Pixka bat

Pixka bat –

Karmele Jaiok Noticias de Gipuzkoa egunkarian.

19 urteko neska gazte bat, aktorea. Bere izena Maria Scheneider. Bertolucciren Parisko azken tangoa filmaren eszena famatu hartan bortxatua izan zen. Marlon Brandok bortxatu zuen zuzendariaren aginduak jarraituz, kameraren aurrean. “Pixka bat bortxatua” sentitu zela adierazi zuen orduan aktore gazteak, eszena hura grabatzerakoan bota zituen bene-benetako malkoen ondoren. Eta hori zen, hain zuzen ere, Bertoluccik bilatzen zuena: ez zuen aktore baten negarrik nahi, benetako emakume baten umilazioa eta negarra bilatzen zuen. Urtetara esan zuen errudun sentitzen zela, baina ez zela damutzen egindakoagatik.

Gogorra egiten zait imajinatzea Maria Schneiderrek sentituko zuen mina, haserrea, beldurra, umiliazioa. Eta batez ere gogorra egiten zait imajinatzea emakumearen bakardadea. “Pixka bat bortxatua”. Hitz guztiekin bortxatua izan zela esatera ere ez zen ausartu, nahiz eta eszena hartan gertatutakoak bere ibilbidea eta bizitza zapuztu zituen. Eta hori da sakoneko arazoa. Bortxatua izan dela salatzea eta aitortzea ere zaila dela askotan emakume batentzat, gure gizartean oraindik dirauen bortxaketaren kulturaren eraginez. Esaten dute bortxatzaileek sexua baino gehiago, boterea sentitzea bilatzen dutela. Bertolucciren filmaren eszena horrek argi erakusten du emakumearen menderatzeak hartzen duela pisu eta indar gehien. Baina menderatze hori, gainera, ez da eszena horretan bukatzen, ezta gerora izan dituen milioika erakustaldietan ere. Menderakuntzak beste forma batzuk hartzen ditu baita ere.

Filma grabatu eta urtetara, Scheneider berak salatu zuen bortxaketak itzal luzeagoa izan zuela, baita etekin ekonomikoei dagozkienean ere. Marlon Brandok eta Bernardo Bertoluccik dirutza egin zuten bitartean, berak oso diru gutxi jaso zuelako filma egiteagatik. Parisko azken tangoa aipatu eta denoi datorkigu burura sexua. Baina sexuaren gainetik, boterea dago. Bortizki bortxatua izanda ere, “pixka bat bortxatua” esatera bultzatu ahal zaituen antzinako botere indartsu bat.

Pixka bat

Pixka bat Pixka bat Pixka bat
Bertolucci, bortxaketa, Maria Schneider, Marlon Brando, Parisko Azken Tangoa
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude