PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan

PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan –

Estatuak, azpikeriaz, zitalkeriaz eta, besteak beste, Urkullu lehendakaria mandatari lanetan erabilita, Kataluniako errepublika ehorzteko diseinaturiko estrategiak porrot alimalekoa jaso du.

PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetanUrkullu mandatariak, hauteskunde autonomikoak deitzeko Puigdemont konbentzitzeko egin zuen ridikulu historikoaren ondoren, unionismo guztiari bezala, berari ere gelditzen zitzaion esperantza bakarra 155 zen. Esperantza zertarako? Etekin ekonomiko zein politikoak besterik eman ez dion eta Espainiaren batasuna zutarri duen erregimenari eusteko. Gutxi inporta horretarako erabili beharreko baliabideak. Bortizkeriaren eta etikaren inguruko lezioak desagertu dira kolpe batez.

Kargadorean gelditzen zitzaien sutauts guztia agortuta, boteretik hain errez erabil daitezkeen trikimailu, amarru eta azpijoko guztiak maltzur eta zital erabiliagatik ere, esateko moduan gara: egun 78ko erregimena da erotzear dagoena beren sustatzaileek ezarritako hauteskunde legez eta legitimitatez kanpoko hauen ondoren.

Urriaren batean, ziurrenik Europan inoiz izan den ariketa erradikalki demokratikoenak ez zeukan berme juridikorik Iñigo Urkulluren ustetan, eta hortaz ez zen aintzakotzat hartzekoa. Bere eta beste askoren jarrera doilor horrek hamaika moduz hamaika aldiz errepikatzearen poderioz ekarri zuen 155aren baitan unionismoaren inkisizio berriak ezarritako abenduaren 21eko hauteskunde autonomikoak, zertarako eta Katalunia “normaltasunera” bueltatzeko.

Hauteskunde hauek zirela eta, ordea, ez zen, ez Iñigo Urkulluren ez ezein estatu quoren sustatzaileren ahotan aipamenik ere entzun hauen berme juridikoaz, are gutxiago berme legitimo edo demokratikoez. Esaten denak baino areago isiltzen denak erakutsi digu berriro ere gure agintarien kalitate demokratikoa. Isila da kolaborazionismoak duen markarik adierazgarriena:

Generalitatea eta legebiltzarra Madriletik birrindu eta hauteskundeak indarrez ezartzea; herriak aukeratutako agintari politikoak eta gobernua kartzelan sartu eta atzerrira bidaltzea; inoiz ikusi ez bezalako estatu mailako estrategia mediatiko basatia abian jartzea, non, esan dezagun bide batez, EITBk ohi duen zintzotasunez bete duen bere papera; Kataluniako polizian eta hedabideetan esku hartze guztizkoa; herri mugimendu eta klase politikoaren kontrako errepresio bortitza; inkesten erabilera inoiz baino zitalagoa; hautetsiak kartzelatzea edo erbesteratzea; nazioartean egon den presioa eta joko zikina; beldurraren hedapen doilorra; alderdi batzuk diruz blaitzea; elite ekonomikoek irekitako frontea… Hauen guztien berme juridiko, legitimo eta demokratikoak duda mota guztietatik kanpo omen zeuden, aipamenik ere ez. Hala izan da beti: krimen antolatuak -normalean boteretik antolatzen denak- izan duen laguntzailerik fidelena isila izan da, historian. Egun ere, bizi gaituen estatu honetan hori guztia berme juridiko guztiekin egin daiteke, bai eta lehendakariak bedeinkatuta ere, 36ko gerran apaiz katolikoek kanoi frankistak nola .

Hori hala izanik ere, estatu quoren defendatzaile amorratuek jaso duten porrota historikoa izan da eta ez da egia tertuliano guztiek diotena: Katalunia erdibituta dago eta subiranismoak ez du berea gauzatzeko adina indar. Hori ez dakigu oraindik, erreferendum normal, zibiko, legezko, legitimo eta guztiz demokratiko bat baldintza berdinetan egiteko modurik izan ez delako, zergatik eta Espainiaren batasuna zutarri duen estatu quo honen sustatzailek direnak eta ez direnak egin dutelako hori ez gertatzeko. Horregatik urriaren batean zein abenduaren 21ean independentismoak lorturiko garaipena egundokoa -zenbakiek diotena baina askoz handiagoa- izan ez ezik, munduan demokrazia zer den ikasi nahi duenarentzat edo mundu hobe bat nahi lukeen edozeinentzat ikasgai alperrik pasatzen ezin utzizkoa, inola ere. Horretxegatik, hor egon den eta dagoen benetako demokrazia-biomasa handiegia izan da demokrazia hitzarekin trafikatzen urteak daramatzaten erregimen postfrankistaren sustatzaileentzat.

Baina larderiak ez du azkenik eta honen guztionen ondoren hor agertu zaigu berriro ere hiru probintzietako lehendakaria, zeinaren ustetan Katalunian gertatzen ari denak aldebakartasunaren porrota erakusten duen. Tira, maltzurrak dira guztiz, eta ez gaur goizekoak, botere-gunetik etekin politikoa ateratzeko erabiltzen diren amarruak: jostailu bat hartu, aldebikotasun hitza, aspertzeraino errepikatu, esanahiaz hustu eta azkenean guztiok nahasita, hori hala (izango) dela sinetsi. Amarruak amarru, berriz ere gogoratu beharrean gara: aldebikotasuna da katalanek urteetan eta urteetan egiten saiatu direna eta oraindik ere egiten saiatzen ari direna; aldebakartasuna berriz, Madrilen ukazioak eta larderi erabatekoak derrigortuta Katalanek halabeharrez hartu behar izan duten bidea.

Toki ederrean gelditu dira jeltzaleek aldebikotasunaren eredutzat saldu nahi dizkiguten beren negozio -eta ez negoziazio- guztiak kontzertua eta kupoa direla eta ez direla. Ezkutatu egiten digute Espainiaren batasuna ukitu ezina dela eta negoziazio guztietatik kanpo dagoela, egunotan Katalunian agerian gelditu den bezala. Aurrekontutxoren bat bai, eskumentxoren bat edo beste -hurrengo urtean kentzeko izanda ere- ere bai, hortik aurrera, Espainiako batasuna ukitzen ausartzen denarentzat, orain badakigu -lehen ere bai-: 155a edo tankeak. Kontua da jeltzaleek zorioneko batasun sakratu horretan zoriontsu bizi direla, hori ukitzeko asmorik ezta urrutitik ere ez daukatela. Logikoa da batetik, etekin mardulak ekarri dizkion estatu quoa kolokan jartzeko batere nahirik ez izatea. Hori hala dela onartu nahi ez izatea baina, logikoa ez dakit, baina zintzo, zuzena, justu, gizalegezko eta etikoa ez da batere.

Horregatik ibiltzen dira, arraia uretan nola, eskumentxoak hemendik eta aurrekontutxoak handik, hori da beren esparrua; ez hortik areago joateko esan. Rajoirentzat ere, ez dezagun ahaztu, eredu dira. Gogoaraz dezagun, bide batez, zertara doan Espainiari kupoan ematen zaion dirutza hori: 155. artikulua bazetorrela inplizitu iragartzera atera zen Borbondar haren gastuetarako, Espainiako batasuna zaintzeko ardura duen armadaren aurrekontu eskandalosoak hornitzeko edo Katalunian herriaren kontra errepresio kriminala burutzeko milaka polizia, guardia zibil eta militar eramateko eta mantentzeko gastuak ordaintzeko.

Kataluniaren egoera dela eta jeltzaleak batere komodoak ez daudela agerikoa da eta azken aldi honetan egin behar izan dituzten akrobaziak horren erakusgarri: Gure Esku Dago-ren manifan ez, baina Kataluniako manifara bai; Pariseko manifestaziora Iparraldeko jelkideren bat bidalita -denok dakigu iparraldea PNVrentzat zer den- itxurak egiteko nahikoa, baina Bruselako manifara Egibar bidaliko dute argazkian Puigdemonten bizkarra zaintzen azaltzeko. Auzo-lotsa pasatzeko modua Parisko manifestazioaren ondoren, nola agertu zen hiru probintzietako jaurlaritza hori, ETAren armagabetzea gauzatu zuen herri mugimenduari lezioak ematera. Lider ez diren tokietan galdu egiten dira, nonbait, eta herri mugimenduarekin duten bateraezintasuna erabatekoa da, Ayete, armagabetzea, gure esku dago, Katalunia, Brusela, Paris.., hor ez baitira inoiz protagonista izango. Akrobaziarik handienak baina, 155. artikuluaren ezarleekin zein negoziotan dabiltzan azalpenak emateko egin beharko dituzte.

Saltzaileek iraun ahal izateko saldu beharrean egoten dira beti eta horretan ez dute atsedenik hartzen: Kataluniako kanpaina betean ez dira ba oso denbora gutxian agertu honezkero kiratsa darien, ez inkesta bat, ezta bi ere, hiru baizik. Denek ala denek gauza bertsuak esateko: Zein baxua dagoen independentismoa gure herrian (hiru probintzietan), zein ondo bizi garen komunitate autonomoan eta Kataluniako bidea (sic) ze gaizki ikusi dugun. PNVren egungo ideologia eskuliburu batean ez lituzkete hain ondo bilduko ideiok.

Esana dugu, hor ere amarrua nagusi: “Gustuko al duzu Kataluniako bidea?”galdetzea -etsenplua jartzearren- tranpa erabatekoa da: nork izango ditu gustuko preso politikoak, hedabideen zentsura, legebiltzarrik gabe gelditzea, kaleko errepresioa, faxistak lotu gabe kalean…Baina hori ez da Kataluniako bidea, hori jeltzaleen bazkideek zuzentzen duten Madrileko bidea da. Horren atzean hauxe da helarazi nahi duten ideia: “Gu berriz, begira zein ondo gauden gure kontzertu eta kupoekin”.

Carold Robira Kataluniako independentista ezagunak, hauteskundeen ondoren gurea bezalako kontzertu bat negoziatzea soluzioa ote litekeen galdetuta, hauxe erantzun zion EITBko kazetariari: Kontzertuak, guk Palau San Jordi-n eta Palau de la Musika-n badauzkagu kontzertu zoragarriak, ez dugu besterik behar.

Eta ezker subiranista? Ezker subiranista ez dago, edo ez zaio entzuten, edo desagertuta dago.

Niri palazioen politika farfailtsua urruti xamar gelditzen zait eta behetik gorako korronte baten beharra ezinbestekoa dela ez dut dudarik, baina erakundeetan ere egon beharra dagoela aintzat hartuta ere, hauxe da arazoa: PPPren (podemospsepnv) diskurtso autonomiko -hau da, unionista-, bertan-goxo, aingerutarrari aurre egiten dion diskurtsorik edo jarrera politikorik ez da entzuten ez da ikusten, haien iruzur eta tranpa guztiak aireratuko dituen bozgorailurik ez da.

Ze ote da euskal bidea deituriko hori? Hor bitxia da kolore guztietako abertzaleak lelo hori maneiatzen ikustea, bakoitzak bere modura ulertuta hori bai.

Denok nahi genukeen Eskozia edo Quebec bat eredu gisa aipatzea tranpa da: gurean ez dugu Londres edo Ottawa aurrean Madril baizik eta Madrilekin erreferendum negoziatu bat gauza guztiz ezinezkoa da. Eta Katalunia? Bai Katalunia da gure bidea, haiei onean utzi ez dieten bezala guri ere ez digute utziko, horrenbestez, edo, haiek bezala herri dinamika indartsu bat jartzen da martxan, edo gure lehendakariarekin batera bertan goxo egingo dugu 78ko erregimen ustel espainiarraren ohantze xurian beste berrogeita hamar urtetan. Dinamika hori martxan jartzeko behetik gorako eskema da gakoa eta hori kostatzen ari da, kostatzen, beste inertzia batzuetatik datorren jendarte batek hori beretzea. Esker abertzalearen baitan eskema aldaketa erabatekoa dakar horrek.

Eta jeltzaleentzat, zer ote da euskal bidea lelo barren-huts kamuts hori? Kataluniako prozesutik aldentzeko modua, lehenik eta behin; bigarrenik prozesu horretatik aldentzeak -Guadalajarak, Murtziak edo Badajozek egin bezala, beste aldetik- berekin dakar ezinbestean prozesua oztopatzea; eta hirugarrenik “gu beste bide batean gaudela” esatea errepresioaren aurrean isiltzeko modu bat ere bada, errepresioarekin kolaboratzeko modu bat. Begi bistan da, beste aldetik lelo ukatzailea dela barruan elementu eraikitzailerik ez daukana. Epelkeriatarako tokirik uzten ez duen egoera batean egonda, bi bando ageri dira: Hondora doan estatu ustel zapaltzaile guztiz antidemokratikoa bere kolaboratzaile guztiekin edo bizi ahal izateko metodo radikalki demokratikoaz Espainiako estatua eta Europa hipokrita bat hankaz gora jarri duen herri bat. Bistan da “Gu, gurera” aldarrikatzen dutenak non dauden.

Esango nuke ezker subiranistaren lana dela azaltzea baietz, beste egoera batetik abiatuta izanda ere, haiekin eduki duten ukazio eta zapalkuntza politika berbera edukiko duela gurekin ere estatu espainiarrak, eta Kataluniak egin duena egin beharko dugula guk ere, bai bederen, geure bizitza guztia eskumenekin trafikatzen pasatu nahi ez badugu; esker subiranistak azaldu beharko luke, aurrean pareta bera edukita, haiei bezala, guri dagokigula 78ko erregimen neofrankista putzura botatzea, bai bederen, herri libre eta hobe bat kokatu nahi badugu, munduan. Kanta egin zuen poeta hark bazekien zerbait: guk hemendik eta haiek handik askoz errazago botako dugu pareta. Ez da hori baina, orain arte egin duguna eta penagarria da ikustea zein bazter utzi ditugun itxiera garaian Euskaldunon Egunkariak izan zituen laguntzailerik prestuen, eskuzabalen eta zintzoenak.

Niri palazioen politika farfailtsua urruti xamar gelditzen zait eta indarra behetik gorako korriente horretan jarri behar dela ez daukat dudarik, baina hor dauden ezker subiranistek, beste diskurtso batez eta beste ikusmoldea zirkulazioan jartzeko eguneroko bozgorailuak jotafuego ez erabiltzea ez da errez ulertzen.

PNVrekiko morrontza agerian gelditzen da askotan. PNVrekikoak Madrilekiko aldebikotasunarekikoak bezala behar du: hortik ez dela ezertxo ere aterako garbi edukita, eskatu eta saiatu zintzo egin behar da, baina haien behin eta berriroko ezezkoaren aurrean amore ematea haien betoa onartzeaz gain prozesu subiranista usteltzen uztea da. Eskaeraren ukazioak aurrerabidea eteteko ez baina askoren hipokrisia agerian uzteko balio beharko luke.

Egun unionismoaren morroi zintzoena den PNVren zain egotea geure buruaz beste egitea da. Haien zatiketa bat besterik ez litzateke lotuko, behetik gora eraikitako gehiengo argia dukeen mugimendu subiranista indartsu bati.

PNV hau ez da garai bateko Convergencia hura, sozialistekin lotu berri den egungo Unio baizik.

PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan
EAJ, Katalunia, porrota

8 pentsamendu “PNVren porrota Kataluniako hauteskundeetan”-ri buruz

  • Niri ez zait iruditzen abenduak 21eko emaitzak ikusita EAJ denik kaltetuena. Galtzaile nagusiak (unionistak) alde batera utzita, Katalunian bertan indar independentista kaltetuena ERC da. Lehen indarra izatea espero zuten, PDeCAT-i (CDC) lehia historikoa irabaziz, eta hara non JxCAT markaren bidez Puigdemont-en alderdia da lehen indar independentista. Bi alderdi independentista nagusietan tentsioa baretzeko mezuak egon ziren kanpainan, baina batez ere ERC-n, eta ez horrenbeste JxCAT-en. Orain ERC-k JxCAT-ek proposatzen duena onartu beharko du. Bitartean, CUP dagoeneko ez da hain erabakigarria baina hala ere gehiengoa lortzeko beharrezkoa da, beraz aurresan dezakegu CUP-JxCAT bikotearen menpe geratuko dela ERC, Estatuarekiko aurkakotasuna areagotuz, distentsioa bilatu beharrean.

    Emaitza Euskal Herrira ekarriz, EAJko gehiengoak (edo osoak)!Puigdemont-ek deituriko hauteskundeak zituen nahiago, 155.a aktibatu beharrean. Ez zait hain jarrera larria iruditzen, kontuan izanda Govern-eko zenbait kontseilarik ere hala gomendatu ziotela, eta gerora zenbait buruzagi independentistek ere (berriz ere, batez ere ERC-koek)!esan dute erabakia ulertuko zutela. PDeCAT-en emaitza ikusita EAJ-ko soberanistek badute pozik egoteko nahiko arrazoi, euren baliokide katalana gailendu baita independentismoaren barruan (ez ditzagun geure buruak engainatu, prozesu independentistaren atzean abertzaleen arteko hegemonia-lehia ere badago). EAJ-ko autonomistak ere pozik egon daitezke, prozesuaren ondorioz Katalunian duten egoera zein CiU edo CDC alderdi historikoaren gainbehera adibide/aitzakia gisa jarriz bide katalana ez jarraitzeko (Anasagastik behin baino gehiagotan idatzi du honi buruz). Gogora dezagun ez gaudela Katalunian, beraz EAJrentzat zein hemengo hautesleentzat nahikoa da alderdia Puigdemont eta instituzio katalanak babesten ikustea (Urkulluren deklarazioren bat gorabehera, ezin esan dezakegu lerrobide horretatik asko mugitu direnik).

    Orotara, esango nuke epe luzera begira EH Bildurentzat kaltegarriagoak izango direla emaitzak. Bide katalana imitatzearen alde egin dute argi eta garbi, hasieratik, eta orain euren ERC-ko lagunek aitortzen dituzte iraganean egindako akatsak zein etorkizunera begira estrategia aldatzeko beharra. CUP da postura aldatu ez duen bakarra, baina gogora dezagun emaitzetan nabarmen egin duela behera (10etik 4ra). 2015eko hauteskundeetan EA eta Aralarrek Junts pel Sí (ERC) babestu zuten, Sortu eta Alternatibak berriz CUP. Oraingoan ere antzera egingo zuten, baina ERC eta CUPen arteko desberdintasunak gero eta nabariagoak dira. Azkenean EH Bilduk bere erreferente katalana zein den argitu beharko du. Hau are egoera zailagoa izan daiteke CUP-ek adierazitako asmoa betetzen badu, alegia, legealdiak independentziarako balio ez badu edozein unetan Parlament-a utziko dutela. Ez dut uste Legebiltzarreko bigarren indarrak, barnean duen ezker abertzaleak izandako eboluzioaren ondoren, oraingo CUP zein garai bateko HBren estrategia bera erreferente gisa erabil dezakeenik.

  • Aupa Martitz:
    Ez zure iruzkina eskertu baino lehen, zera esango nizuke:
    Ez dago partxisean ibiltzea xake taula batean, eta, -errespetu guztiarekin esaten dizut- zuk egiten dituzun komentarioek taula dute okerra. Taula hori da,hain justu ere, Espainiako mass-mediak, EITB salbuespena ez dela, saldu nahi izan digutena, ondorioz, medio espainolista guztiek, EITB salbuespena ez dela, eskaini dizkiguten balorazio guztiak taula horretakoak dira, hau da, hauteskunde autonomikoenak. Kataluniako herriarentzat, ordea, unionistek diotena diotela, idei hori barregarria litzateke tragikoa ez balitz eta emaitzek garbi erakutsi dute jokatzen ari zen taula ez zela hori bestea baizik. Kanpotik eta inongo legitimitaterik gabe inposatutako hauteskunde hauetan hauxe zegoen jokoan: Errepublika eraikitze prozesuan aurrera egin edo Espainiako “normalitate autonomikora” bueltatzea. Emaitzak hor dira ez dute inor engainatzen.
    Horrekin batera esango nizuke Kataluniako gizartea oso ezberdina dela gurearekin konparatuta eta hemen dauzkagun bloke blindatuak ez daudela han: Bihotzez eta egitez CUPeko militante den bati ez zaio askorik kostako ERCri are JpCri ere boto ematea, gauden egoeran egonda.
    Hau aipatuta, esango nuke, guk premiazko lana dugula bloke blindatuak botatzea, nork bere parrokia apurtzea.
    Mila esker eta izan ondo.

    • Eskerrik asko erantzunagatik, harrigarri.

      Barkatuko didazu, baina ez dut uste nire ikuspuntua Espainiako mass-mediek markatutakoa dela. Ez ditut bereziki jarraitzen, eta Kataluniako aferari buruz informatua egoteko batez ere komunikabide katalanak erabili ditut, TV3 eta hainbat egunkari independentista. Zerbait gehiago zehaztu beharko zenidake zergatik iruditzen zaizun mass-media espainolistek inposatutakoarekin bat natorrela.

      Nik ez dut ukatzen hauteskunde hauen berezitasuna, inposatuak izanik eta independentismoak galtzeko prestatuak, Errepublika ez gauzatzeko asmoz. Baina horren atzean alderdi independentisten arteko lehia ere egon da, kanpainan zehar konfrontazio askorik egon ez arren eta aurrerantzean euren lankidetza ona izango den arren.

      Azkenik, ados nago bloke blindatuei buruz diozunarekin. Nire ustez une historikoen kontua ere bada (2001ean EHtik EAJra igaro ziren boto guztiak ere adibide gisa jar daitezke), baina bai, argi dago EAJn zein EH Bildun badela bestea ikusi ere ezin duen sektore bat (hau Katalunian ere gertatzen da nahiz eta hain muturrekoa ez izan: 2015ean ERC-CDC batu zirenean CUP nabarmen igo zen CDC etsai gisa ikusten zuten hautesleak jasoz, ERC-tik nagusiki). Euskal Herrian oso zail ikusten dut dinamika hori apurtzea, batez ere une honetan elkarren arteko etsaitasunean finkatuta daudelako biak. Akordio puntualak gai konkretuetan aurrera egiteko bai, baina haratago ez.

      • Kaixo berriz ere, Martitz:
        Komunikabideen jokaeraz ari nintzela ez nintzen zutaz preziso ari, baina bai, hor esaten dizut, zure balorazio horiek “beste taula” horretakoak iruditzen zaizkidala, hor ematen dizkizudan azalpenengatik: ez dago inposaturiko hauteskunde hauek horrela baloratzerik eta dudarik gabe hauteskunde hauek irabazi dutenen buru hausteak beste batzuk dira, oso urruti komunikabide gehienek ematen dituzten parametroetatik urrun. Zuk beste iturri batzuk izan badituzu, pozten naiz. Berriz ere esango nizuke hango jendearen funtzionamendua oso diferentea dela eta horixe dela Kataluniako prozesu guztian izan den gauzarik politena: jendea, eta ez partiduak.
        Izan ondo.

  • Biokin guztiz ados nago, baina inolaz ulertzen ez dudan kontu bat gehitu nahiko nuke. Bide batez Martitzen galdera piskat argitzen duena: “Azkenean EH Bilduk bere erreferente katalana zein den argitu beharko du.”

    2017/12/30ean Dragonstonen, ui, Gaztelugatxen Jordi Turull (PDeCAT), Carme Forcadell (ERC), Urkullu (EAJ) eta Erkoreka (EAJ) bildu ziren. Urkulluren twitterreko kontuan aipatzen da.

    Turullena nolabait uler dezaket EAJ eta PDeCATen harreman historikoen arira, baina Forcadellena?

    • Hara, benetan bitxia Forcadellena. Aipatzekoa ez Turull ez Forcadellek ez dutela “bisita” horri buruzko ezer jarri euren sare sozialetan, bertxiorik ere ez. Forcadell gainera ez da argazki batean ere ez azaltzen. Esan duzun bezala argi dago PDeCAT-en harremana EAJrekin. ERC-k harreman kordialagoa du, baina prozesua hasi denetik EAJ-k eskaini dezakeen babes txikiena ederki txalotzen eta eskertzen dute (seguruenik hau nabariagoa da Espainiako Kongresuan, biek talde propioa dute eta horrek lankidetza zein harremanak estutzeko bidea ireki die). Urkulluren twiter kontua begiratu, eta ikusi zenbat RT jaso zituzten urriak 3ko Feliperen diskurtsoaren ondoren eta 155.a aplikatu ondoren idatzi zituen erreakzioek. Independentistekin erabat lerrokatu ez arren, babesa eman badiezaieke ez dute desaprobetxatuko.

      EH Bilduren baitan egongo dira ERC-tik gertuago daudenak eta CUP-etik gertuago daudenak. Koalizioaren gehiengoa ezker abertzaleak osatzen duela ikusita gehiengoak erreferente CUP izan beharko luke. Baina erreferente izate hori nolabaiteko urruntasunetik izan beharko litzateke, CUP bera EH Bildu baino ezkerrerago baitago. CUP ez dago inorekin hegemonia lortzeko lehian, ERC eta EH Bildu bai. Beraz, desberdintasun nabariak egon beharko lirateke EH Bildu eta CUP-en artean.

  • Analisiaren alde batzuekin ados egonda ere ez dut ondorioa inondik inora partekatzen. Katalan indepemdentistek azken diada, kanpaina, erreferendum eta hauteskundeak estatu propio bat sortzeko helburuarekin ekin zituzten. Miresgarria izan daiteke (edo ez) jorratu duten bidea, baina helburuan porrot egin dutenik ezin ukatu. Gaur gaurkoz espainiako erresumaren peko lurraldeetan bozka bidez estatu bat sortzea ezinezkoa dela frogatu da. Gure Esku Dago zaleek kontutan hartu beharko lukete, eta analisi errealistak egiten hasi.

    EAJren joko bikoitza agerian geratu da beste behin, “pendulu alderdi” batek izan ditzazkeen kontraesanak denon bistan daude. Hala ere, hau ez da gauza berria, ia alderdiaren sorreratik jokatu dute horrela. Frankismoan, trantsizioan, presoen sakabanaketan, Lizarra-Garazin… adibideak sobera daude. Baina bere bozka emaileei ez zaie axola antza, berdin-berdin bozkatzen jarraitzen dute. Ez gaitezen engaina, EAEko hurrengo huteskundeetan EAJ irabazle izango da, alde handi xamarrez gainera. Aldiz, galtzaile nagusia EHBildu izango da, bere bozka emaileei eginiko promesak errealitatetik oso urrun daudela ikusi baita, eta egia esan gainerako arloetan EAJk proposatzen duenetik geroz eta gertuago baitago. Horrelakoetan jendeak nahiago izaten du ideia originala kopia txarra baino

  • ganbaratxotik 2018-01-04 19:29

    . Inork pentsatu du benetan Kataluniako Prozesu deitutakoaren berehalako helburua Estatua izatea zela? 2017 an katalunia Errepublika lortuko zela? Nere ustez subirautza prozesu honen sustatzaileek hasieratik zekiten hori baino oinarri independentista sakondu eta trinkotzea izan dute lehenengo helburu. Eta esan behar bete betean asmatu eta lortu dutela: Hamar urtetan %20 tik %50era pasa dira eta gazteenen artean %60-a omen. Beraz oinarria ezarria dago, oinarrizko kanpamentua, hori gabe ez da gailurrik.

    . Non da arrakastaren gakoa? Estrategia ona eta zoria, alegia hainbat faktorek bat egin dute, izarrak modu egokian lerrokatu eta unea probesten jakin dute: 1.Espainiako ustelkeria, 2. krisi ekonomikoa, 3. Borroka armatuaren ziklo bukaera, 4. Madril metropoliaren gose aseezina. Eta horiekin batera beraien aldeldien-arkitektura egokia, esan nahi baita, Pdecat, ERC eta CUP-ek espektru ideologiko osoa hartzen du, eta beraien arteko zainketa edo lehiak ANC-ren lobby-lana erreztu egin du. Izan ere, horixe baita aldaketa politiko handi guztien gakoa: JENDEA.
    Jendeak ekartzen ditu iraultzak, eta aurrerapen sozialak zein nazionalak. Eta Katalunian jendea aske da alderdi politikoen aparatoetatik, hauek beste logika batean bait dabiltza. Adibide argiena Puigdemont-ek izan zuen tentaldia Urkulluk aurrean jarri zionean sagar goxoa. Nork ekarri zuen arrastora President-a? JENDEAK. Nork lortu zuen Kataluniako Errepublika bihar, etzi edo etzidamu errealitate bihurtuko duen Urriaren 1eko matxinada demokratikoa? JENDEAK.

    . Gurean etxekoalan dezente ditugula iruditzen zait. Baina ikusitakoak ikusita aurrenekoa Alderdien arkitektura sendotzea dela iruditzen zait, espektru ideologiko guztia argi eta garbi azal dadin erakuslehioan. Eskuin muturra, zentroeskuina, zentroezkerra eta ezker muturra (abertzaleak jakina). Hain zuzen gizakion izakera desberdin eta anitzen gutxi gora-beherako isla izango litzatekeen puzzle politikoa.

    . Estrategia. Epe ertain eta luzera begirako planifikazioa. Izan ere izarrak lerroka daitezke edozein unetan eta ordurako Herri modura prest beharko ginateke. Besteak beste jendartea gaztetzeko politikak. Gazterik gabe ez dago errepublikarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude