Piruletaren munduan bizi gara

Piruletaren munduan bizi gara –

Duela urte asko piruletaren munduaren kontzeptua entzun nuen lehen aldiz eta grabatuta geratu zitzaidan, oso ondo islatzen zuelako sentsazio bat: Benetakoa ez den errealitate gozo batean bizitzearena. Nolabait, Matrix filmean irudikatzen zen moduan. Ezertaz enteratzen ez diren pertsonengandik haratago, galdetu beharko genioke gure buruari zein puntutaraino bizi garen jendarte, herri, giza-kolektibo edo klase bezala piruletaren munduan ere. Izan ere, kontzienteki ala inkontzienteki (al biak batera) irudikatutako errealitate batean bizi gara, benetako demokrazia batena. Bere akatsekin, bere injustiziekin, baina sistema bat non giza eskubideak errespetatzen diren eta non libreki adieraz gaitezkeen. Non ahalegina eginda eta zorte pixka batekin, aurrera egin dezakezun, bizitza zoriontsu izan dezakezun, kontsumo maila altua izan dezakezun; non lasai eta ziurtasunean eta segurtasunean bizi ahal duzun.

Piruletaren munduan bizi gara

Inora ez daramaten eztabaida soziometafisikoetan gehiegitan entzun dugu “baina kapitalismoan oso ondo bizi gara”, bere burua ezkertiartzat hartzen duten askoren ahotik ere. Bi oinarrizko ahazte nagusi dauka azaleko irakurketa honek: bata, gure kontsumo maila eta hainbestetan errepikatzen diren “mendebaldeko balore demokratikoak” beste herri askoren zapalketan oinarritzen direla. Mendeetako zapalkuntza. Hiritar europarren arteko ustezko errespetua urrun (edo ez hain urrun) bizi diren bigarren mailako beste herritar askorekiko errespetu faltan oinarrituta dago. Gure “goreneko demokrazia” eta sistema garatua mantentzeko beren baliabide naturalak behar ditugu, nahiz eta horretarako atzo kolonialismoa eta gaur neokolonialismoa ezinbesteko osagaia izan. Afrika, Asia eta Abya Yala-Latinoamerikako zapaldutako herri askok gure garapen ekonomikoaren biktimak izan dira eta jarraitzen dute izaten. Haiei lapurtutako baliabideak eta gainbalioak ahalbidetu dituzte, neurri handi batean, irudikatutako ongizate estatuak eta demokrazia Europan.

Bigarren ahazteak piruletaren munduarekin lotzen gaitu. Izan ere, beren gezur sistemikoa eta sistematikoa barneratuta daukagu, gehiago ala gutxiago. Gure zoria sistema beraren zoriari lotuta ikusten dugu. Kapitalismoaren parametroetan, hazkunde ekonomikoa ziurtatzeak gure lanpostuak, gure oinarrizko betebeharrak asetzea, gure kontsumo-maila eta gure ziurtasun-sentsazioa bermatuko dizkigu. Kapitalista baten lorpen handienetako bat bere soldatapeko langileak enpresarekin identifikatzea den moduan, burgesiaren lorpen handienetako bat langilea sistema ekonomikoarekin lerrokatzea da.

Eta antzeko zerbait esan dezakegu egitura politiko-instituzionalari buruz eta “gure” agintariei buruz, azken finean botere ekonomikoen arteko bitartekari eta bozeramaileak. Kritikatzeaz eta erridikulizatzeaz gain, lasaitasuna, seriotasuna, konfiantza eta erlaxazioa eskaintzen digute. Horregatik, jendarteak bozkatzen ditu behin eta berriro. Horregatik, kontrakoa esan arren, konfiantza jartzen da haiengan. Gobernatzeko ez ezik, gu babesteko ere omen daude, bereziki krisi garaietan. Hobeto edo txarrago, sistemak funtzionatzen duela oso barneratuta daukagu, baita daukagun bizimodua denboran zehar mantenduko dela ere.

Covidak eta Ukrainako gerrak sortutako egoerek piruleta apurtzeko eta inkontzientzia eroso hau astintzeko balio beharko lukete ere, eta ez kontrakoa: borrero gorbatadunekin lerrokatzea ziurtasun faltsuaren bila. Naomi Kleinek formulatutako shock doktrina gauzatzen da gaur egun hemen ere. Etengabeko propaganda-bonbardaketan, ulertzen ez den gertakizun edo egoera larri baten aurrean ziurgabetasuna, antsietatea eta beldur kolektiboa zabaltzen dira. Alderdi gogoetatsua gutxiagotuta (formazio politikorik ezarekin konbinatuta), osagai emozionala nagusitzen da analisia eta errealitatearen ulermena uhertuz. Egoera nahasi hauetan hurrengo neurriak ezartzeko azpilanetan ari dira, kapitalaren erreprodukzioarekin jarraitzeko eta mantentzen diren herri erresistentziak eta adierazpenak gehiago itotzeko. Bai, komuneko papera eta ekilore olioaren garrafoiak erosten ditugun bitartean, erregaien prezioez kexatzen garen bitartean, berokuntza gutxitzen dugun bitartean, erabaki sakonagoak hartzen ari dira piruletaren osagaien formulazioa definitzen dutenak.

Pandemiarekin askatasun eta eskubide batzuk mugatu ziren, poliziaren droneak manifestazioen gainean dauzkagu jada, energia gehiago lortzearen ezinbestekotasunaren aitzakiaz udalen erabakien kontrako Tapia legea indarrean daukagu ere, Ukrainako gerra dela eta zentzura inolako lotsarik gabe inposatzen ari da, NATO indartzeko deiekin eta aurrekontu militarra handitzearekin batera. Eta hau guztia ezinbestekoa dela pentsatuko dute askok. Krisi giroan elite burgesak ez du aukera galduko herrien eta pertsonen askatasunak gutxitzeko eta, egoera gaiztotzen den heinean, autoritarismoa eta ultraeskuinaren gorakada handituko dira ere. Eta hori guztia, sistema bera, jendartearen botere-harremanak, jabetza pribatua eta indarkeriaren monopolioa kolokan egon gabe. Ezarritako boterearentzat gauzak okertzekotan, langileria antolatuak botere esparruak irabaztekotan, giza eskubideak, adierazpen askatasuna eta zuzenbide-estatua zatikatuko lirateke, zapaldutako piruleta batekin gertatzen den moduan. Ez izan zalantzarik.

Piruletaren munduan bizitzeak honako osagai garrantzitsu hau ere badauka: gure zaurgarritasunaz kontziente ez izatea. Eta ez Putin-en aurrean, baizik eta sistema beraren aurrean, piruleta saltzen digutenen aurrean.

Izan ere, gure liluratutako lasaitasuna eta ziurtasunak iraungitze data izan dezakete.

Txarren artean onena den piruletaren mundua saltzen jarraituko dute, eta guk erosten, lañotasunaren magalean, piruletari zupadak ematen segitzen dugun bitartean, inoiz bukatuko ez dela sinetsita, inoiz bukatuko ez denaren itxaropenarekin.

Piruletaren munduan bizi gara Piruletaren munduan bizi gara Piruletaren munduan bizi gara

Internazionalista. EHUko irakaslea

Zer duzu buruan “Piruletaren munduan bizi gara”-ri buruz

  • Norvegia, Suedia eta Finlandia aberatsak dira. Baina ez dute koloniarik eduki. Posible da aberats izatea beste inor zapaldu gabe?