Oslo, judutartasuna eta boikota

Oslo, judutartasuna eta boikota –

Historia garaikidean bake akordio gutxik lortu dute Oslokoek ezartzen zituzten helburuen alderantzikatze eraginkorragorik. Ordutik mende laurdena bete ostean, Israelgo gobernuak ziurgabetasuna eta nahasmena baliatzen ditu, bai mundu mailan zein Euskal Herrian, bere gailentasun osoa inposatzeko.

Oslo, judutartasuna eta boikota

Adostasun mugarri sinestezina zirudien 1993an Washingtonen Clintonen aurrean irudikatutakoak; aurreko hamarkadetan Palestina eta Israelen arteko gatazkaren tentsio mailak ekimen bakegilearen asmoa piztu ostean, Yasser Arafatek luzatutako eskuak bostekoa eragin zuen aurretiaz etsai amorratua izan zen Yitzhak Rabinengan. Modu honetan akordioek ezartzen zuten trantsizio aldiari hasiera eman zitzaion.

Akordioen oinarrizko baldintzak bestearen onarpena ezartzen zuen, beraz, Israelek Gaza eta Zisjordaniako autonomia onartzearekin batera, Palestinako Askapenerako Erakundeak Israelen existitzeko eskubidea onetsi zuen. Bi Estatuen irtenbidea sustatzea ezarri zuen helburutzat Osloko Akordioak, hortaz, bi aldeek ekintza armatuak amaitutzat emateaz gain lurralde osoa bata zein bestearen banderapean bateratzeko asmoak baztertzera behartu zituen. Era berean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 242 ebazpena betetzera bultzatzen zuen, hots, bereziki Israelek lurralde okupatuetan zeukan presentzia militarrak alde egitea, Palestinako gobernuaren eraketaren baldintza bezala. Trantsizio izaerarekin, Palestinako Aginte Nazionala Gaza eta Zisjordaniako autoritate bihurtu zen. Haatik, honek guztiak irekitako itxaropen leihoak praxi zitalari egin zion bide.

Itunak, Zisjordaniaren lurraldearen gehiengoa eta akuifero zein mugen kontrola Israelgo gobernuaren esku utzi zituen. Bide-orriak ez zion kolonien estatus eta egoerari adorez heldu, eta beste hainbat faktoreekin batera, palestinarren zapalkuntzak ez zuen etenik izan. Aro berri-zaharraren hasiera 1995ean Yitzhak Rabinen erailketak (Israelgo judutar ultraeskuindar baten eskutik) irudikatu zuen, 1996an lehen ministro Benjamin Netanyahuren izendatzeak, eta azkenik, 2000ko bigarren Intifadak. Geroztik, istorio bera errepikatzen duen iruditegia: 2002an, altueran zortzi eta luzeran zazpiehun kilometrotako harresiaren eraikuntza; 2009 eta 2014ko Gazako sarraskiak; palestinar biztanleriaren bereizketa eta isolatze politika gauzatzeko errepide esklusiboak, kolonien kontrolgabeko hazkundea, jazarpen politiko, militar eta ekonomikoa; 2017an, Asentamenduen Erregularizazioaren Lege israeldarrak, Estatu judutarraren legediarentzat ere (nazioartekoan kolonia guztiak dira ilegalak) legez kanpokoak ziren koloniak atzeraeraginezko izaerarekin legezkotu ditu; aurten, 2018an, Jerusalemgo enbaxadaren afera entzutetsuaz aparte, jarraibide honen azken mugarri bezala, Israelgo gobernuak adierazi du “nazioarteko legediari men egin beharrik ez diola”, beste behin ere, ekintza burutuen politika ardatz duelarik. Honek agerian uzten du palestinarrekiko bere izaera baztertzaile eta arrazista, eta modu berean politika hauen kontra azaltzen diren israeldarrak ere jazartzen dituelarik.

Izan ere, uda honetan gobernuak onartu duen nazio-estatu legeak sionismoaren izaera modu paregabean adierazten du, apartheida darie berau osatzen duten hiru ardatzei: judutarrei bakarrik dagokie Israelen autodeterminazio nazionalaren eskubidea gauzatzea; hebreera da Israelgo hizkuntz ofizial bakarra; kolonia judutarrak balio nazionaltzat onartzeaz gain, hauen sustapena eta garapena bultzatzera xedatzen du. Biztanleriaren %25a judutarra ez den lurralde honetan demokrazia zeharo baztertu eta judutartasunaren adierabakartasuna ezartzen ari diren bitartean, munduaren edozein txokotan antisemitismoaren terminoaren manipulazioaren bitartez, beronen esanahi historiko eta literala galbideratu eta azpijoko politikoa zuritzeko baliatzen ditu sionismoaren atal desberdinek.

Bere burua biktimatzat daukan okupatzailearengandik ezin daiteke ezer espero, ezta Israel babesteagatik justiziaren balore unibertsalak baztertzen duenarengandik ere. Distantziakidetasuna eta politikan murgildu nahi ez izatearen aitzakiak baliatzen dituztenengandik ordea, etikotasun maila minimoa eskatzerik badago, baita gurean ere. San Sebastian International Film Festival-eko arduradunek adibidez, feminismoa berdintasunean eta parekidetasunean datzala ulertu izana erakusleihoan jarri badute ere, jaialdiaren izenaren aldaketaren kontuari bezainbesteko garrantzirik ez diote eman Palestina-Israel auzian jazotzen denari, historiaren etorkizuneko epaiari muzin eginez. Lasai asko topa genezake Hego Afrikako apartheid egoerari buruzko film eta solasaldi saio eleaniztunik SSIFFen, baina ez ordea, gaur egun orduko egoera baino latzagoa eragiten ari duenaren kontrako salaketarik, horretarako okupatutako biztanleriak deitutako nazioarteko mugimenduak, alegia, BDZ mugimenduak, horretarako deia luzatuta badu ere. Ez kulturan, eta ezta politikan ere, neutrala izaterik ez dago, bereziki, tartean Estatu kriminalekin adostasunean eskubide urratzeak zuritzeko eta normaltasunaren irudia zabaltzeko konpromisoa ebatzita dagoenean.

Arinki erabiltzen ditu Iruñeako Udalaren kontra ACOMek (Acción y Comunicación sobre Oriente Medio) “judenfrei” bezalako Holokaustoko erreferentziak, Palestinaren eta BDZ mugimenduaren alde egiteagatik, ustezko antisemitismoaren inposatzea salatzeko, Palestinan, biztanleriaren egunerokotasunean pairatu beharrezkoaz gain, “gas the arabs” bezalako pintadak aurki daitezkeenean.

Israelen fatxada demokratikoaren estalkia guztiz erori den une honetan gure egiten ditugu bidegabekerien kontra, beraz BDZren alde egiten duten judutarren hitza, baita Ilan Pappé, Judith Butler edota Hanna Arendt-en ondarea eta judutartasuna aldarrikatu ere; ez ordea, Theodor Herzl, Sheldon Adelson edo Benjamin Netanyahurena, 70 urteren ostean, oraindik oinarrizko eskubiderik gabe bizi den biztanleriaren egoeraren sustatzaileak.

Aitor Bikandi eta Maddi Gallastegi, Askapenako kideak

Oslo, judutartasuna eta boikota
Oslo, judutartasuna eta boikota
Oslo, judutartasuna eta boikota
askapena, Ekialde Hurbila, internazionalismoa, Israel, judutartasuna eta boikota, Oslo, Palestina, sionismoa, sionistak
Maddi Gallastegi

Askapena erakunde internazionalista

Zer duzu buruan “Oslo, judutartasuna eta boikota”-ri buruz

  • Palestindarrek hasiera hasieratik argi azaldu zuten bake akordioa betetzeko asmoa, bai… Ze gaiztoak diren batzuk, eta ze zintzoak besteak. Ze erraza arazoa, eta ze sinple konponbidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude