Politika minuskuloa

Politika minuskuloa –

Luistxo Fernandezek Ingelesen Hilerria blogean eskegia, Tapp aldizkari digitalaren 37. alean argitaratu ostean, Gipuzkoako edizioan, 2019ko ekainaren 21ean.

Artikulu hau joan den hilabetean argitaratu nuen, Ttap aldizkarian. Nire pesimismo politiko erradikalaren berri emateko uzten dut hemen (pixka bat joan den astean Hasier Arraizen liburu baten aurkezpenean entzundako optimismoak ez ninduelako inolaz ere kutsatu).
Politika minuskuloa
Josep Borrell, Europako diplomaziaren buru; dena ondo doan seinale garbi bat.

Hauteskunde ziklo luzean sartuta bizi gara azken hilabeteotan, behintzat Hego Euskal Herrian. Udaberri osoa eman dugu hauteskunde batzuekin (Espainiakoak), eta besteekin (beste hiru ondoren, maiatz amaieran: foru hauteskundeak, munizipalak eta Europakoak), eta udalbatzarrak osatu eta astebetera, beste gobernuen osaketareko matematika egiten jarraitzen dugu oraindik… Ez dakit uda ere ez ote zaigun joango horrekin.

Parte-hartze politikoaren puntu goren eta zirraragarriena behar luke izan honek. Eta egia da, bai, interesa jartzen diogula auziari. Guk ere egiten ditugu kalkuluak, alderdiei komeniko zaiena balantzan jarriz “herriari” komeni zaionarekin. Sentipen benetako eta sakonak izan daitezke aliantza batzuei diegun beldurra edo beste batzuek eragiten diguten esperantza. Baina… ez ote da azalekoa irrika eta zirrara hau? Topikoak dioen moduan, Politika Letra Larriz egin barik, ez ote da txontxongiloen teatro txiki bat geratzen zaigun politika… minuskulaz idatzia, eta minuskuloa irismenean.

Aitortuko dut: ilusio politikorik gabe bizi naiz. Eta badakit zergatik eta noiztik, anputazio bat egin izan balidate bezala sentitzen baitut. 2017ko udazkenean izan zen, Kataluniako urriaren 1eko independentzia erreferendumaren inguruko gertaeretan, mundua gainera etorri zitzaidan. Pentsakizun ilun honek hartu zuen nire gogoa: “Gogorra da hemen gertatu dena, baina EZ DA EZER gerta zitekeenarekin alderatuta”. Urriaren 1ean herritarren kontra zenbait hauteslekutan erakutsitako indarkeria, edo buruzagi katalanen kontrako jazarpen politiko-judizial bidegabea, ez da ezer Espainia egiteko prest egongo zenarekin. Zapalketa militarreraino ere iritsiko ziren, ez daukat dudarik. Girona bonbapean? Behar izanez gero, bai.

Eta baldintza horietan, Espainiatik alde egitea ezinezkoa izango zaiela katalanei, horixe pentsatu nuen. Eta zer esanik ez euskaldunoi.

Independentista naiz, baina Espainian hilko naizela konturatu nintzen. Hortik aurrera, doluaren faseetan nabil, ukaziotik onarpen etsitura eta buelta, haserrera orain, negoziaziora… Oso pelikula tristea da hau eta, tarteka jartzen dizkiguten publizitate etenetan, zera besterik ez dut nabaritzen: politika minuskuloa, entretenigarri harri-kartoizkoa.

Politika minuskuloa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Politika minuskuloa”-ri buruz