Rouco Varelak esana

roucoEspainiako apezpikuen osoko biltzarreko irekieran, Rouco Varelak krisia eta egungo familia eredua aipatu ditu. Ez da ohiko diskurtsorik apur bat ere aldendu, abortua eta ezkontza homosexualak kritikatu ditu. Eta ezetz asmatu zein izan den krisiaren arrazoia?

Krisiaren zergatiak

“Laburbilduz eta funtsean, krisiaren zergati nagusiak balio moralen galera eta, horrekin batera, Jainkoa eta bere lege santua ahaztu izana dira”.

Horixe da. Bankuek ez dute zerikusirik izan, ezta higiezinen burbuilak ere. Dotrina kristauaren bidetik aldendu izan ez bagina, balio moralak (noren/zeren balio moralak?) komun-zulotik behera bota izan ez bagenitu, krisiak ez gintuzkeen sekula irentsiko. Jarrai dezagun herrialde islamiarren eredua, bailio moralak eta haien jainkoaren legea zorrotz-zorrotz jarraitzen duten herrialdeak. Horiek ez dute krisirik izan.

Krisiaren ondorioak

“Ustelkeria politiko eta ekonomikoa, gutizia, norberaren interesa bilatzea guztiaren gainetik, giza bizitza mespretxatzea politika eta jokabide abortisten bidez, familiaren eta ezkontzaren disoluzio instituzionala eta hezkuntzaren instrumentalizazio eta hondatzea”.

Ondorio ala kausa? Ustelkeriak eta gutiziak eraman gaitu gauden tokira, Rouco jauna. Eta abortuaren, familien eta hezkuntzaren “gaitz” horiek ez dira krisitik eratorriak, gizartearen aldaketak eskatzen duen erreformaren fruitu baizik. Ongi etorri XXI. mendera.

Krisitik nola atera

“Egoera zail honetatik ateratzeko, krisiaren eragina gehien jasaten ari direnenganako karitatea eta solidaritatea handitu behar dugu. Batez ere, Cáritas eta karitatezko borondatezko lanaren bidez”.

Hori da. Bai. Hurkoa lagundu. Zergatik ez da Eliza eredu izaten hasten eta ez die bere aberastasunen ehuneko txikitxo bat (dirutza ziur asko) lanik eta etxerik gabe geratu direnei ematen? (Betikoa. Ez dut Afrikako gaia aipatu nahi, gehiegi luzatuko bainintzateke) Nola izan daiteke horren hipokrita?

Familia

“Espainian eta mundu osoan, familia- eta ezkon-kultura larri hondatuta dago indibidualismo hedonista eta positibismo juridikoarengatik. Eta horrek Jainkoarengandik eta benetako gizateriarengandik urrundu ditu”.

Familia eta ezkontza ez dira hondatu. Eraldatu baizik; egungo errealitatera moldatu dira. Indibidualistagoa agian? Bai, baina horrek ez du zertan guztiz txarra izan. Eliza, aldiz, geldituta dago. Pertsona osoak izateko gizakiak eta gizarteak oro har jada ez du jainko baten beharrik, ezta duela bi mila urte idatzitako dotrina bat jarraitu behar. Argi dago pasa den mendean balio zuenak gaur egun ez duela zentzurik. Eta hori onartu ezean, jai dugu Elizarekin.

Rouco Varelak esana, Amen. 

eliza, gizartea, Rouco Varela

Zer duzu buruan “Rouco Varelak esana”-ri buruz

  • Lotsagabe zikin hori… ze malaostin jartzen diaten apaiz, apezpiku ta aitasantu guztik. Ez leike holako gauzarik onartu gaur egun, mesedez!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude