Rohingyak, gorrototik ihes

Rohingyak, gorrototik ihes –

Abuztuaren 25 da. Oihan ixilak, epel eta buztiak, eguzkiaren lehen izpiak jasotzen ditu. Soldadu birmaniarrak esnatzen doaz, Rakhine-ko eskualde baztertuan. Hemen gauak ez dira ez lasaiak, ez seguruak, eta azken urtean tentsioak gora egin du. Gau zaintzak luzeak dira, urduriak. Eta eguzkiaren agurra beti da pozteko arrazoi. Gaur ordea, ez.

Kuartel desberdinetan, mugimendua hazten da. Kontuz, alarma oihuak, alerta. Garrasiak, laguntza eske. Erasoa. Hamarnaka gizon, matxeteak eskuetan, zaintza postuetan sartu dira. Birmaniar soldaduek azkar batean armak hartu dituzte eta erasoari aurre egiten saiatu dira. Borrokarako prestatuago daude eta suzko armak dituzte. Insurgenteek laster galdu dute ustekabeak ematen zien abantaila. Birmaniar soldaduek erasotzaile Rohingyak erailtzen doaz, banaka, gehienak garbitu arte… 59 guztira. Hala ere, 12 soldaduk ere bizia galdu dute.

Rohingyak, gorrototik ihes

Hau ez da gatazka honen lehenengo indarkeria kapitulua. Eta ez da azkena izango. Birmanian (Myanmar), 1990eko hamarkadatik munduan eman den krisi humanitario handienetariko bat ematen ari da, eta abuztuko goiz hartako gertaerek gatazka berpiztu dute, ondorio latzekin.

Guzti honen erdian, Rohingyak. Komunitate, etnia edo herri honek 60 urte inguru daramatza egoera okerrean, Birmania eta Bangladesh artean. Haien hitzetan, VIII. mendean mundu arabiarretik, mongoliatik eta bengalatik heldutako merkatariak dituzte arbaso, Arakan-eko erreinuan bizitzen geratu zirenak bidai luzeen ondoren.

XIX. mendearen erdialdean, guda anglo-birmanaren ondoren, ingelesek Arakan-eko lurraldearen kontrola hartu zuten, eta bengalar ugarien migrazioa sustatu zuten, Indiatik, Arakan-eko haranak eta oihanak populatzeko. Heldu berriak nekazaritzan lan egiten zuten eta Bengala-ko gobernu britaniarraren agintapean zeuden. Hau da birmaniar indigenek kontatzen duten historioa ere, eta ontzat ematen da.

Hemendik aurrera, gatazka. Alde bakoitzak gertatutakoaren bertsio bat defendatzen du, eta nork zer, noiz eta zergaitik egin zuen jakitea zaila. Lurralde urruna da, baztertua, eta lortu dezakegun informazioa mugatua da. Gorrotoak, minak eta denborak bertsioak okertu egin ditu, eta kontu handiz neurtu egin behar dira hitzak, egiari zor.

Izan ere, 1940ko hamarkadan, India musulmana Pakistaneko estatua sortzera bideratu zen. Estatu hau Indiaren mendebaldean zegoen, eta Indiaren ekialdean Ekialdeko Pakistan, gaur egungo Bangladesh, sortu zen. Arakan-eko musulmanek estatu berri honekin bat egiten saiatu ziren, mugimendu independista bati jaiotza emanez. Bitartean, bigarren mundu gerraren alorrean, britaniarrek armamentua eskaini zioten Arakan-eko musulman bengalarrei, japoniarren aurka egin zezaten. Hauek, ostera, Arakan-eko budisten kontra erabili zituzten. Burututako sarraskien artean, 1942ko martxoan eraildako 20.000 budista, herri eta herrixka ugariren suntsiketan.

Independistek Pakistanen ezetza jaso zuten Arakan beretzeko, Pakistaneko estatuak Birmaniar kontuetan ez zuelako eskurik sartu nahi. Horrela, Arakan-eko musulmanek yihad-ari heldu zioten, estatu islamiko bat sortzeko helburuarekin. 1947an Mujahid alderdia jaio zen, aurreko helburuak betetzeko asmoa zuena, eta 1950eko hamarkadan “Rohingya” izena erabiltzen hasi ziren. Izen honek Arakan-eko musulmanak Birmania eta Arakan bertako indigenak direla esan nahi du, eta ez bengalarrak edo ez beste edozein lekutik datozen heldu berriak. Birmanian Ne Win generalaren estatu kolpearen aurretik (1962), Rohingyen aktibitatea oso handia izan zen, baina generalak hurrengo hogei urteetan errepresio izugarria ezarri zien. Akziorik ezagunena Errege Dragoi Operazioa da, 1978. urtean burututakoa. Sarraski honek Rohingyen ihesa eragin zuen lehenengo aldiz era masiboan, Bangladesh-eko muga zeharkatuz.

Gaur egun, Arakan-en biztanleen erdia musulmanak izan daitezkeela uste da, eta honek mugimendu armatu berrien sorrera ekarri du, ARSA (Arakan-eko Salbazio Armada Rohingya) edo Harakah al-Yaqin bezalakoak. Hauek aktibitate fase desberdinak izan dituzte, baina 2016ko azaroan biolentziak indarra hartu zuen berriz ere, eta aurtengo abuzturarte tentsioa hazi besterik ez da egin.

Rohingyek 1978tik (Amnistia Internacional-en hitzetan) jasan behar izan dituzte giza eskubideen edozein motako urraketak, estatu birmanoaren eskuetan. 2012ko maiatzetik, 969 Mugimendua deituriko talde islamofoboaren indarkeria pairatu dute baita ere, hainbat eraso burutu dituenak eskualdeko musulmanen kontra. Mugimendu hau Ashin Wirathu monje budistaren jarraitzaileak osatzen dute. Honen ustez, Rohingyak atzerritarrak dira Birmanian, eta zapaltzen ez badituzte islam-a estatu osoan zehar zabalduko dute. Horregaitik Rohingya asko eta asko ghettoetan bizi dira Rakhine-ko eskualdean (antzina Arakan zena), eta haien liderrek sufritzen ari diren apartheid-a salatu dute komunitate internazionalaren aurrean hainbat alditan.

Rohingyak, gorrototik ihes
Rohingyen desplazatu esparruak Bangladesh-en.

Azkenengo gertaerek, ostea, aurrekaririk gabeko krisia eragin dute eskualde osoan. Rakhine-ko eskualde birmaniarrean bizi den egoera latzak abuztutik hona 600.000 pertsonen ihesa eragin du. Birmaniar ejerzitoak erabateko erasoari ekin dio, herri osoei su emanez, “terroristen bila”. Rohingyek aurreko belaunaldien bidea jarraitu eta Bangladesh-era zeharkatzen saiatu dira, baina mugaren beste aldean gainezka egiten duten desplazatuen esparruak, gosea eta bizi baldintza penagarriak besterik ez dituzte aurkitu. Bangladesh-eko estatua eta gobernuz kanpoko erakundeak erlojuaren kontra ari dira lanean heldu berri guztien egoera hobetzeko, baina dagoeneko badakite guztiak ezingo dituzte bertan hartu.

Horregaitik, milaka lagun itsasontzietara igo dira Birmania eta Bangladesh-eko portuetan, Indonesia, Thailandia eta Malaysiarako bidean. Herrialde hauek haien mugak itxiz joan dira banan-banan, Rohingyak ez direlako birmaniarrak, ez dira inmigranteak. Ez dira Bangladesh-darrak ezta ere. Arazoak besterik ez dira. Eta azkenengo irudiek itsaso erdian abandonaturiko itsasontziak erakusten dizkigute, non milaka persona gosez eta egarriz hil egiten diren, nora joan ez dutela.

Rohingyak, gorrototik ihes
Rohingyek ihes bide berriak bilatu behar izan dituzte.

Urteetan zehar gutxinaka sukaldatzen joan den gatazkak azken asteetan eztanda egin du. Eta genozidio edo garbiketa etniko baten aurpegia erakusten digu. Monje budista extremistek eta hainbat mugimendu politikok Rohingyen humanitatea deuzesten joan dira denboran zehar, aurkari arriskutsu bat irudikatuz. Birmaniar estatua eta bere fedea erasotzaile musulmanen aurrean defenditzeko beharra sortu dute, historian beste hainbatetan gertatu den bezala. Ruandan edo Bosnian bezala, talde etniko baten garbiketa burutzeko osagai guztiak batu dira urteetan zehar, eta inor ez da gai izan arazoari konponbidea bilatzeko. Beste behin ere, gorrotoak, beldurrak, ezjakintasunak eta interes bideratuek neurrigabeko hondamendia eragin dute, aurreikusteko modukoa zen egoera batean.

Rohingyak, gorrototik ihes

Zer duzu buruan “Rohingyak, gorrototik ihes”-ri buruz

  • Birmanian hamarreko gutxiengo etnikoak ari dira bizitzen. Haietako guztiak (bat ez ezik) Birmaniako bizitza sozialean bertakotu eta hiritartasuna lortu zuten orain dela asko, gainontzeko kolektibo etnikoei inongo arazorik eragin gabe.

    Aldiz, rohynja kolektibo musulmandarrak, Europan haien anaiek izaten duten jarrera sektarioari eustea erabaki zuten eta, hemen bezala (baino konplexu askoz gutxiago dituen herri batean), hori oraintxe behatu dezakegun egoerara eraman gaitu. Hortaz, Birmanian beraiekin konponbide logikoena aurkitu egin dutela iruditzen zait. Nirekin ados ez egotekotan, zuen etxeetan hartu ditzazkezue.

    PD: Rohynekin egon den azkeneko gatazka, hauek mugan zeuden postu militarrei eraso egin zietelako hasi zen. Benetan jende baketsu baten aurrean gaude seguru.