“Paisito lindo” bat

Patxi Lopezek eta biok kide behar genuke. Anaia bikiak, ia. Berdintzen gaituzten berezitasun garrantzizkoak ditugu: adin beretsukoak gara, gure jaioterriak 65 kilometrotara daude, Francoren azken urteek eta Trantsizioak markatu zuten geure gaztaroa, gerrako “galtzaileen” ondorengoak gara, musika berdintsua entzun genuen eta, deskuidatu ezkero, neska berarekin dantzan egindakoak izango gara biok.

Hala ere, bi unibertso guztiz desberdinetako biztanleak dirudigu, venusiarra bera, eta Martitzekoa ni. Edo, nahiago bada, txinatarra bera eta tibetarra ni. Gutxienez.

Sekulako tartea dago haren eta nire mundu ikuskeraren artean eta ezin dut konprenitu nola izan litekeen bera nire herriko Lehendakari. Bai, badakit nola gertatu diren gauzak gure historia hurbilenean, ez naiz hain zozoa ere eta matematika derrigortuen kontua ezaguna zait, baina ez dut konprenitzen nondik ateratzen duen Lopezek azala esaten dituenak esan eta egiten dituenak egiteko. Bai baitakit benetan dabilela.

Bere buruaz honela dio: “nunca he sido muy amigo de patrias“, eta horretan ere berdinak gara: aberria erreklamatzen ibili beharrik gabeko egunarekin dagit egunero amets, herritar europar normal nahi nuke neuk ere, halakorik baldin bada inon, aberri-minik batere gabeko herritartasun modernoaren statusa dut helburu, edozein Islandiarrek bezala.

Azkeneko sermoia, Aberri Egunaren karietara egin du Lopezek. Bere blogean. Arretaz irakurri dut eta apartekoa iruditu zait, hurrengo hauteskunde autonomikoen kausaz,  herritarroi gainera datorkigun arriskuaz  abisatzeko hartu duen erantzunkizun dramatiko itzela: “La ciudadanía tiene que ser muy consciente de esta realidad. Y es mi responsabilidad advertirla, sin dramatización alguna, pero con claridad: existe el riesgo de que Euskadi pueda volver al viejo pantano del debate identitario que absorbió nuestras energías durante casi una década.”

Lokatza datorkigula gainera, ostera ere, alegia. Pausoa geldotu eta aitzinatzea zailduko digun kakanahaste betierekoa, antza. Oraingoan lotsagabeki, gainera: “Esta vez recrecido y más a cara descubierta, pero igualmente estéril y dañino para una sociedad plural en sus identidades y opciones.

Etorkizun lazkarria aurrikusten du berak, izugarria: “No se proponen acuerdos ni escenarios para sumar nuestra pluralidad y diversidad, se propone abiertamente una independencia que fractura a Euskadi, a sus territorios y a su sociedad. Se propone la vuelta a la política de bloques, a la confrontación y al enfrentamiento permanente.

Eta hori guztia ez dio edozeinek, Euskal Erkidegoko Lehendakariak berak dio, zeinak, patrien oso lagun ez izan arren, Aberri Eguna ospatu ei zuen honakoa lortu zen egunera arte: “el verdadero Día de la Patria es el que recuerda el pacto que permitió que los vascos de Alava, Bizkaia y Gipuzkoa emprendiéramos un proyecto común dentro de España y Europa.(-) que hizo factible la patria que nos reconoce como ciudadanas y ciudadanos vascos con derechos, libres e iguales. A los nacionalistas y a quienes no lo somos.

Zein nekea! Nondik hasiko naiz erantzuten? Bere kalkuluetan non jartzen ote ditu Iparraldeko euskaldunak diren nire seme-alabak, esaterako?

Ez ote da konturatzen bitan zatitzen dela gure herri hau, bera bezalakoak alde batera eta nire antzekoak bestera? Ez ote da ohartzen bere erdiaren arabera araututa dagoela guztion eguneroko derrigorrezkoa, herritartasun kokorikatu hau?

Ez dakit zenbat diren, zenbat zareten, marraren alde horretan. Ez eta ere zenbat garen alde honetan. Susmoa dut nire aldean erdia gehi bat bagarela, gutxienez. Aldiz  erdia ken bat, Lopezen aldean. Itxura guztien arabera.

Bi aldeok elkarren ondoan nola konpondu behar genukeen pentsatu behar luke denona nahi duela aitortua duen Lehendakariak. Eta ez alde batekoen zapalkuntzaren propagandarako erabili bere leku gailurrekoa.

Bere ikuspegitik, erdia gehi bat den aldearen borondateak ez du fitsik balio, ez du legitimitaterik eta ez du aukerarik merezi. Lokatza da, atzerapena eta betiko korapilo identitario fatigantea. Ezin da ulertu, alde horretako herritarrek  erdia ken bat den aldearen arautegitik askatzen ibiltzeko duten obsesio atzerakoi hori.

Erdia ken bat den aldearen borondatea, ordea, ez duzu konparatuko, aurrerapena eta guztizko aukera demokratikoa da.

Brice Etxenike idazlea kexu zen behin aberri duen Peru behartsu eta zatituari buruz: “Qué bueno si el nuestro fuera un paisito lindo al lado mismo de París, y no este que nos tocó en suerte“.

Ba horixe, Lopezena paisito lindo bat litzatekeela. Hemen ez balego eta gu bertan ez bageunde, jakina.

 

 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)