«Senegal: zorrak ordaintzen dituena pobretu egiten da»

NDM4NA==

 

Soumar eta Bonfond Hirugarren Munduaren Zorra Ezabatzeko Batzordeko buruak dira eta Senegalgo egoera sozioekonomikoa aztertu dute. Haien arabera, Mendebaldeak Senegalen kontura aberasten jarraitzen du, bertako buruzagien laguntzarekin, eta Nazioarteko Diru Funtsak zein Munduko Bankuak ezarritako neurriek herritarren bizimodua hobetu beharrean okertu egin dute. Gainera, Afrikako egoera herrialde aberatsetakoarekin alderatu dute. «2008an lehertu zen krisiaren eraginez, Iparraldeko hainbat herri ajuste estrukturalaren esperientzia gogorra ezagutzen ari dira, eta horrek Hegoaldekoek azken hogeita hamar urteetan jasan behar izan dituzten ondorio berberak ditu».

«Ekonomialariak eta BPGren igoerak itsutu dituen beste teknokrata batzuk alde batera utzita, bereziki Senegalgo herriaren egoerak eta, oro har, Afrikako herrienak dramatikoa izaten jarraitzen du». Horixe da bi ekintzaileek atera duten ondorio nagusia. Esklabutzarik izan ez balitz, gaur egungo Afrika bestelakoa litzatekeela adierazi dute, oso zibilizazio garrantzitsuak izan direlako eta garapen sozial, politiko zein kultural handia izan dutelako. Horrez gain, Ameriketako Estatu Batuak eta Europa ere ez lirateke gaur egun diren modukoak izango, esklabutzarik eta kolonizaziorik gertatu ez balitz. Azken finean, Iparraldeko herrien aberastasuna Hegoaldekoen aurkako zapalketan oinarritzen da eta, zor historiko zein ekologikoaren ordaina eman ordez, beste zigor bat ezarri zaie: kanpo zorra ordaindu beharra.

Independentziak (1960) bandera bat, ereserki nazional bat eta presidente bat ekarri zien –«askotan, potentzia kolonial ohiek aukeratutakoa»–, baina ez benetako aldaketarik. Batetik, bertako diru-iturri nagusia lehengaien salmenta da oraindik ere (fosfatoa, kakahueteak eta arrainak) eta, bestetik, politikoki mendean jarraitzen dute, Frantzia-Afrika sarearen bitartez.

1970eko hamarkadan, inportazio kopurua asko hazi zenez eta oinarrizko lehengaien prezioak jaitsi zirenez, hamar urtean kanpo zorra hamar aldiz handiagoa bihurtu zen. Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak ekonomiaren beherakada geldiarazteko zenbait neurri ezarri zituzten arren, langabezi eta zorpetze mailek handitzen jarraitu zuten.

Nekazaritzari dagokionez, Estatuak nekazari txikiei oso laguntza urriak ematen dizkie. 2008ko elikadura krisiaren ondoren, Nekazaritzara Itzulera izeneko plan bat jarri zuten martxan, baina Soumar eta Bonfonden arabera, onuradun bakarrak agintaritzaren ingurukoak izan dira, ehunka lur hektareaz jabetu eta lehen haien kontura lan egiten zuten nekazariak beren langile bihurtu baitituzte.

Hezkuntza sektorean, irakasleek soldata berandu jasotzen dute eta gurasoek gastuak ordaintzeko zailtasun handiak dauzkate. Gainera, herrialdeko langabezia tasa ia % 50ekoa denez, ikasketak egiten dituztenek lana aurkitzeko oso aukera gutxi dauzkate, eta oinarrizko produktuen prezioa etengabe handitzen ari da.

Senegalek 5.000 milioi dolar ordaindu ditu kanpo zorragatik, hau da, 1980an zor zuen kopurua halako bost eta, hala ere, zorpetze maila hiru aldiz handiagoa da.

Prekarietatea eta txirotasuna areagotzen ari dira, baina komunikabideetan aipatzen duten gauza bakarra BPGa igotzen ari dela da.

Konponbidea berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizarte bat eraikitzea da, bi ekintzaileen arabera, «kapitalismo neokolonialaren alternatiba bat», baina horretarako bai Senegalen, bai nazioartean sozialki borrokatu beharra nabarmendu dute. «Espero dezagun datorren Munduko Gizarte Foroak erronka hauen guztien aurrean neurria ematea».

 

Iturrikoa. 

Irudia | Senegalen ateratakoa | Treesftf | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...