Sare Sozialak erregulatu behar dira?

saresozialakzentsura

Azken egunotan, Isabel Carrasco PPko Leongo Diputazioko buruaren hilketa dela eta, sarean irakurritako iruzkinen karietara, mahai gainean jarri digute gaia. Sare sozialak erregulatu behar omen dira orain. Ez dugu urrun, “terrorismoa goratzea” leporatuta duela ez asko egindako ‘sarekada’. Baina ez ote da sorgin ehiza, justizia gosea baino gehiago?

Bolo bolo dabil gaia. Jose Martínez Olmos PSOEko diputatuak bere blogean idatzi du aferaren inguruan (hemen). Eta halaxe dio, sareotako erabiltzaile sutsu den Granadako politikariak: “Sare sozialak erregulatzeko unea iritsi dela iruditzen zait, denak ez baitu balio. Are gutxiago bortxara deitzen denean edo pertsonak zein erakundeak laidotzen direnean”. Rosa Diez UPyDko buruak ere ildo beretik egin ditu adierazpenak. Bere ustez sare sozialak erregulatu behar dira, “jendaila horren zigorgabetasunarekin amaitzeko”. (hemen) Baina kontua ez da berria, beste herrialde askotan ere aspaldidanik ari dira eztabaidan.

Hedabideak vs Sare Sozialak // Boteretsua vs Herritarra

Konstituzioak finkatzen dituen oinarrizko eskubideak ez al dira nahikoa erregulazio sare sozialentzat? Hedabideek ere ez dute aparteko kontrolik Espainiar Estatuan, Konstituzioak ustez bermatzen dituen oinarrizko eskubideen gaineko kontrolaz gain. Hauek ere ez dute behar  erregulaziorik? Beste herrialde batzuetan hedabideen gaineko kontrol hertsiago bat ezartzen da, sistema espezifikoak medio (Erresuma Batuan esaterako).

Hedabideak errazak dira kontrolatzen,
sare sozialak aldiz ezin dira nahieran gobernatu

Politikariei bonbila piztu zaie orain. Beldurtzen hasi dira eta sare sozialen erregulazioa eskatzen dute lau haizetara, enpresa pribatu eta inbertsoreen esku dauden hedabideen kontrola eskatzen ez duten era berean. Hamaika dira gainera komunikabideek publikatutako gehiegikeriak, baina berdin dio, hauek erraz kontrolatzen baitituzte. Sare sozialak, aldiz, ezin dira nahieran maneiatu. Salbaiak dira. (Salbuespen interesgarria Rafael Correarena: Enpresa handien aldetik jasotako injerentziak medio, Ekuadorko presidentea hedabideen erregulazioaren defentsore sutsua da. Eta hemen.)

1399964014018

Diskurtso hau errotik moztu behar da, sare sozialen erregulazioa ez baita herritarron eskubideen murrizketa bat gehiago baizik. Herritarrak are gehiago  domatzeko saiakera, traba gehiago jarriz sareari eta adierazpen askatasun espontaneoari. Honek ez du esan nahi dena libre denik: oinarrizko eskubideren bat urratua izan dela uste duen pertsona edo kolektibo orok beti du zabalik epaitegien bidea. Halako aldez aurretiko kontrolek autozentsura bilatzen dute. Ezetz diot nik, sare salbaiaren alde!

 

 

Gaiaren inguruan publikatu direnak:
Huffington Post: ‘Sare sozialen bidezko irainen gaineko kontrola zorroztu?’
Asuntos del Sur: ‘Argentina: Sare sozialen legez kontrolatu eta erregulatu’
Genbeta: ‘Beharrezkoa ote sare sozialak erregulatzea?’
SDP Noticias: ‘Mexiko: Beharrezkoa da sare sozialak erregulatzea’

carrasco, sare-sozialak
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude