Pottokiak ez daude kritiketatik salbu

Pitufo_NegroKristalaren arabera gauza bera desberdin ikusten omen da. Horixe bera gertatu zaio marrazki bizidunetako Pottokien munduari. Antoine Bueno irakasleak “Le petit livre bleu, analyse critique et politique de la société des Schtroumpfs” liburua argitaratu berri du Frantzian.

Marrazi bizidunetan pottokiek duten gizarte sistema eta baloreak aztertu ditu, eta, ez dituzte lore askorik jaso: arrazistak, totalitarioak eta antisemitak omen dira. Gaiztoak beltzak dira, emakumea ilehoria da, Pottoki Aita sakratua da… Ironiaz gehitu nuke… terroristak direla! Euskaraz ere hitz egiten dute eta… galdetu bestela Patxi Lopezi.

1958an “Peyo” marrazkilariak Pottokien ideia koloretara eraman zuenean ez zuen halakorik esperoko. Haren heriotzatik ia hamar urte igaro direnean, garaiko estereotipo eta ideologien arteko borrokan sartu dira pottoki txikiak, Tintin bezala. Belgikarrek Kongon egindako astakeriak ez dituzte berehala ahazten eta damu hori betirako soinean eramango dutela dirudi.

Hala ere, albiste bitxia bada ere, ez da hain gauza harrigarria. Haurrentzat zuzenduta badaude ere, filme edo eleberrietan agertzen diren estereotipoen elementuak aurki daitezke. Fikzio generoak errealitatetik jasotzen du, eta gizarte arrazista batean logikoa da istorioak halakoak izatea ere. Marrazki bizidunak ez daude gizarte ideologia menperatzailetik kanpo. Ez da hainbeste autoreak borondatez hori egin nahi zuela, baizik eta mezua ulertzeko bitarteko eraginkorrenak/estereotipatuenak iruditu zitzaizkiola. Ezer ez da inuzentea…

Kontu honek jakinmina piztu badizu, hemen dituzu Pottokien euskarazko hamaika kapitulu.

2 pentsamendu “Pottokiak ez daude kritiketatik salbu”-ri buruz

  • Antisemitak?¿ Semitak agertzen al dira ba?¿

  • Amonamantangorri 2011-06-03 23:37

    Nik nonbait entzuna dut pottokien mundua gizarte komunista ideala dela. Eta denen buru, aitona bizarzuri txapelgorria, Karl Marxen antz handikoa.