Omar Little

Omar Little –

Har dezagun Baltimor, kale txunditu batzuk, afromarikarren kaleak, hain zuzen. Eta norbait txistu eginez dator. Jendea urduri dago. Doinua ezaguna da, umeentzako abesti batzuetan erabiltzen baita, adibidez, The farmer in the dell edo A hunting we will go abestietan. Askotan, umeentzako abestiak beldurra emateko egiten dira. Musika hori seinale bat da, Omar Little pertsonaia agertzera doan seinalea, zehazki. Irmoa, dotorea eta beldurrik gabekoa.

Har dezagun Gasteiz, alde zahar polit bat, eta ni, ama izan berria, gauetan alaba lokartarazi beharrean, besotan edo titian. Ahal dudan guztia egiten dut. Urduri nago. Gauero, hala ere, telesail berri hori jartzen dugu: The Wire, Baltimoren kokatuta. Justu XXI. mendearen hasieran dago egina, 2002an, baina gu, Estatu Batuetatik urrun bizi garenez, 2010an hasi gara ikusten, ume txiki-txiki batekin.

Omar Little pantailan agertzen den bakoitzean, atseden hartzen dut, badakidalako ez dela egongo bidegabekeriarik. Bere jokoa jolastera mugatuko dela. Hau da, lapurreta, gabardina jantzita eta eskopeta bat eskuetan, baino bere neurri moral zorrotzak beti begiratuz. Definizio batzuetan Robin Hood modernoa izendatzen dute. Antiheroia, subalternitatearen ertzeetan bakarrik jaiotzen eta altxatzen diren figura mitikoak. Beltza, pobrea eta homosexuala. Ezberdina izateko kemena daukan bakarrenetako bat, ez baita erraza.

Omar Littleen agerpenarekin azal ote diteke XXI. mendearen hasiera? Nire kasuan, bai. Alde pertsonalari dagokionez, lehenik, The Wire telefilmak amatasunaren lehen gauetan lagundu egin zidan, eta berarekin hasi nuen nire garai oparoena. Gero, formatua bera: Esan dezakegu, akaso, kapitulu haiekin telesailaren urrezkoa garaia ere hasi zela. Telebista ikusteko modu berri hura gauero eleberri oso on bat irakurtzea bezala zen. Ezin da ukatu atsegina ez denik. Hala ere, etxetik ez ateratzeko beste aitzakia bat ere bada; izan ere, zuk nahi duzunean ikusten duzu, zeinek berea, begirada beste inorekin partekatu gabe. Indibidualismoaren garai hauetan, aukera paregabea da. Azkenik, telesailaren muina, hau da, gaia. Kasu honetan, The Wire, Baltimore hiriaren erretrato sakon bat da, eta adibidea kategoria bihurtzea lortzen du, eta hiri hau XXI. mendeko edozein hiri gris eta kapitalista izango da. Eta zein da Omar Little pertsonaia han barruan? itxaropen baten izpi iragankorra.

Omar Little-en atzean Michel K. Williams aktorea zegoen. Bere biografia desberdintasunaren gizartetan irakurtzen diren biografien modukoa da; haurtzaro zaila, dantzari bezala aurkitu zuen lana eta, azkenean, bere bizitzako papera: Omar Little. Azken berria eta biografiaren amaiera duela gutxi izan dugu, Michel K. Williams hilda aurkitu dute opiazio sobredosi batengatik. Eta han hasten da beste historia bat. 90eko hamarkadaren erdi aldean Estatu Batuetako medikuen artean mina kentzeko botika ematen hasi ziren, Oxycontin izenekoa. Botika horrek opioa dauka eta mendekotasun sortzaile izugarria da. Eta horrela, laburbilduz, hasi zen XX. mendeko epidemia latzenetakoa, farmazeutiken eskutik. 2019an, Ameriketa Estatu Batuetan soilik, 500.000 lagun hil ziren horregatik. Zoritxarrez, mundu osoan zabaltzen ari da. Orain, konfinamenduekin eta Covid-en neurriekin, areagotu egin omen da. 2021an Michel K. Williams ere sartu da zerrenda ilun horretan. Eta gu hemen geratu gara, XXI. mende honekin, mina kentzeko irtenbide okerrekin eta kalean txistu eginez doinu bat airean dakarren inor gabe.

 

2 pentsamendu “Omar Little”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude