Orsai aldizkaria eskuetan hartuta

Sarearen bitartez jakin genuen Hernan Casciari blogari ezagunaren proiektua. Orsai. Eta sarean egin dugu erosteko ahalegina. Sarean ezagutu ditugu beste irakurle batzuk, eta saretik zain egon gara, aldizkaria noiz helduko.

Urte amaieran mezua jaso genuen, heltzear zela posta paketea. 30 aldizkari genituen Bilbon banatzeko. Eta hitzordua adostu genuen posta zerrenda inprobisatu batean, urte barri biharamunerako, Bilboko La Granja kafetegi ezagun eta zentrikoan.

Kasualitatea! handik igaro zen lehenengoak iragarri zigun posta elektronikoz, itxita zegoela. Eta bertara heldu zen harpidedun bat, eta kafetegia itxita egonagatik, bertatik pasatzen zirenei galdetzen zien ea Orsai aldizkariaren harpidedun izateko geratuta zeuden han. Bromatzat hartzen zuten Bilboko oinezkoek. Eta handik gutxira, esku banatan poltsa handi batekin agertu zen beste bata. Eta harek bai, harek behar zuen aldizkari banatzailea, sarean harpidetza egin, eta aldez aurretik dirua aurretu zuen bolondresa.

Eta apurka apurka, kafetegi ondoko eraikinean jende multzoa batzen hasi zen. Ez zuten elkar ezaguten, batek ere ez. Irakurketak batzen zituen. Aldizkari berria irakurtzeko gogo horrek.

Nik ere, metroan jakin nuen, 3G konexioari esker, azken mezuen berri. Banekien enintzela azkena izango heltzen. Ordurako banekien kafetegia itxita zegoela, eta batzuk ezingo zutela bertaratu. Abandoko metro geltokian, Gran Viako irteera hartu, eta espaloiaren beste aldean ikusi nezakeen jende multzo handia. Bakarra ezagutzen nuen, eta buruarekin agurtu genuen elkar. Eta elkarren ondoan jarri, eta euskaraz berbaz hasi ginen. Antza, gu ginen elkar ezagutzen genuen bakarrak. Marka da hori gero!

Beste euskaldun bat ere bazen aldamenean, eta berbetan hasi, eta saltsa batzuetan kointzidituak ginen, sarean, softwarea euskaratzeko posta zerrenda batean edo. Orain, Orsaik elkartu gintuen. 

NDE2OQ==

Plaza Zirkularretik, Abando hotelera jo genuen. Hango hall ederreko sofa batzuetan jezarri, eta aldizkariak partitzeari ekin zion ardura hartua zuenak. Hamahiruna euro ordaindu genituen lehen zenbakiagatik. Eta batzuk han geratu baziren ere, guk hirurok, hiru euskaldunok, bueltako bideari ekin genion. Nork berera. Metroa hartu nuen berriz ere. Eta irakurtzeari ekin nion.

Eta, irakurketa horretatik, Orsai aldizkariaren editoriala euskaratu eta hona dakart.

10.080

Jadanik inork ez du behar paperezko aldizkaririk. Internet dago, eta youtube; liburuak ez dira saltzen eta literatur aldizkariak ez dira errentableak. Baina hemen baduzu bat, eta zure eskuetan dago. Ondo begira ezazu: enkuadernatutako paper objetua da, badu bere solomoa, eta kilo erdia baino gehiago egiten du. Larunbateko 15 egunkari kostatu zaizkizu. Eta orain zurea da. Barruan zer zeukan jakin barik erosi zenuen gainera. Beharrizanik gabe erosiko zenuen, sarean bueltaka dabilen doako PDF bat dagoela jakitun. Eta berez, eta bihotza eskuetan jarrita, ez du merezi holango aldizkaririk erosteak. Baina behin ahalegina eginda, izan dadila zerbaitetarako: hurbildu ezazu sudurra, eta pasa hatzamarra bere orriotatik. Haizeak usaina dakarkizu bueltan, zelulosa eta tintaren nahasketa bat, jarriozu arreta usainari. Lehenengoz, eta bigarrenean ere, ez duzu ezer sentituko, emoziorik ere ez. Ez zaitez gehiegi arduratu, utziozu denborari iragaiten. Hiru, bost edo hamar urte beranduago, aroma hori kontzentratuagoa izango da, eta berehala ezagutuko duzu. Ezer esaten ez dizun usain honek, egunen batean aldizkaria erosi zenion tipoaren aurpegia gogoraraziko dizu, paketea heldu zeneko poztasun hura, eta eskuetan zenuenean burutik pasatutakoa. Usain horrek, garai hura ekarriko dizu gogora.
Ezinezkoa izango da aldizkaria kioskoan erosi izana, edo Carrefour batean inpultso batek eraginda erostea, edo publizitatearen eraginez ezagutu izana. Aldizkaria eta zure arteko harremana, hurbil hurbilekoa da. Hamar mila eta larogei ale inprimatu dira, eta bat zurea da. Eta usain horrek, gogoraraziko dizu, zelan behinola arratsaldez dirua eman zenion ezezagun bati, itsu itsuan, eta gustatu egin zitzaizula. Eta badago istorio bat objetua eta bion artean. Historia hori orain ondo ezagutzen duzu, baina noizbait usain hau izango dena. Eta usain hau ez da berria, eta ez da lehen aldiz gertatzen ari. Zure aiton amonek liburuak eta aldizkariak irakurri aurretik usaintzen zituzten; beraien etxeetara gauza enkuadernatua heltzen zen aldiro egiten zuten lehenengo ekintza izan ohi zen.  Duela urte asko, ez Internetik, ez publizitate bonbardaketarik ez zegoenean, aisialdi industrian merkataririk ez zenean, paperezko objetuak gogoekin itxaroten zituzten. Seriotan itxaroten zituzten. Eta irakurleek usainaren bila jotzen zuten, lehen baino lehen, izan ere desio diren gauzan aroma, beranduago atseginezko sentsazioen ADNan egongo baita. Oxala, denbora igaro eta orri hauek usaintzean -zaharkituak oso ordurako- usainak airean zegoen zintzotasuna gogoraratzen dizun, eta aldizkari batekin amets egitea posible zela esaten dizun. Garai bat gogoraziko dizu agian, intentsoa baina arraroa, hamar mla eta larogeik irakurle eta hogeitalau egilek alaitasunez komunikatu zutena. Inor tartean egon barik. 

Hernan Casciari

NDE3MQ==
Orsai aldizkaria, Orsai.es webgunearen aitzinean.

Irudia | Orsai aldizkaria | iPtx | Creative Commons By SA
Irudia | Orsai aldizkaria | iPtx | Creative Commons By SA
Irudia | Orsai eta orsai.es | iPtx | Creative Commons By SA
aldizkaria, Internet, Orsai, Papera
Patxi Gaztelumendi

kazetaria | eduki sortzailea| blogaria agit/prop 2.0 gaztelumendi.eus

4 pentsamendu “Orsai aldizkaria eskuetan hartuta”-ri buruz

  • Aupa Zuzelariok. Zuen istorioa eta Orsaiko editorialarena irakurri ondoren inbiditan nago, eta zuentzako pare bat galdera utzi dizkit buruan iltzaturik.

    Orsai aldizkariaren ale bakoitza 13€tan erosten jarraitu beharko duzue? Edo pertsona gehiago harpidetuko bagina merkeago izatera heltzea lor litee?

    Eta beste galdera… Badakit Durangon ZuZeu-ren lehengo alea egon zela salgai (3 edo 5 eurotan oker ezpanago). Ni ordea, ezin izan nuen Durangora hurbildu; baina hala ere aldizkariko aleren bat edo beste lortu gura nuke (bat niretzat eta beste bat Trintxerpeko liburutegian uzteko).

    Baliteke web hontan beste nonbaiten azkeneko galdera honentzako informazio egotea, baino ZuZeu-n ibili naizenetan, oraindik ez dut topatu.

    Aldez aurretik eskerrikasko egiten duzuen lan guztiarengatik.

  • Gari Garaialde 2011-01-04 19:37

    Aupa Txetxo, hemen topatuko duzu horri buruzko informazioa.
    https://zuzeu.eus/2010/12/28/papereko-zuzeu-eskura-duzu/

  • Eskerrikasko Gari. Bihar bertan Donostiko Elkarrera joango naiz ea oraindik aleren bat duten galdetzera.

    Hala ere, aberatsa ez naizen arren, eta internetetik hainbat serie eta pelikula deskargatzeagatik kontzientzi txarrik ez dudala ere esanda, bai niretzat eta Trintxepeko liburutegiarentzat hartu nahi ditudan aleak 3€tan  ordaindu nahi nituzke bakoitza gutxienez.

    Zuk emaniko esteka irakurtzerakoan aldizkariko kolaboratzaileen artean-edo ikusi zaitut. Zuen ale pare hori lortzekotan, Zuzeuko kontu korrontera 6ak iristarazten laguntzeko mezua bidaliko dizut (euskaldun hitza).

  • Patxi Gaztelumendi

    […] Orsairen estilora, jendeak bat baino gehiago erosten du, oparitzeko, lantokian uzteko edo, besterik gabe, ezagunen artean banatzeko. Horrela lortu du salmentei dagokionean Michel Houllebeccquen Le carte et le territoire gainditzea, adibidez. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude