Palestinako brigada mixtoaren bigarren kronika

Palestinako brigada mixtoaren bigarren kronika –

Bidaian aurrera goazela, preso palestinarren egoeraren eta sionisten aparatu errepresiboaren berri izateko aukera izan dugu. Atxiloketak eta askatasuna berreskuratzeak egunero ematen direnez, ezinezkoa da uneoroko preso kopurua jakitea. Halere, gaur egun 6.000-7.000 inguruan kokatuko litzateke zenbakia garairik gogorrenean 15.000ra ere heldu izan delarik. Datu esanguratsu gisa, 1967tik aitzinera 800.000 pertsona izan dira atxilotuak, biztanleria maskulinoaren %50 noizbait atxilotua izan dela suposatzen duena.

Palestinako brigada mixtoaren bigarren kronikaAtxiloketak hiru momentu edota tokitan eman daitezke: Check pointetan, protestetan eta etxera bila joanda. Hauetako gehienak protestetan eta etxera bila joanda gauzatzen dira, betiere indarkeria handiz egiten direlarik. Esan beharra dago, atxiloketak zenbait kasutan PANek (Palestinar Autoritate Nazionalak) berak burutzen dituela, gerora atxilotua israeldarren eskuetan uzteko.

Behin atxilotuta inkomunikazio fasea jasan behar izaten dute, 60 egunera heldu daitekeena ikerketa judizialaren aitzakiapean. Epe honen iraupena erabakitzeko ahalmena Shabaken (barne aferetarako zerbitzu sekretuak) esku dago eta torturaldiak eguneko 20 ordukoak izatera hel daitezke. Postura txarretan loturik egotera behartu, loaldia galarazi, aire girotua muturreko tenperaturetan ipini edota hitz egin ezean familia kideak mehatxupean jartzea dira sionistek gauzatzen dituzten tortura molde ohikoenak. Fase honetan, euskal preso politikoekin gertatzen den bezala, presoa kartzelera joateko desiatzen egonen da soilik oinaze horretatik ihes egiteko bada ere.

Jarraian, inkomunikazioa amaitu dela, balizko presoz inguraturiko ziega batera eraman dezakete baina egiazki, espioiez inguraturik egonen da, preso bakarra bera izanda. Epe gordin baten ondotik presoak izan dezakeen ahulaldiaz eta norbaitekin hitz egiteko beharraz baliatuta konfesioren bat lortzen saiatuko dira. Modu honetan, presoak zaila izanen du jakitea noiz dagoen benetako presoekin edo infiltraturiko sionistekin jarraitzen duen.

Prozesu anker honen ostean, presoak behingoz leporatzen zaizkion karguen zerrenda ikusteko aukera izanen du eta zuzenbide ikasketak ere ez dituen epai militar baten aurrera eramana izanen da. Bere burua egozten zaizkion delituetaz defendatzeko inolako aukerarik gabe ikusita, zenbait kargu onartuko ditu ahalik eta zigor baxuena jasotzeko. Epaiketa honen bidez jasotako kondena oso-osorik bete beharko du edozein kasutan, presoa kondena urteak bete baino lehen hiltzekotan, gorpua sionistek horretarako egokitua duten eraikinetan geratu beharko delarik kondena osorik betetzen duen egunerarte. Sufrimendua areagotze aldera eta behin gorpua berreskuratzeko aukera dutenean, izen-abizenen ordez sionistek gorpu horri egokitutako zenbakiagatik galdetu beharko dute senide edo lagunek.

Hori, betiere, detentzio-administratiboan atxilotua ez izatekotan. Metodo honen erabilpenak azken urteetan gorakada izugarria izan du eta pertsona inolako kargurik egotzi gabe atxilotzean datza. Espetxealdiak 6 hilabete iraun dezake era mugagabean nahi adina aldiz berritua izan daitekeelarik. Muturreko kasuetan metodo honen bitartez 20 urte preso egotera ere heldu izan dira, leporatzen zitzaizkien karguak sekula ezagutzeko aukerarik izango ez dutelarik.

Honez gain, adina ez da muga ikerketa prozesu bat jasateko eta 12 urtetik aurrerako umeak atxilotuak izan daitezke. Honakoak helduen kartzela berean sartuak izango dira, baldintza berdinetan, mutilen kasuan helduengandik horma batez bereizturik. Inkomunikazio garaia eta baldintzak ere helduek jasaten dituzten berdinak izango dira.

Presoek bisitatuak izateko duten eskubideei dagokienez, espetxeak sionisten ala palestinarren menpe dauden desberdindu beharra dago. Israelgo ejertzitoaren menpe dauden presoei dagokienez, bisita gurutze gorriak antolatzen dituen autobusetan bidaiatuz baino ezin da egin eta familia askorentzat, bisitan joatea da 1948ko lurraldera (Israel deiturikoa) pasatzeko duten aukera bakarra. Check pointak oinez igaro behar izaten dituzte eta beste autobus batek jasotzen ditu kartzelarainoko bidea egiteko. Hilabetean behin 40-45 minutuko bisitak izan ditzakete kristala tartean edukita eta batzuetan kartzelako atarian sarrera ukatzen zaie. Aldiz, palestinarren kontrolpean dauden kartzeletan bisitak kristalik gabe dira. Bisita baimenak ejertzitoak ematen eta kentzen ditu eta familiako kide gutxiri ematen zaizkie, batzuetan amari bakarrik ematen zaiolarik .

Adibide bezala, esatea dago ezagutu genuen familia baten kasuan, bisitak egiteko baimena duen bakarra ama dela. Gainera, honakoak ez zuen 3 urtez bisitarik egiteko aukerarik izan, kartzela atarian egonda soldadu batek bisita baimena aurpegian hautsi ondoren. Ahal izan duten guztietan, familia kideak kartzela ezberdinetan eduki dituzte preso eta kartzela berean eduki izan dituztenetan, hilabetean behin senide guztiak batera bildu izan dituzte 40 bat minutuz irauten duen bisita bakarra egiteko. Adierazgarria da zortzi seme-alaba izanik, 7 semeak noizbait kartzelan egondakoak direla eta ez dela sekula familia osoa batera etxean egon izan, aita hil zenean ere, semeei honen hiletara joateko aukera ukatuz. Bidaiak, berez, ordubete iraungo lukeen arren, autobusa garaiz hartzeko denboraz jaikitzea, check pointean igarotako denbora eta itxoinarazten zaien denbora kontuan harturik, egun guztia eman behar izaten dute horretan.

Honez gain, kontutan hartu beharra dago munduko leku gehienetan gertatzen den bezala, hemen ere genero zapalkuntzak ematen direla eta hori dela eta, emakumezko preso politikoei dagokienez aipu berezia egitea beharrezkotzat jotzen dugula, kartzelan bizitakoa nahiz kartzela ondoren bizi ohi dutenari erreferentzia egingo diogularik.

Horrela, preso egon bitarte bizitakoari dagokionez, palestinan ere emakumezko* presoen baldintzak gizonezkoenak baino okerragoak izaten dira, atxiloaldia eta kartzeleratzea, biak, gizonezkoentzat pentsaturiko prozesuak baitira. Atxiloaldiari loturiko inkomunikazio garaian higiene baldintzarik ez dago; ez dute dutxatzeko, gorputza garbitzeko edota arropa aldatzeko aukerarik. Honek, hilerokoaren garaian edota haurdunaldian baldintzak are gehiago gogortzen ditu. Kartzelan baldintza berak sufrituta ere, emakumezkoentzat* gogorragoa izaten da, gizonezkoek ez bezala, honakoek ikutu lizunak sufritzen baitituzte. Espetxealdian daudelarik erditu behar duten kasuetan, erditzerako momentuan ere esku eta hankak lotuta izaten dituzte mugimendu guztiak oztopatuz. Gainera, fede kontuak tarteko, emakume* batzuek ilea estali behar dute kartzelari gizonezkoen aurrean eta hauek ez diete beti jakinarazten ziega paretik igaro behar direnean. Honez gain, noizbehinka, ilea estaltzeko zapia kentzen diete edo haien arropa beste batzuengatik aldatzen, haien duintasuna zapaltze aldera.

Egoera zinez lazgarri hau jasanda ere, zenbait garaipen sinboliko eskuratu izan dituzte azken urteotan. Kartzela barnean izandako borrokarik esanguratsuenak hezkuntza eskubidea eta mugitzeko askatasunari lotutakoak izan dira. Izan ere, emakumezkoen* kartzelan zegoen irakasle bakarrak lanari uko egin ostean ordezkorik ekarri ez zietenez, haien artean antolatu behar izan zuten. Preso zegoen emakume* batek goi mailako ikasketak izanda Palestinako Hezkuntza Departamentuak irakasle izateko gaitasuna aitortzen zionez, berak gidatzen zituen ikasle gazteen eskolak. Israeldar kartzelan zeudenez honek agintariak sutan jarri zituen “adoktrinatzen” ari zela leporatzera helduz. Israeldar presioak gora behera, ikasle guztiek oinarrizko hezkuntza gainditu ahal izan zuten horrela. Mugimendu askatasunari lotutako borroka patioan jarritako segurtasun kameren harira etorri zen. Patioa kameraz josita egoteak sortzen zien presioa zela eta, hauek kentzeko patiora irteteari uko egin zioten. Kartzelarien kontrol areagotzearen saiakerari aurre eginez 63 egunez mantendu zuten “txapeoa” azkenean eskaera onartu zuten arte.

Bestetik, sistemaren aurka altxatu diren emakumezko preso ohi askok kalean ere ondorioak jasaten dituzte. Izan ere, kartzela atzean utzi ondoren bizitza berrabiaraztea ez dute erraza eta lana eta bikotea aurkitzeko, adibidez, zailtasunak izango dituzte. Gizonezko presoen ardura, askotan, neskalagun edota amak eraman ohi du eta kartzelaldia luzea izan arren bikoteak fidel jarraitu izaten dio harremanari. Espetxeratua emakumezkoa den kasuan, ordea, ardura nagusia ez du mutil-lagunak hartu ohi eta, askotan, harremana bukatutzat ematen du haurrak izateko aukeraren aitzakiapean beste bikote bat bilatuz.

Adierazitako guztiak eraginda, preso politiko palestinar batzuek gose grebari ekin zioten. Haietako batzuek 36 egun igaro ostean honakoa eten behar izan zuten, osasun arazoak zirela medio. Hala ere, bada egun 50 egunak gainditu dituen preso bat ere, honen eraginez biziarteko osasun gaitzak izango dituena eta ura nahiz odola goitika eginez kanporatzen hasia dena. Preso honek gose grebari uztaila hasieran ekin bazion ere, uztaila bitarte bestelako presoak ere batu dira, egun 50 pertsona inguru gose greban egonik.

Palestinako brigada mixtoaren bigarren kronika Palestinako brigada mixtoaren bigarren kronika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude