Sarkozy ez dabil onenean hurrengo Presidente izateko

MzE1Nw==

Abuztu hondarreko egunetan argitaratutako ale publizitario batean, egunkari eskuinzaleak honelaxe dakar titular nagusia: “2012: M. Sarkozy est il encore le meilleur candidat de la droite?” Alegia, Sarkozy jauna ote den eskuinaren hautagairik onena 2012ko presidentzialetarako.

Lehenago argitaratutako artikulu bat da berez, baina berriro hautatu du lan bera egunkariaren publizitatea egiteko orduan. Esanguratsua egin zait oso.

Le Mondek dioenez, Sarkozyren gabinetearentzat lan egiten duten adituak ere komentzituta daude inoizko popularitaterik kaxkarrena duela gaur Frantziako Presidenteak. Sarkozyk, ordea, honela defendatzen du bere burua: “Estatuburuaren lanean, badira erabaki batzuk zuzenak izan arren jendearentzat desatseginak direnak. Dena ezin da popularitatearen arabera erabaki”.

Nolanahi den, badaezpada hartuak ditu zenbait neurri. Uda honetan ez da ohi duen bezain ugari agertu hedabideetan, erregulartasunez errezibitu ditu parlamentariak, ez ditu eskualdeetara eginiko bidaiak deskuidatu, oso neurtuak eta bakanak izan dira bere agerraldi publikoak… Egia esanda, urte hasieratik gutxitu ditu agerpenak, baina hain izaten dira entzutetsuak egiten dituenak, jendea ez dela oraindik egiazki aldaketaz ohartu.

Beste Sarkozy bat.

Esan liteke “beste Sarkozy” bat izan dela uda honetan Frantziak ezagutu duena, nahiz eta Errumaniarren aferarekin, hautsak oso harrotuak ibili diren ostera ere.

Kanpainetako profesionalek diotenez, “presidentegarri” egin behar da ostera Sarkozy, arrakastaren tenpoa berreskuratu, berarekiko zalantza eta ezinegona uxatu… Ez dirudi lan erraza, diogun bezala, le Monde berak ere kolokan jartzen badu Sarkozyren hautagaitza 2012erako.

Villepin garrasika dabil.

Dominique de Villepin, Lehen Ministro ohia, eta République Solidaire-ko burua, zarataka hasten da aukera duen bakoitzean. Le Monden bertan egin du azkenekoz, Abuztuaren 23an. Lotsa orban bat geure banderan izeneko artikuluaren bitartez.

Estatua eta nazioaren artean haustura ari dela gertatzen dio berak, besteak beste. Inmigrazioaren aurka azkenaldian hartutako erabakiak —errumaniarrak kanporatzea bereziki—, akats morala dela, Frantzia eta Errepublikaren aurka denen artean burututakoa. Lotsatzeko moduko zerbait Frantzia Handiarentzat eta herritar fratses guztientzat, antza.

Baina ez dadila inor mea culpa kolektibo hori benetan sinesten hasi. Villepin ez da hain inozoa eta badaki noren kontra tiratu: “errepublikar frantziar guztiok dugu zeregin bat, hydra bihurtu den Presidentearen eta bere gortesauen aitzinean…”

Arraioa, balak baino, bonbak dirudite Villepinen hitzok.

Eta ezkerra?

Ematen du ezkerreko jendeari iritsi zaiola elkarlanerako txanda, gauzak ondo egiten badituzte, parada ezin hobea ukango dutela presidentziara iristeko. Nola baina?

Liberationek dioenez, Strauss-Kahn sozialista eta Munduko Moneta Erakundeko Presidente denak, errazki gainditzen du Sarkozy popularitate kontuetan, baina inork irudikatzen al ditu sozialista frantziar guztiak, Segolen Royale tarteko dela, Strauss-Kahnen hautagaitza adosten?

Berrikitan esan du sozialisten damak, bera dela botu gehien lortzen dituena sozialisten artean eta oraindik ere ez dagoela bera baino hoberik presidentetzarako sozialisten artean. Ordea, perzepzioa da, Segolen Royale primerakoa izan daitekeela, batez ere,  sozialisten balizko aukera apurrak zapuzteko.

Eta are zailagoa dena, inork irudikatzen al ditu Daniel Cohn Benditen berdeak, eta gainerako alderdi ezkerrekoak eta obreristak —Besancenot trotskysta tarteko—, Strauss-Kahn bezalako burgeskote bat defendatzen? Ez ote dute askoz hobea indar handiz datorren Eva Joly izarraren mesedetan biltzea ahalegin guztia?

Amaitzeko.

Ematen du ezin ukatuzkoa dela Sarkozyk zailak baino ia ezinezkoak dituela gauzak 2012rako. Bere izateko moduak eta hartutako erabakiek, kokoteraino dute Frantziako gizartea. Ez da ahantzi behar, gainera, eskuinak nola saldu zuen Sarkozy bere egunean, Frantziako ekonomia bere lekuan jarri ahal izango zuen politikari bakarra balitz bezala…

Ikusteko dago bera izango den eskuinaren hautagaia ala Villepinek bezala, bere gortesau zenbaitek egingo ote dion aurre, aukera ikusitakoan. Xabier Bertrand UMPko Idazkari Nagusiak, esaterako

Eskuinaren ageriko zaitiketa horrek, ordea, ez du esan nahi ezkerrak bidea guztiz laua daukanik. Eva Jolyek sorpresa bikaina eman dezake, ustelkeriaren aurkako duen irudi bikainarekin, baina, betiereko zatiketa ugariei egin beharko dio aurre Frantziako  ezkerrak. Lehenik Partidu Sozialistaren baitan eta bigarrenik, Europe Ecologie eta ezkerreko gainerako indarren arteko aliantzak topatuz.

Auskalo, beraz.

Irudia | Sarkozy, buru makur | Virginia Manso | Creative Commons By SA
Errepublika, Frantzia, sarkozy
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Sarkozy ez dabil onenean hurrengo Presidente izateko”-ri buruz

  • Prentsaren segizioa zabalagoa da, urte luzea darama ere Figarok gertutik markatzen Nicolas txikia (eskuin klasikoari ez zaio ostiarik gustatzen hungariar NYPDtarra). Bestalde bobo-progreen mamuek ez dute alternatibarik, hau da, akaso sozialki Sarko Ségo baina hobea da, argi utzi duena da II.MGak erdisuntsitu zuena (deGaullek simulakroa eginaz irudi aldetik zeozer salbatua) suntsitzera datorrela amerikarsionismoaren gudari mundializatua. Hori delako alde nabarmena itxuran eta mamian, Chiraquie-a amaitu arte gobernuetan atlantista eta golisten arteko oreka mantendu zen, bereziki atzerri politikan France-Afrique neokoloniala, Frankofonia, herrialde arabiarrekiko hurbiltasuna eta abarrekin (Irakera ez joatearen azken adibidearekin). Azken hau supituki lurpertzeko etorri zaigu, esaterako, Kouchner aberats-progrea (diot, Irakera eraman nahi baitzuen garaiko sozialdemokratak Frantziako armada).
    Ostantzean sistema presidentzialak jada duen monarkiaren itxura areagotu du Sarkolènek: papier-coller multikolorea irudi hutsez osatua eta bereziki antisoziala (jakinaren gainean frontisten milioi eta erdi bozka izan zituela segurtasun paranoikoa bultzatuz). Kontua da, milioi eta erdi horri gutxi gustatuko zaiola orgia kosmopolita sozietal hori (beltz bat zeinaren elementu inportatea Paris Matchentzat den Yidish abeslari baten bikotea dela, banlieuetako arabiar aparatxkia, 68tar neoliberal burgesak) eta ez diola babesa emango datozen hauteskundeetan (eskualdekoei so).
    Sozialdemokratak gaizki dabiltza eta horren erreskaterako dator birziklatu adurti Con Benit (ergel santua?), atzo gorri gaur berde, atzo pedofilo gaur askatzaile, betibeti merkatu librearen zerbitzura.
    Ezkerraren ezkerrean ere miseria asko, NPAren frakasoa (Besancenoten mediatizazio pertsonalista), PdG-PCF-Alternativen Front de Gauchen arrakasta ñimiñoa.
    Enpin, Galia ez dela zena AEBren subditu indartsu denetik.
    La France est morte, vive la France!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude