Pandemia garai, gogoeta eta eztabaida garai

Pandemia garai, gogoeta eta eztabaida garaia –

2020ko Udaberriko Galde aldizkariaren 28. aleko editoriala.

Galderen 28. ale hau —gure aldizkariaren zazpi urteko biziraupena erakusten duena— egoera harrigarri, mingarri eta txundigarri batean kaleratzen da. Duela hiru hilabete, Galde 27 ixteko unean, ezin izango zitzaigun burutik pasa ere zetorkiguna. Coronabirusaren pandemiak goitik-behera aldatu digu bizitza eta oraindik ez dakigu nola eragingo dion gure etorkizunari; edonola ere, ezinbesteko dirudi neurri oraindik iragarrezineko krisi eragileaniztun bat.

Pandemia garai, gogoeta eta eztabaida garaiHaatik, lehenago edo beranduago iritsi behar zitzaigun honelako gertakari bat, sistemaren funtzionamendua hankaz gora jarriko zuen krisi bat. Luzeegi bizi izan gara amildegiaren ertzean, aurpegi anitzeko krisi sistemikoan murgilduta eta alderdi askotatik zaurkor: klima-aldaketa, finantzen egonkortasunik-eza, enpleguen segurtasunik-eza, enpresen deskokatzeak, migrazio krisiak, biolentzia bere adierazpide guztietan ugaritzea, pobreziaren gehitzea eta abarrak krisi sistemiko horren eta zaurkortasun horren adierazpide batzuk dira. Globalizazio neoliberalak, ez bakarrik ez du oparitasunik ekarri, gainera gizartearen alor zabaletan desberdintasuna areagotu du, baita larritasuna eta etsipena ere.

Duela 25 urteko Nazio Batuen Garapenerako Programaren (NBGP) txosten batek ohartarazten zuen munduko giza segurtasunik-eza handitzearen arriskuaz. Segurtasunik-eza —desarautzetik sortua neurri handi batean— gai da gizabanakoen eta taldeen proiektuak txikitzeko eta, baita ere, pertsonen ongizatearekin bateraezin den segurtasunik-eza sortzeko. NBGP-k garai hartan zenbait segurtasunik-ez mota aipatzen zituen: ekonomikoa (lanekoa, finantzena, etab.), ingurugirokoa, kulturala, pertsonala, elikagaiekikoa, eta abar (osasunari dagokiona barne). Erakusbideak ditugu gaur egun, baieztatu ahal izateko hori guztia bizitzaren kontrako mehatxu bakarrari dagokiola: azken aldian, batez ere azken hamarkadetan, eraiki den zibilazio ereduarekin loturiko mehatxuari. Ahots askok gogorarazten digute urtean mila baino gehiagoka desagertzen direla espezie bizidunak, abiatuz horrela antropozenoa baino are aro okerrago baterantz.

Orain dagokigun pandemiak eta lehenago ikusitako beste batzuek —HIESarenak bezala Afrikako herrialdeetan sarraski izugarria egin zutenek— gizakiak babesteko gauza ez den sistemaren alderdi ilunena erakusten dute, bitartean agintariak enpresa-korporazio handien interesak babesteko aukerarik galdu gabe dabiltzalarik.

Horregatik guztiagatik, egokiera aproposa izan daiteke hau, gogoeta egiteko bestelako hatsarre batzuetan oinarritutako elkarbizitzaren beharraz.

Infekzioa giro hiritarrean sortu zen eta berehala hedatu da mundu globalizatuan barrena, salgai eta pertsonen mugimendu etengabean, energia, finantza, kapital, ezagutza, datu eta abarren bestelako fluxuekin batera. Konexio-erraztasuna agerian ari da uzten sistemaren zaurkortasuna, berriro gogoraraziz «txikia ederra» dela (Schumacher), baina, bestalde, «guztia guztiarekin lotua» dagoela, eta mota guztietako norabide anitzeko sare poliedriko konplexu eta gorabeheratsuen parte garela.

Oraingo egoerak oroitarazten digu gure gorputzen zaurkortasuna, izaki mendekoak garela, eta elkar zaintzeko beharra. Merkatuaren nagusitasunetik babestuko gaituzten erakunde publikoen beharra dugu eta baita komunitate zentzua berreskuratzekoa, gizarte bakarraren atal izatearena, anaitasunaren zentzua eta erantzukizunarena. Lehen egunetako irudiek —salgaiak harrapatzeko borrokak supermerkatuetan— erakusten duten hutsegite kolektiboaren ondoan ikusten eta bizitzen ari gara elkartasun ekimen asko auzokoen laguntzarako, menpekotasunen bat dutenenentzat edo etxean bakarrik daudenentzat, edo etxerik ez dutenentzat. Ondo legoke halakoak zabaltzea beste batzuei buruz ere, batik bat oso egoera zailetan dauden emakumeei, esaterako etxean tratu txarrak jasaten ari direnei.

Nahitaez ari gara ikasten konfinamenduan bizitzen, egunero gure burua berrasmatzen, horretarako komunikabide telematikoek eta sare sozialek laguntzen dutelarik giza energien transmisioan, erraztuz behin baino gehiagotan elkartasunezko emozio eta sentimenduen eta baita zorroztasunaren azaleratzea ere, sorkuntza kritikoak bultzatzen dituelarik balkoi eta leihoetako ekimen kolektibo politikoak.

Bizitzea egokitu zaigun une historikoa zaila izango da, honezkero antzeman diogu: milaka hildako, eragin ekonomiko eta emozional erraldoia eta oso ondorio sozial latzak. Lehen esan bezala, gizatasunaren oina-rrizko balioen gainean berrasmatu beharko ditugu geure buruak: elkartasun, anaitasun, berdintasun eta zuzentasun sozialaren gainean. Horri gehitu beharko zaio apaltasun ez gutxi, segurtasunik-eza kudeatzeko; ekonomiak komunitateen zerbitzura ipini eta, gure bizilekuak eraikitzeko, naturagandik, bere aro eta garaietatik ikasi.

Pandemia garai, gogoeta eta eztabaida garai

Halaber krisi honek nabarmendu du, ari da nabarmentzen, gizarte zerbitzu publikoen garrantzia, oraingoan batik bat, osasun zerbitzuen eskuragarritasunean pertsona guztien berdintasuna bermatzeko. Aldi berean, agerian gelditzen ari da azken urteetan murrizketa sozialen politika bultzatu dutenen arduragabekeria. Behar handiko une hauetan politika horren ondorio latzenak azaldu dira.

Mugen arazora ere itzuli beharko da eta azken urteotan hainbeste hazi den esklusibitate zentzuarenera. Hori hala da, ez bakarrik muga politikoak ez direlako eraginkor gertatu honelako epidemia bat geldiarazteko, baizik eta askorentzat esan nahi izan duenagatik beste herrialde batzuek guri ateak ixteak, guk Itsasartearen beste aldetik datozenei egin ohi diegun bezala. Bada beste arrazoi bat ere: zein mingarria den ikustea honelako egoera batean laguntza publiko urriak dituztela pertsona deserrotu eta baztertuek biziraun ahal izateko.

Pandemia garai, gogoeta garai (zein ondo egunotan kutsadura akustikotik libratzea gure herri eta hirietan! gainera, airearen kalitatea hobetu da eta igorpenak gutxitu). Eta egokiera honetan nahi izan dugu Galdek irakurleekiko hitzorduan huts ez egitea, eta izan dadila pentsamendu kritikoaren eta eztabaidaren akuilu, ale honetan dakartzagun gaien inguruan eta pandemiak irekitzen dizkigunez.

 

Pandemia garai, gogoeta eta eztabaida garai Pandemia garai, gogoeta eta eztabaida garai Pandemia garai, gogoeta eta eztabaida garai

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.