Sen tragikoa

Noizbait paradisutik atera ginen . Noizbait naturarekiko zilbor-hestea apurtu genuen.  Apurketa hura traumatikoa izan zen, hala dirudi behintzat. Eta gertakizun traumatikoekin maiz gertatzen den bezala balio-juizioek gertaera bera estaltzen dute. Balioespenak alde batera utzirik, zer gertatu zen jaiotza traumatiko hartan?

Nola jakin! Gertaera hura oroitzapenezko milaka geruzek estaltzen dute. Ezinezkoa dirudi oroimenean barrena hain urruti iristea, non eta gertaera hura, jatorrizkoa eta funtsezkoa izateagatik, gizaldiz gizaldi gogoan gordeko ez balitz. Horrela gertatu  balitz, jatorrizko gertaera haren oroitzapena  – tokian tokiko berezitasunekin – kultura guztietan agertuko litzateke. Horrela izan balitz zibilizazio eta kultura guztietan jatorrizko galtze edo apurtze horren oroimena agertuko litzateke. Are gehiago, oroimen hori kultura guztien muina litzateke.

Txinatarra banintz, Daoren bidea hartuko nuke jatorrizko gertaera hartara iristeko. Mendebaldarra  izanik, halere, Logosaren bidea hartuko dut. Eta logosaren bidean “sen tragikoarekin” topo egiten dugu. Sen tragikoa da, hain zuzen, greziarrek gordetzen zuten jaiotza-trauma haren oroitzapen-aztarna.

“Hobe da jaio ez izatea eta, jaio izanez gero, lehenbailehen hiltzea“, dio Silenoren axiomak. Dionisoren aitatzakoa zen Sileno. Eta ardoak argiturik profezia dohaina omen zuen. Ildo horretatik doa esakune hau ere: jainkoek maite dituztenak gazte hiltzen dira. Horrela adierazten zuten greziar klasikoek bizitzari buruzko sentimendu tragikoa. Bizitza krudela, injustua eta ulertezina da, aldarrikatzen du sentimendu tragiko horrek. Lehenengo mugimenduan, behintzat, sentimendu tragikoak gizon-emakumeek bizitzaren aurrean sentitzen duten izua, arbuioa eta gorrotoa adierazten ditu.

Sileno mozkortua

Intuizio horren muina ezaguna da. Tokian tokiko aldaerak ematen dira, baina funtsean intuizio horretan bizitzari buruzko oso iritzi ezkor eta iluna azaltzen da. Gogoratu baino ez dugu behar Budaren irakaspena – ekialdeko espiritu tragikoa azaltzen duena, nolabait ere-: “Hona hemen oinazearen egia santua: Jaiotza oinazea da, zahartasuna oinazea da, gaixotasuna oinazea da, gorrotatzea oinazea da, maitatzea oinazea da; Laburtuz, jabetzaren  bost erlazioak oinazea dira” (Benareseko diskurtsoa). Nahiaren munduan dena nahigabea da, horrela labur liteke bizitzari buruzko Budaren lehenengo ikuspegia. Nahiaren edo desioaren mundua, esan gabe doa, gure mundu arrunta da, hezur-haragizkoen mundua, alegia.

Paradisutik egotzita gaudela gogarazten digu irakaspen tragikoak. Bukatu da, bukatu zaigu bizitzari buruzko behi-begirada sorgortua. Bukatu da, bukatu zaigu babesten gintuen artaldeko laino epela. Bizitza  lakioz jositako eremu bat bezala agertzen zaigu; eremu bat non oinazea eta heriotza nagusi diren. Hori da, hain zuzen, sen tragikoak sortzen duen bizitzari buruzko ikuspegi harritua eta izutua. Ikuspegi edo sentimendu hori sen tragikoaren lehenengo mugimendua baino ez da.

Bizitzaren gogortasunez jabetu orduko, biziraupen eta askapen bideak bilatzen hasten dira gizakiek. Hori da sentimendu tragikoaren bigarren mugimendua. Alegiazko munduari atxikirik dago mugimendu hori. Horri esker, gizon-emakumeen barnean kontzientziaren lehenengo muinak ere ernetzen dira.  Kontzientzia estetikoaren ernamuina; ongizatea bilatuko duen jendetasun estetikoaren ernamuina. Kontzientzia etikoaren ernamuina; justizia eta askatasuna bilatuko duen jendetasun etikoaren ernamuina. Kontzientzia ontologikoaren ernamuina; mundu ikuskera arrazional bat bilatuko duen jendetasun ontologikoaren ernamuina.

Bi aldek osatzen dute, bada, sen tragikoa. Bizitzari buruzko intuizio bat, alde batetik; alegiazko mundu bat, bestetik. Batzuen ustez, alegiazko mundua iruzur errukitsua da gizon-emakumeek beren patu tragikoari aurre egin ahal diezaioten . Beste batzuek haratago jotzen dute – “Heteronimia: Bankari anarkista” -. Haien ustez, alegiazko mundu horrek biziraupena eta askapena ekarri ordez, heriotza eta menpekotasuna sortzen ditu. Arrazoia izango dute batzuek eta besteek agian, baina hori jakiteko bizitzaz haraindi jarri beharko genuke eta gu, gizon-emakumeok, bizitzaren barne gaude, eta bizitzak berak alegiazko mundu hori sortzera kondenatzen gaitu.

Buda irribarretsua

Hala bada, nahitaez,  sen tragikoaren bi aldeek – bizitzari buruzko begirada tragikoa eta alegiazko mundua- gizon-emakume guztion kontzientzia zimendatzen dute. Alferrik da, bada, gure onurako edo gure kalterako den galdetzea? Hala gertatu da, kito. Horregatik, nahitaez, sen tragiko hori nola sortzen den galdetzera behartuta gaude. Sen tragikoa giza kontzientziaren zimendua dela esan dut. Zein da zimendatzailea? Hori da galdera. Bestela esanda: zein ahalmen berri jaso dute gizakiek bizitzari buruz sen tragikoa garatzeko?

Mintzoa? Sen tragikoak mutu bihurtzen gaitu, ikuspegi berriak sortzen dizkigun izuak eta harridurak hitz guztiak uxatzen ditu eta. Gainera – eta hau da zinezko arrazoia – mintzoa, mintzo adimentsua, azkeneko hominidoek ere bazuten. Baina haiengan intuizio tragikoa ez zen agertu. Mintzoa, bada, ezin da izan bilatzen dugun giza kontzientziaren zimendatzailea. Eta  mintzoa intuizio tragikoaren zimendatzailea ez bada, zein ote da?  Zerk ahalbidetu zuen – eta zerk ahalbidetzen du – jatorrizko intuizio hura? Zergatik sapiensek izan zuten intuizio hura eta besteek ez? Zergatik ez dagokio intuizio tragikoa homo sapiensi baino eta ez beste mintzodun adimentsuei ?

Gourmet filosofikoak suntsitze prozesua gogoko du batez ere. Descartesen zalantzak printzipio guztien suntsitze prozesua betetzen duen bitartean gourmet filosofikoa bere saltsan dago, baina Descartes Jainkoaren esentzia eta existentzia argitzen tematzen denean, deseroso samar sentitzen da; izan ere, froga horietan gezurraren itzala sumatzen baitu. Halako zerbait gertatzen zaigu sen tragikoarekin. Oinarrizko intuizioa, bizitza eta natura bere horretan apaindurarik gabe erakusten diguna, gogoko dugu. Baina “jendetasun” hori agertzen denean, deseroso sentitzen gara, alegiazko mundu hori kristautasunak saltzen duen munduaren antzekoegia baita. Eta guk, Nietzscheren antzera, bizitzari biluzik eta babesik gabe aurre egin nahi diogu.Horregatik, bizitzaren oinazea sorgortzeko farmakoa delakoan, alegiazko mundua arbuiatzen dugu.

Baina, lehen esan dudanez, auzian dagoena ez da alegiazko mundu horren helburua edo zentzua zein den galdetzea, baizik eta zein funtzio betetzen duen eta, batez ere, zer den mundu hori sortzeko ahalmena duena. Eta berriro mintzoa agertuko da alegiazko mundu horren sormena argitzeko asmoz (hori da, adibidez, Nietzschek hobesten duen azalpena). Baina berriro zalantzan jarri beharko dugu mintzoaren papera. Izan ere, azkeneko hominidoak ere mintzodun adimentsuak ziren baina ez zuten inolako alegiazko mundurik sortu. Eta berriro galdera hauek burura etorriko zaizkigu:  Mintzoa izan ezean, zerk ahalbidetu zuen – eta zerk ahalbidetzen du – alegiazko mundua asmatu eta sortzea? Zergatik ez dute alegiazko mundua asmatu beste mintzodun adimentsuek? Zergatik ez dagokio alegiazko mundua homo sapiensi baino? Zein ahalmen berri jaso zuten gizon-emakumeek?

 

 

Idazkera
Galo

FILOSOFO OHIA