PNV Bitartekari?

PNV Bitartekari? –

PNV BitartekariBitartekaritza, gatazka batean korapilaturik dauden bi alde negoziazio prozesu batean engaiatzeko eta, ahal dela, akordio batera heldu eta gatazka horri amaiera emateko xedez, neutroa den pertsona edo pertsona talde batek egiten duen lana dela iritzita, harrigarri sortatzen da Kataluniako errepublikaren aldarria egin zen egunaren bezperan Iñigo Urkullu eta PNV zertan ibili ziren ikustea.

Edozer izan zitekeen hori baina bitartekaritza ez. Nahasmen honetan, argi printzaren bat ikusi nahi izatera, berriro ere, hedabideek egiten duten kutsadura lanetan erreparatu beharrean gara, eta berehala ondorioztatuko dugu, mandataritza edo morrontza edo mezularitza jarri behar den tokian bitartekaritza jarri dutela herritar xumea nahasteko. Horretarako daude hedabide gehienak. Horregatik ezkutatzen digute baskongadilletan mandatari eta agintari sinonimoak direla.

Hasierako definizioa ontzat hartuta, bi baldintza azpimarratu behar bitartekaritza zer den zedarritzeko: Neutraltasuna eta gatazkari amaiera emateko xedea.

Egun horietan zer gertatu zen jakiten ez dugu lan erreza izango, denok baitakigu jeltzaleek diskrezio hitzaren atzean zein ondo dakiten lotsariak ezkutatzen, hala ere, baskongadilletako gure “bitartekari” abertzaleek bi baldintza horien lepotik barre galanta egin zutela jakiteko adina informazio ale badaukagu:

1- Neutraltasunaz

Ez gara gutxitan esanda: Kataluniako Errepublikaren sorrerarekin galtzeko gehien duenetako bat PNV da. Baskongadilletan unionismoak izan duen bermerik handiena izateak eskupeko mardultxoak dakartza eta bera izan da, berrogei urteotan etekin politiko eta batez ere ekonomiko handien izan dituena, berak zekien, guk baino hobeto jakin ere, hori guztiori 78ko erregimen horren barruan eta hari leial izanda zetorkiola, eta beraz, horren bukaerak oso egoera konplikatuan uzten zituela.

Orain arte hori ulertu ez duenak oraintxe dauka egunotako gertaeretan begia jarri eta zenbait ondorioak ateratzeko aukera aparta. Hona hemen Kataluniako Errepublikaren aldarrikapen egunean Iñigo Urkulluren adierazpenak:

“Atzo oso gertu egon ginen konponbidetik, oso gutxi falta izan zen akordiora iristeko”.

Ordurako bagenekien jeltzaleen eskaintza zein zen: zorioneko artikulu hori ez aplikatzearen truke Generalitateak hauteskunde autonomikoetara deitzea. Hau da, “bide onera bueltatu” estatuaren errepresio basatia ebitatzeko, morrontzaren luzamendua, edo betikotzea, nagusia ez haserretzeko.

Iñigo Urkullurentzat konponbidea beraz, oraindik ez zen Kataluniako Errepublikaren deuseztatze guztizkoa besterik ez zen, Kataluniaren errendizioa. Urkullurentzat orain arteko estatu quo, guztion gainetik Espainiako batasunari eutsiko dion 78ko erregimena, ikuttu ere ez egitea zen konponbidea. Hor konpon, Kataluniako herria, bere independentzia, naziotasuna e.a. Listo, bukatu da partida.

Ez dira horiek, baina, dauzkagun jeltzaleen adierazpen bakarrak, Aurreko egunean, Errepublika aldarrikatu bezperako gauean, Bildarratz senatore jeltzaleak halaxe esan zuen:

“Guk bakarrik ez, lana, denok egin dugu (“bitartekaritzaz” ari zen): PNVk, PSOEk, Podemosek…Goizean hauteskundeen deia mahai gainean ikusi dugunean denok poztu gara.”

Eta ondoren, “Kataluniak ez du inork eduki mahaiaren beste aldean, PPk ez du ezer egin 155a ebitatzeko”

Batetik, orain badakigu PNV unionismoaren defendatzaile sutsuekin eskuz esku ibili dela “bitartekaritza” lanetan, horietako batzuk konstituzioaren zorioneko artikulu horren bultzatzaile nagusiak izan direnak, bestetik, orain badakigu urriaren batean boto emandako hiru miloi pasatxo -poliziak lapurtutakoak sartuta- horien nahia gure jeltzale demokratei nondik pasatzen zaien. Haiek guztiak negar malkoetan zeuden “goiz” horretan, jeltzaleak pozez kabitu ezinik zeuden, txin-txin eginez postfrankista guztiekin batera.

Horra gure bitartekaritzaren neutraltasuna: guztiek gatazkaren parte batek zuen xede bera zeukaten: Kataluniako Errepublika nola edo hala saihestu, estatu quoari, Espainiako batasunari eusteko. Ez da harritzekoa, hortaz, presioa uneoro parte berean egotea, Generalitatean, alegia. Normala da, beste aldean ez zegoen inor eta.

2- Gatazkari amaiera emateko xedea

Gatazkaren parte zuzena eta interesatua denak inoiz ez du xede hori edukiko bere interesek uzten ez diotelako eta harentzat amaiera hori beti izango da berak irabaztea eta besteak galtzea: “Gaur goizean denok poztu gara…”, noiz eta katalanak (hiru miloi pasatxo bai) eta katalanak ez garen asko bihotza kraska eginda geunden uneetan.

Esango nuke, bitartekaritza baten xede normalena, zentzuzkoena,demokratikoena eta denontzat onena, gatazkari amaiera emateko modua hauxe litzatekeela: Espainia konbentzitzea erreferendum hitzartu bat egiteko eta guztiok konpromiso hartuta hortik aterako dena errespetatzeko. Logikak dio hor presio handiena Madrilen egin beharra zegoela beste aldea oso prest baitzegoen horretarako. Justo kontrakoa gertatzeak eta presio guztia Generalitatearen gainean egin izanak garbi uzten du zertan ibili ziren Espainiako estatuaren estoldapeko mirabe haiek guztiak, garbi uzten du haien xedea gatazkaren konponbidea ez, baina gatazka beste berrogei urtez, eta ahal bada gehiago, luzatzea izan zela. Normala da, mahaiaren beste aldean ez zegoen inor eta.

Orain azaltzeko dauka PNVk guztiz blindatuta zituen bere paktu guztiek zenbat denbora beharko duten urtzeko; ze blindaje klase egin litekeen, Generalitatea, parlamentua, hango polizia, sail guztiak, komunikabideak eta bertako hezkuntza sistema egun batetik bestera mapatik ezabatzeko gai den sozio batekin, are gehiago kontuan hartuta gu Katalunia baino askoz txikiagoak garela.

Azaltzeko dauka sozio horiekin aldebiko ze negoziazio klase egin nahi ote duen, ea saguaren eta katuaren arteko jolas errukigabeari aldebiko negoziazioa deitzen ote dion, denok dakigunean katuak tarte batez dibertitu eta jolasean pasa ondoren beti bukatzen duela sagua irensten. Katu behar katuarekin tratuan aritzeko. Errukigarria guztiz, katu plantan dabilen sagu otzana.

Izan ere, tranpa baita, Akordio hitza debalde saltzen ibiltzea, akordioa norekin egin eta xedea zein den azaldu gabe. Oraingo honetan baina, badakigu norekin eta zertarako ibili diren: urriaren batean adinekoak, umeak eta lurrean eserita zegoen jendea jipoitzera polizia bidali zuten eta beren lege propioak eta Europatik etorritakoak gehien hautsi dituzten inkisidoreekin ibili dira, zertarako eta, Espainia handi eta batu baten izenean Kataluniako Errepublika errekara botatzen saiatzeko.

Gu goiz hartan ez, gu arratsaldean geunden pozez txoratzen.

PNV Bitartekari

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude