Politikaren denbora (Sahara)

Sahara

Unibertsitate garaia faltan sumatzen dut maiz. Ez herriagatik, edo unibertsitate beragatik, ezta, gezurra irudituko zaizuen arren, parrandengatik (horretan ez dugu erritmoa jaitsi oraino); lagun talde ederra bildu ginen, adiskide koadrila ederra, elkarren artean ondo baino hobeto konpontzen zena. Badakizue zein izaten den betiko istorioa horrelakoetan: karrera bukatu eta mundu guztiak esaten du “bai, bai, egon behar gara, plan hau, bestea”… Baina gero kontaktua galdu eta kito.

Zorionez, gure kasua ez da hori. Harremana mantendu dugu, eta behin baino gehiagotan biltzen gara urtean zehar. Planak planeatu eta gero egin egiten ditugu. Duela gutxi egin dugun parranda batean normalean baino gehiago bildu ginen, eta ondorioz, ohikoak direnak baino txutxu-mutxu gehiago izan genituen mahai gainean: batak eta besteak izandako pasadizoak, bikote berriak, hausturak, lanpostuak, langabeziak… Baina bereziki zer pentsatua eman zidana urruti ziruditen gauzak ziren: hipotekak eta umeak. Lehenarekin ezkontzeko asmorik ez daukat, ezta bigarrenak izatekotan ezkontzeko beharrik ere; dena den, hori bera zioten askok duela gutxi. Gutxi? Ez dakit, bazirudien atzo goizean geundela unibertsitatean elkarrekin, eta horrelako kontuak mintzagai izanda ohartu naiz denbora biziki azkar doala aitzina. Ez dut sekulako aurkikuntza egin, badakit bizitza azkar doala eta hori dena, baina gisa honetako adibideek belarrondoko bat eman eta irudikapena gorpuztu eta muturraren parean jarri ohi dute; horrek bertigo apur bat eragiten du.  

SaharaPasa den maiatzean hil zen Mohamed Abdelaziz, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko lehendakari eta Fronte Polisarioko idazkari nagusia. Gure aita eta bera lagunak ziren gaztetan, eta haiek ere beren arteko harremana zaindu eta mantendu zuten urtetan, heriotzak amaiera jarri zion arte. Lehenik gure aita joan zen, eta ondoren Abdelaziz. Bizitza osoa, osoa, borrokan pasa zuten biek, eta ez bata eta ez bestea ezin izan dira Sahara aske batera itzuli. Ez dut uste hori pentsatuko zutenik hogei eta gutxi urterekin bide luze hari hasiera ematerakoan.

Ni euskalduna naiz, hemen jaio nintzen, hemen hazi naiz, eta hau da nire borroka esparrua; baina dagokidanez, eta errespetu osoz, nire iritzia emango dut. Hauteskundeak egongo dira, eta jende ezberdinak aurkeztuko du bere burua, baina funtsean Saharako askapen mugimenduak badaki bake prozesuak porrot egin duela. Ez da erreferendumik ospatuko kondizio hauetan; hori ulertzeko 26 urte aski eta sobera izan direla deritzot. Orduan zer, harresiaren aurka jotzera itzuli bi armada parez pare jarriko dituen gerra ireki batera? Zertarako? Kasu onenean, berriro erreferendum prozesu bat abiatzeko? Zenbat iraungo du guzti horrek, beste 26 urte? Nazio Batuez ahaztu gaitezke, aise denbora izan dute beraien inkonpetentzia izugarria agerian uzteko.

Orain arte bi bide jorratu ditu askapen mugimenduak, gerra irekia eta “bake prozesua” (eta bietan, aldi berean, diplomazia). Fronte Polisariok proposamen politiko eraberritu bat jarri behar du mahai gainean, hirugarren bide bat eskaini; hirugarren aukera bat, edo aurreko batekin nahastuta. Denbora gehiegi egon da ura geldirik, eta zingiratzen hasia dago; erreka behar du basamortuak. Garbi dago estatu marokoarra irrikaz zela horrelako agertoki bat lortzearren, ezerezarena, urtea joan eta urtea etorri aurrerapausorik gabekoa, higadurarena; Madril joko bera egin nahian dabil, eta Saharako kasua erakusleiho horren arrakastaren isla da. Zeren eta, bai, estatu marokoarra hiltzailea, torturatzailea, lapurra eta nahi duzuen guztia da, estatua da egoera honen eta eragin duen min guztiaren erantzulea; baina aldi berean onartu behar da Fronte Polisario ez dela gai izan azken urteetan blokeo egoera hori gainditu eta Marokorekiko indar harremanak sahararren aldera iraultzeko, lehen bezala.

SaharaHasanna Aalia sahararrak duela urte batzuk egin behar izan zuen ihes Sahara okupatutik, eta orain gure artean bizi da. Militante modura errespetatzen dut, eta lagun bezala maite. Berak ere hogei urte inguru zeuzkala hanka egin behar izan zuen bere etxetik, Abdelazizek eta nire aitak aurretik egin zuten antzera. Ez dut pentsatu ere egin nahi egun batean ez naizela Aaiun aske batean paseatzen arituko Hasannarekin; negargura ematen dit.

Sahara

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.