Saharara Hiru Miru heldu da

Saharara Hiru Miru heldu da –

Saharara Hiru Miru heldu da

Espainian inoiz egon omen den gobernurik aurrerakoienak armak eta ibilgailu blindatuak bidali eta bidaliko ditu Ukrainara, bertako herritarrek euren burua defenda dezaten konkistatzaile atzerritarren aurka. Era berean, Espainian inoiz egon omen den gobernurik aurrerakoienak Mendebaldeko Saharara armak eta ibilgailu blindatuak bidali eta bidaliko ditu bertako herritarrek euren burua defenda dezaten konkistatzaile atzerritarren aurka… Oh, wait! Ez, bada! Marokoko indar armatuek bertako sahararrak zanpatu eta zapaldu ditzaten.

Bestelako materiala bidali berri da Euskal Herritik Saharara, zeren eta hitza da gure arma bakarra, sahararrak kulturaz blindatzeko. Erdi baztandar erdi txantrearra den Kris Domeño lagunari esker, Hiru Miru izeneko album ilustratua heldu da Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako liburutegietara. Euskaraz idatzitako ipuin hori, Maite Ramos Fernandezek ilustratua, arabierara eta gaztelaniara itzulia izan da, hurrenez hurren, Sidahmed-Ergueibi Mohamed-Maaruf-en eta Koro Azkona Huercanosen eskutik.

Hiru Miru, elkartasunaren metafora, hemen ere salgai dago, Aaiun-en eraiki nahi den liburutegirako dirua biltzeko asmoz. Bost kanpamentuetatik lautan daude liburutegiak martxan… Beraz, liburutegi bat falta da, Aaiunen, eta hori eraikitzea dugu xede eta amets, Hiru Miru horiek Aaiungo errefuxiatuen kanpamentuan ere habia bat izan dezaten.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko apirilaren 26koa]

Saharara Hiru Miru heldu da

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Zer duzu buruan “Saharara Hiru Miru heldu da”-ri buruz

  • Hitza da gure arma bakarra?
    Kanpamendu etan duten Gerraren museoan beraien kontra erabilitako ‘euslolabeldun’ arma ugari dituzte… Gerra hemen hasten da.