Sarraskiak

Sarraskiak –

Sarraskiak

Zelenski Ukrainako lehendakariak Gernika aipatu digu, errusiarrek bere herrietan egiten ari direnekin alderatzeko, eta horrek bide eman du hango eta hemengo, atzoko eta gaurko, sarraskiez mintzatzeko.

Gernikari gorri separatistek eman zioten su. Hori kontatu zuten faxistek. Hori sinetsarazi nahi izan zuten, haien lotsaizunak ezkutatzeko. Aitzitik, gezur galant hari buelta eman zitzaion, eta egun, frankista amorratuenak kenduta, inork gutxik sinesten du gezur hura.

Egunotan Ukrainako Butxa herrian sarraski ikaragarria gertatu da. Lerrook idazterakoan 340 zibilen gorpuak aurkitu dituzte eta baliteke askoz ere gehiago aurkitzea. Baina nork egin du sarraski hori? Erantzuna oso erraza omen da: errusiarrek egin dute. Hori erran digute hemen, aho batez. Eta hala izanen da. Baina errusiarrek ukatu egin dute halako sarraskirik egin izana.

Bistan denez, bi aldeetako batek sekulako gezur galanta bota du. Baina nork? Nori sinetsi behar diogu deus ere baieztatzeko aukerarik ez dugun herritar xumeok?

Neuk, bederen, ez dut bietako inori ere sinesteko batere ahaleginik egin nahi. Nahikoa da. Geldi ditzatela gezurrak, geldi ditzatela sarraskiak, geldi dezatela gerra.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko martxoaren 6koa]

Sarraskiak

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

3 pentsamendu “Sarraskiak”-ri buruz

  • Azpilikueta jauna, Ukrainian Euskadin 36an bezala inperioek esaten dute gezurra: Francok esaten zuen eta hil arte horrela mantendu euskaldunok erre genuela gure hiri sakratua. Errusoek esaten dute ukrainiarrek ukrainiar herritarrak hil dituztela sarraski hori errusiarrei leporatzeko.
    Gerra batek intoxikazio informatibo galanta ekarri dezake baina gauzak argi daudenean argi daude. Bucha-n bizirik iraun dutenek argi diote zeintzuk diren hiltzaileak eta halaere hemen Franco-ren bertsioari sinesgarritasuna eman nahi zaio.

  • Sarraskiez gezurrak esatea edo sarraskiak argi eta garbi daudenean zalantzak barreiatzea ez dakit oso oso desberdina den.
    Ez dakit ba zure azken esaldiko aldarrikapen “bakezale” horien atzean ez omen dagoen helburu perbertsoren bat: biktimak eta erasotzaileak maila berean ipintzea adibidez

  • Gernika eta Gernikarrak Gernikarrek erretzea eta sarraskitzea zentzugabekeria litzatekeen bezala, Ukrainarrek ukrainarrak sarraskitzeak ez dauka inolako zentzurik. Askoz logikoagoa dirudi militar inbaditzaileek egindakoa izatea ezta?
    Kazetari mordoa joan da Buchara, bertako jendearekin hitz egin dute… Hori dena ere muntaia da noski.
    Euskal Herrian bagara ehunka familia Txernobilgo istripuaren ondorioak jasaten dituzten Ukainako haurrak hartzen dutugunak. Badugu hango familiekin harreman zuzena, eta, jakin badakigu, hango herritxo askotan ere jendea tirokatu dutela.
    “ez dut bietako inori ere sinesteko batere ahaleginik egin nahi” diozu. Libre zara nahi duzuna egiteko, baina gertakizun larri hauek kezkatzen bazaituzte, badauzkazu erantzunak bilatzeko bideak. Gernikakoa barkaezina izan zen. Buchakoa eta ukrainako beste herrietakoa ere bai. Eta noski, munduko beste edozein lekutan gertatzen diren sarraskiak ere bai.