Podemos Katalunian: 4 galdera

Astebete igaro da jada, sekula iritsiko ez zela zirudien azaroaren 9 hartatik. Kataluniarrek independentzia nahi duten edo ez bozkatzeko aukera izan zuten, eta baiezkoak irabazi ostean, hurrengo pausoak doitzen ari dira Mas-en Gobernua, ERC, ICV eta CUP.

Bitartean, PP eta Ciutadans bozka unionistak monopolizatzeko leihan ari dira, eta PSC definitu gabeko federalismoaren diskurtsoarekin alternatiba zentrista bilakatu nahian, arrakasta askorik gabe.

Baina bada Kataluniaren etorkizuna argitzeko esanguratsua izan daitekeen alderdi bat, orain gutxi arte ekuazioan koka ezin zitekeena: estatuko testuinguru politikoa irauli duen Podemos. Hona lau galdera, ofizialki Pablo Iglesiasek zuzendutako alderdiak Katalunian joka dezakeen papera zein den esango duten erantzunak bilatzeko.

Hauteskunde plebiszitarioak

Aurreikuspenen arabera lehenago edo beranduago hauteskunde plebiszitarioak deituko ditu Artur Masek. baina ikusteko dago zein izango den hori egiteko formula. Zerrenda edo programa bateratuarekin aurkeztuta edo ez, independentziaren aldeko blokea CiU, ERC eta CUPek osatuko lukete, eta itxuraz, gainontzeko alderdiak, ezezkoaren multzoa izan gabe ere, baietzari bozak kenduko dizkioten aukerak lirateke. Hauteskundeok 2015 hasieran egingo balira, Podemosek bere hautagaitza ez aurkeztea balora lezake, baina zer gertatuko da halakorik egiten ez badu? PSC, ICV eta Ciutadansek eramango ez lituzkeen zenbat boz kenduko dizkio Podemosek independentziaren aldeko multzoari?

Guanyem Barcelona

Ada Colau tarteko eta Podemosen babesarekin Guanyem Barcelona hautagaitza aurkeztuko da hiriburuko hauteskundeetara. Aurretik plebiszitarioak egiten ez badira behintzat, hori izan daiteke Podemosen agerpenaren termometroa. Lortuko dute Colau eta konpainiak udaletxean toki esanguratsu bat?ada colau

CUP

Katalunian indepenentismoaz gain beste traba batekin egingo du topo Podemosek. David Fernandez bozeramaile duen CUP alderdia da Ezker Abertzalea eta Podemos berarekin batera, orain arteko politikaren alternatiba izan daitekeen bakarra. Zein neurritan estali edo mugatuko du CUPek Podemosek Espainian izango duen gorakada Katalunian errepikatzeko posibilitatea? Eta zein neurritan mujgatuko du Podemosek CUPena?

Podemos independentistak

Zaila badirudi ere, baliteke Podemosen barruan independentziaren aldeko diren multzoak eratzea, Katalunia eta Euskal Herrian batik bat. Agian fake-a izan daitekeen facebookeko talde honek esaterako, 6.500 jaraitzaile inguru ditu. Joera hau indartzen bada, nola kudeatuko lukete Kataluniako Podemos eta Madrilgoaren arteko harremana? PSOEren molde bera errepikatuko ote dute erabaki guztien erdigune gisa Madril hautatuz?

podemos

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude