Pozoitze karbonikoak ditut faltan

Pozoitze karbonikoak ditut faltan –

Plazerretan plazerra da horren mendera erori denarentzat. Bapo bazkaldu eta azkenburukorako osagarri ezin hobe bilakatutakoa. Oporraldirako bidaide prestua eta atsegina da, bidai luzeetan, gainera, arranguratsu agertu ohi ez denetarikoa. Eta ├▒aka egin ostean lagun aparta, tirriki-tarraka atea joz erlaxamendurako une hori ospatzeko asmotan datorrena beti.

Tabakoak, zarpalki, zenbait egoeratan gozamen-ukitua eskaintzen digu, aitzakia horretan adio esan beharra zaionean ez adiorik esateko. Ez dakigu gure bizitzako gainerako plazerrek iraungo ote duten hainbeste urtez gure bidelagun bihurtutakoa agurkatuz gero. Pentsatzen dugu hura gabe marmarka igaroko dugun bizialdia daukagula aurretik: hitsa, goibela, nardagarria. Hondoa jotzekoa, gero.

Bizkitartean, zigarrotxoa piztea, hausterrea astintzea eta mutxikina zapaltzea dator betiko legean. Ekintza sistematiko eta ohiko bilakatzen da hori, eta zinezko ero eta zinezko burtzoro gozamen hutsa izango zelako uste okerrean, tabakoak hartzen du gure jarduera guztietan agintzeko potestatea. Norberak hala baimenduta menturaz. Aspaldi, bada, gauzek okerrera eginez gero kontrola ezarriko zuela bermatu zigulako; gure panazea izango zela eta atsekabetutako balizko gizagaixooz urrikalduko zela zin egin zigulako.

Baina, urrikaldu baino, anker jokatuz gozatu du amildegira zuzendutako bidezidorra ereintzen; gu begiratuz, sorgor, itsasargian zerumuga iluna behatzen duen farozainaren antzera, zerbaitekin tupust eginda malkarretik behera noiz eroriko garen ikusteko prest. Eta hartara arte, izukaitz oso uste dugu, beren agintzak sinistuz eta haren arrastoa segituz goaz, turuta-deiarekin batera soldaduak abiatu egiten ziren bezala behiala. Leial eta zintzo.

Nolanahi ere, tupust egin eta erortzeko zorian egon den erretzaileak zapuztutako tabako-egarri hori plazertzat har dezake; ezetz esaten bidezidorraren beste bide-ertza hartzeari baietz esaten dion plazer modura. Erretzearen usadioa eta gogoa ahitu egiten dira noizbait, eta behar duen bazkarik eman gabe hil egingo dira. Gure etxeko landareei ura eman gabe hilko liratekeen moduan. Edota behiek belarrik jango ez balute hilko liratekeen moduan. Eta usadioa nazkaz akatuko dugula, gu birjaioko gara, harri batez bi kolpe egingo ditugula horrela. Nire bosgarren eguna da hauspoak garbi ditudala eta, hara hor, unean uneko pozoitze karboniko horiek faltan sumatzen ditudala. Lehengo lepotik burua. Gozatzerako deia egin ohi dit, baina ezetz esan ohi diot. Bestelako bide-ertza hartu dudala adierazten diot, tupust egiteko harririk ez duen hori. Adio.

Pozoitze karbonikoak ditut faltan Pozoitze karbonikoak ditut faltan
osasuna, tabakoa
Urtzi Arriola

Unean burura datorkidana irakurriko duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude