Nola ikasten da konorterik gabeko emakumeez abusatzen?“.

Sexua Bartzelonako metroan. Nola ikasten da konorterik gabeko emakumeez abusatzen?

“Kontzientea” izan zen?

Duela aste gutxi Liceu geltokian egindako grabazio bat zabaldu zen, non gizon bat eta emakume bat agertzen ziren sexua praktikatzen metroaren beste erabiltzaileen aurrean. Denetariko erreakzioak egon ziren komunikabideetan eta sare sozialetan. Transports Metropolitans de Barcelona-k bi personak bilatzen ditu Metroaren araudia urratzeagatik.

Sexua Bartzelonako metroanLekuko batek, baina, honako komentarioa egin zuen: “La chica no estaba en un estado muy idóneo. Estaba consciente, pero cuando acabó no podía ni levantarse. El chico tuvo que ayudarla a vestirse. No sé si era una cosa muy voluntaria y deseada por ella”. Lekukoak neska agian mozkortuta zegoela aipatzen du. Eldiaro.es-eko zutabegilea den Barbijaputak ondorio hau ateratzen du: “En pleno siglo XXI, en el primer mundo, tan civilizado siempre, nadie la busca para preguntarle si ha sido objeto de una violación, si se encuentra bien. La buscan porque es ella quien ha violado algo, en este caso las normas”.

Ez dut informazio gehiago komunikabideetan aurkitu,  eta ez dakit ze segida izan duen gertaerak. Kezkagarria dena zera da: ikasi dugu emakume bat inkontziente baldin badago (gaixorik, mozkorturik, ondoezik, drogaturik, koman…), gizonek eskubidea daukatela bere gorputza erabiltzeko baimenik jaso arte itxaron gabe. Feministek nahi dutena esango dute, baina produktu kulturalek horixe erakutsi digute, modu estilizatuan, edertuan, errepikakorrean. Txikitatik. Etengabe.

Eta gainera, ikusi dugu emakumeentzat oso ondorio positiboak izan ahal dituela erabilera horrek. Egin memoria. Filmaren bat bururatzen zaizu? Haurtzarotik hasi gaitezen.

Konorterik gabeko emakumeak filmetan

Edurnezuri. Emakumea inkontziente dago sagar zati pozoitsu bat irentsi ondoren. Eskerrak gizon bat hortik pasatzen den eta ezpainetan muxu ematen dion, orduan esnatzen da eta. Betirako eskertuta eta ezkontzeko prest.

Loti Ederra (noski). Honi antzeko gertatzen zaio. Handik pasatzen den gizon batek konorterik gabeko emakume bat aurkitzen du eta ez zaio ahoan muxu bat ematea besterik bururatzen. Eta zein ondo etortzen zaion konorterik gabekoari, bera ere esnatzen baita. Eta aurrekoa bezala, oso eskertuta eta ezkontzeko deseatzen.

– Pedro Almodóvarren Hable con ella filma. Alicia (Leonor Watling aktorea) koman dago eta Benigno (Javier Cámara) bere erizaina da, urteetan zehar dedikazio eta maitasun handiz zaintzen duena… eta harreman sexualak ere berarekin izaten dituena, ezkutuan noski, haurdun uzteraino. Bai, ondo irakurri duzu. Baina lasai, zeren haurdunaldi horri esker, Alicia esnatuko da eta bere bizitza berreskuratuko du. Pelikulak ez du inolako diskurtso kritikorik igortzen Benignoren abusuaren inguruan, bide batez esanda. Ze majoa Benigno, bere izenak berak dioen bezala.

Ez zen lehenengo aldia Almodovarren filma batek emakumeen kontrako bortizkeria beraientzat positiboa izan daitekeela adierazten duenik. Átame-n ere ikusi genuen gizon bat (Antonio Banderas) jatorra bada eta enamoratuta baldin badago, neska (Victoria Abril) berarekin maitemintzera derrigortu ahal duela, horretarako egun askotan bahituta, bozatuta eta oheari lotuta edukiz.

– Paco Leónen Kiki, el amor se hace. Duela gutxi aurkeztu den produktu horretan hurrengo urratsa ematen da. Gizon batek bere emaztea bortxatzen du gauero, maitasunarengatik. Horretarako, emakumea drogatzen du, korderik gabe utzi arte. Emaztea gertatutakoaz konturatzen denean, aulki gurpildunetik altxatzea lortzen du… zertarako eta, erabat hunkituta, bere senarra/bortxatzailea besarkatzeko! Harrapazank. Ze polita den maitasuna. (Pelikula horren inguruan Santi Fernández Paton-en iruzkina irakurtzea gomendagarria da).

Kikik ere ez du dikurtso kritikorik bidaltzen senarraren jokaerarekiko. Ez horixe. Kurioski, pasarte horiek benetako bizitzan gertatzen zaizkigunean emakumeoi ez digute inolako graziarik egiten. Mandy Boardman estatubatuarra erabat atsekabetuta sentitu zen konturatu zenean bere senarrak gauero drogatzen eta bortxatzen zuela (drogek egunean zehar eragiten zituzten albo ondorio latzak aipatu gabe). Gertatutakoaz jabetutakoan, berak ez zuen, hunkituta, bere senarra besarkatu; bortxatzailea epaitegira eraman zuen.

Enpin. Titulu horiek bururatzen zaizkit, holan, boteprontoan. Baina bahitzaileak agertu zaizkigunez, ezin dut bukatu beste film pare bat aipatu gabe.

Bahitzaileak

-James McTeigueren V for Vendetta. Bai, sumindu askorentzat mitikoa den filma, maskara zuri irribarretsua zabaldu duena. V deritzon mozorrotutako iraultzaile karismatikoak  (Hugo Weaving aktoreak) Evey izeneko kazetaria (Natalie Portman) erreskatatuko du behin baino gehiagotan gaiztoen eskuetatik. Halako batean, baina, emakumea bahituko dute eta egun askotan zehar torturatuko dute V salatu dezan (eta umiliatu, burua soildu…). Alferrik; kazetariak tinko agoantatuko du eta ez du ezer esango. Ez naiz ondo gogoratzen eta ez dut interneten aurkitzen (eta ez nago prest filma berriro ikusteko): bahitzaileak Evey bortxatzen du? Bai, ezta?

Tira, azkenik, aske geratzean, Eveyk jakingo du dena engainu bat izan dela  eta bere bahitzailea V bera izan dela, emakumearen izaera sendotzen laguntzeko asmoz. Haserre bizia sentitzen du orduan Eveyk, harik eta ulertu arte torturak bere heriotzari aurre egiteko behartu duela, eta horrez geroztik beldurrik gabe bizi ahal izango duela. Zelako liberazioa! Ze jatorra, V. Ze didaktikoa. Ze demokratikoa. Tori hezkuntza inklusibo, dialogiko eta parekidea. Horren ondoren, nola ez, Eveyk bere bihotza eta aktibismoa Vren zerbitzura jarriko ditu baldintzarik gabe.

Aitortu behar dut V for Vendettaren maskara ikusten dudanean manifa batean, egonezinik sentitzen naizela, gizon indignatu ugariren defizit feministaren isla iruditzen zait eta.

Eta bahitzaileekin sartuta, on-ona da…

Ederra eta Piztia. Guraso hori, izeba hori: pelikula hau zortzi aldiz zure umeari jarri baino lehen, gogoratu bertan gizon batek emakume bat bahitzen duela eta bere kontrolpean mantentzen duela denbora luzean zehar, azkenean emakumea bere bahitzailearekin maitemindu arte (beste Átame bat, umeentzat egokitua). Emakumearen  maitasuna eta sakrifizioari esker, gizon munstrotsu hori printze lerden eta jator bihurtuko da.

Aizu, ez al da hori tratu txarren oinarria? Ze entrenamendu eraginkorra neska eta mutilentzat etorkizunari begira, ezta? Seduktorea den produktu kultural baten bidez, hezkuntza sentimental galanta proposatzen diegu txikiei. (Ez galdu Barbijaputak fimari buruz egindako iruzkina).

 

A cup of tea

Zerrenda ederra, e?

Ulertezina irudituko zaigu benetan gizon batzuek kontuan ez izatea emakumeek baietz esaten duten ala ez? Eta gizon batzuek eta emakume batzuek pentsatzea jokaera hori “normala” dela?

Nola lagundu gazteei hori guztia desikasten?

Nik, nonbaitetik hasteko, nire ilobei bideo eder hau guatsapez bidaliko diet: te hartzera gonbidapenen inguruko azalpen ederra (azpitituluekin ikus daiteke). Azkeneko esaldiari arreta jartzeko eskatuko diet:

Consent is simple as tea

Sexua Bartzelonako metroan / Sexua Bartzelonako metroan / Sexua Bartzelonako metroan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.