Olof Palme eta altzari garestiak

Olof Palme eta altzairu garestiak

Altzari merkeak norbaiti atera behar zaizkio garesti, derrigorrez.

Hamabost urtek ematen duten purtziltasunarekin zapaldu nuen lehen aldiz Suedia. Kuriositatea, poza eta beldurra nahastuta iritsi nintzen Estolmokotik bi ordura zegoen Estokolmoko aireportura. Datu kurioso bat: azaldu zidatenaren arabera Stocholm “enborren gaineko uharteak” esan nahi du suedieraz. Hiria bera uraren gainean eraikia dago hainbat tokitan, eta uharte sorta ederrek osatzen dute.

Luis eta Birgita zeuden itxaroten. Luis, herrialde eskandinaviarrean babesa hartutako errefuxiatu uruguaitarra; Birgitta, errefuxiatuei suediera irakasten zien bertako filologoa. Ikasle denok eduki dugu inoiz irakasleren bat begiz jota (bai ala ez?), eta, institutu garaitik aurrera, alderantziz ere ziur nago antzekoa dela. Ba ikasgela hartatik bikote ederra atera zen, nire aitaren lagun minak izandakoak, eta oinordetzan nire lagunak ere egin zirenak. Lagunak herentzian utzi daitezke, badakizue hori.

Suedian igaro nituen bi hilabeteak oso garrantzitsuak izan ziren niretzat. Izan ere, hamalau urte arte zuberotarrek bezala egiten nuen oihu, baina Asisko Urmenetak adierazitako moduan: ez “ala jinkoa!“, baizik eta “Allah Jinkoa“. Hori aldatu zenean, inguruan zebiltzan kontzeptuak erdigunean kokatzen hasi ziren, eta,denok bezala, nire nortasun politikoa eraikitzeari ekin nion, testuingurua zipriztintzen zuten faktoreekin: gaztetxea, euskara, borroka armatua, Guardia Zibila, Ertzaintza, autodeterminazio eskubidea, ezker abertzalea, hezkuntza sistema, greba orokorrak, matxismoa, Ikasle Abertzaleak, Egunkariaren itxiera…

On egin zidaten Luis eta Birgitarekin izandako solasaldi luzeek. Bi adiskide anarkista, bi lagun konprometitu. Momentu hura iritsi arte ez nituen azalpen politiko asko jaso, inor ez zen jarri niri munduaren funtzionamendua ikuspegi kritiko batetik fundamentuz azaltzen. Uruguaitar eta suediar anarkista bikote batekin jaso nituen nire lehen lezio politikoak.

Ordutik hona, adiskide eta lagun askori esker, lezio politikoak jasotzen jarraitu dut. Egun, saretik iristen zaizkidan “Otorduak” saioak asko estimatzen ditut, beti dagoelako zerbait berria kontatzen didan norbait, modu ulergarrian; niretzat behintzat, berriak diren ekarpenak entzun ditut. Tentuz entzuteaz gain, niretzat boligrafoa eta paperarekin jarraitzeko moduko bideoak dira. Azkena Eñaut Apaolazaren eskutik datorkigu, eta ikusi beharrekoa da, zeren eta ni orain ohartu naiz Euskal Herria ez zela erreskatatua izan, erreskatatzailea baizik (esaterako), eta ez dela serioa, inondik inora, gure burua estatu espainiarrarekin alderatzea gai ekonomikoetan.

Beste gauza askoren artean, Apaolazak esaten digu bidegurutzean gaudela, hautu bat egin beharrean: mediterraneoko ekonomia eta estatu eredua jarraitu, edo aldiz, Europa erdialdetik gora daudenena. Esaten duen moduagatik begi bistakoa da nahiagoa duela iparraldekoa; baita nik ere, eta arrazoi asko daude hori argudiatzeko.

Luisek kontatu zidan Suediara iritsi eta lehen hilabeteetan sekulako krisi existentziala izan zuela. Montevideoko Cerro langile auzoan jaio eta hezi zen, eta anarkista porrokatua eta borrokatua da gaztetatik. Suediara iritsitakoan, ordea, zalantza ugari izan zituen hasieran, ezin baitzuen sinetsi ikusten zuena. Sindikatuak indartsu, eta sekulako lan hitzarmenak lortuta; ikasleei ordaindu egiten zitzaien ikasteagatik; errefuxiatuak besoak zabalik hartzen zituzten; ia ez zegoen ez lapurreta eta ez hilketarik; espetxeak ia hutsik; greba orokor baten usaina sumatu ere ez zen egiten. Soldataren ia erdia edo erdia zergetan joaten zen, baina gero agerikoa zen bueltan zetorrela. Hezkuntza, osasuna, azpiegiturak, naturarekiko gutxieneko errespetua…

Baina zer zen hori? FUNTZIONATZEN ZUEN KAPITALISMO BAT? AAAAAHHHHHHHH!!!

olof palmeDena testuinguruan kokatu behar da, labur bada ere. Suedia ez zen II. Mundu Gerran sartu (beno bai, naziei pixka bat lagundu zien, baina pixka bat bakarrik, e), eta gerra osteko garaia osorik zeuden azpiegitura eta sare ekonomikoarekin hasi zuten. Mapan kokatuz gero, ohartuko gara Finlandiak eta Norvegiak muga egiten dutela Errusiarekin, eta Suedia oso hurbil dago. Komunismoa ahalik eta urrutien mantentzeko asmatu zen “ongizate estatua” deiturikoa, eta suediar sozialdemokraziak urrutira eraman zuen. Baina batzuek bazekiten egoera hori Sobietar Batasuna zutik zegoen bitartean mantenduko zela, ez gehiago; aldiz, ba omen zegoen sozialdemokrazian hori horrela ikusten ez zuenik, Suediak bizi zuen egoera mantendu edo ezkerreko ikuspuntutik gehiago garatu behar zela sinesten zutenak. Ezkerreko korronte horretan kokatzen omen zen Olof Palme, eta ziurrenik horregatik hilko zuten. Inork ez zuen ekintza bere gain hartu, eta masa hedabideek zentzu politikoa kendu nahi izan zioten hilketa drogazale/lapur txatxu batek egin zuela esanez, eta kito. Batek daki.

Berriz ere agerian geratzen dena da ekoizpen iturriak sozializatzen ez diren bitartean ez diogula gatazkari muinetik helduko. Zeren eta Sobietar Batasuna erori zen, eta Suedia Europar Batasunean sartu, eta 90eko hamarkadan hasitako ofentsiba neoliberalak ere izan du eragina. 2011n munduko arma esportatzaileen zerrendan zazpigarren postua eskuratu zuen. Eskandinaviako herrialdeen ekonomia edo hezkuntza ereduaz hizketan hasten garenean lerdea dariola jartzen gara, eta zentzu batzuetan egia den arren, ez gara hunkitu behar Europa iparraldeko guztia ikaragarri ona dela esanez. Apaolazari ulertzen diodanaren arabera, eta hori konpartitzen dut, Europa iparraldeko herrialdeak onuragarriak diren hainbat erreferentzia eta norabide eskaintzen dituzte arlo ekonomikoan, Mediterraneoko patxangarekin alderatuta.

Olof Palme eta altzari garestiakSuediako monarkia parlamentarioak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortu behar zuen, bere lurraldea berreskuratzeko eskubidea daukan herri bat dagoela basamortuan zokoratua eta zonalde okupatuetan zanpatua. Jugoslavia zenaren ondotik, lehen lurralde europarra izan behar zen hori egiten. Baina IKEA Errepublika Independenteak negoziazioak moztu ditu. Izan ere, zentro komertzial bat zabaldu nahi dute Marokon, eta monarkia absolutistak esan die Suediak Sahara nazio gisa aitortuz gero, ez ziela utziko. Suediak atzera jo eta errekonozimendua kentzea deliberatu du.

Nire aita urtetan aritu zen Fronte Polisarioren enbaxadore bezala Suedian, eta Olof Palme ezagutu zuen. Tipo ona omen zen, abegikorra eta solidarioa. Egun, errefuxiatu kanpamenduetako Aaiun wilayan, bere izena daraman eskola bat dago. Kissinger bezalako nazkagarri bat Palmeren inguruan gaizki esaka aritu izana seinale ona da.

Ez dakit Suediak zergatik ez zuen Saharar Errepublika aitortzeko pausu politikoa Olof Palmeren garaian eman, 80ko hamarkadan. Beharbada norbaitek erantzun diezaioke hutsune horri. Baina ziur naiz mundu osoko errefuxiatu politikoak besoak zabalik jaso zituen Olof Palmek burua altxatuko balu atsekabe galanta izango zuela. Ez da berria, Suedia ez da bakarra, baina pausu bat eman du aurrera ondoren atzera bi jotzeko. Suediak herri baten bizitzeko eskubidea zentro komertzial batek ematen dituen irabazietatik behera jarri du.  Horri deitzen zaio debaluazioa, eta beste dana pitokeria galanta.

Olof Palme eta altzari garestiak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

2 pentsamendu “Olof Palme eta altzari garestiak”-ri buruz

  • Kaixo Beñat, aitzakia polita ematen didazu zuk ere gauza pare batean ñabardurak eman ahal izateko. Elkarrizketan zehar gai asko ukitu genituen, eta orokorrean eta gure betaurrekoetatik begiratuta gainera. Horrek dakar askotan zehaztasunak alde batera uztea, baina horiekiko gosea piztu bada, gaitz erdi.
    Ez daukazu arrazoi faltarik, iparraldeko estatuek ere ipurdian zulo, eta batez ere azken urteotan Europako joera nagusienekin bat doaz, baina espainiar Estatuan ez bezala, frenoaren pedalak funtzionatzen die oraindik.
    Gurea eraikitzerakoan, egungo egoera eta erreferentzia historikoak presente izatea komeni da, batez ere kontuan izanda gertuen daukagunak -eta bizi dugunak- ez duela balio gizarteari behar dituen prestazioak eta herritar kapa zabalei bizibide egokia eman ahal izateko. Hau da, beste norabaiterantz mugitzen hasi behar gara, eta ereduak topatu behar ditugu, baina ez mimetikoki kopiatzeko noski.
    Zentzu honetan inportantea da jarduera ekonomikoa eta ardura politikoa uztartzea. Hau da, ezin da ekonomia enpresarien eta inbertsoreen ardura balitz bezala jokatu. Horrek politikaren menperatzea baitakar (IKEA eta Suediaren kasua Errepublika Saharauiarekiko menperatze honen adibide da hain zuzen). Gure egitura politikoak enpresa handien menpeko badira, enpresa handien interesok interes orokorren gaineko izango dira, eta ondorioz lanaren prezioa merkatuko da, zerbitzu sozialak eta estatua-administrazioa ahuldu egigno da. Laburbilduz, interes orokorrak gailentzeko politika ekonomikoak interes ekonomikoen gainetik egon behar dira.
    Zuk aipatu duzun kasua oso itsusia da, eta kasu honetan IKEAren interesekiko menperatze garbi bat adierazten du. Gurean berriz intereson menperatzea eguneroko goia dugu zoritxarrez: energia horniketa kontuekin gertatzen dena, ondasun publikoak esku pribatuetan uztea, alferrikako azpiegiturak sortzea porlanaren industriaren mesedetan, zerbitzu publikoen etengabeko narriadura… Ez da bat ala bestea noski, adibide ezberdinak dira.
    Hortik aurrera gauza askoz gehiago esan daiteke. Zerk ahalbidetzen du hori? Gurean estatu eta egitura politiko batzuk hori ahalbidetu dute, eta une honetan ahalbidetzen ari dira nahiz eta neurri apalagoan izan (Europa erdi aldea eta iparraldearen erreferentzia horregatik agertzen da elkarrizketan). Krisiaren ondorioz interes orokorra interes partikular eta oligarkikoei menperatzea ez da derrigorra, beste aukerak badaude.
    Gorago azaldutakoetan jarduera eta egitura ekonomikoaren ezaugarri batzuk proposatzen dira. Horiez gain beste batzuk ere badaude (industria lehenestea edo beste sektore batzuk lehenestea, inbertsio ahalmena, garapena eta ikerketa ahalmena eta borondatea, enpresen jabetzaren inguruko politikak, lan harremanak…).
    Enfin Beñat, luze jotzeko moduko kontuak. Goiari eutsi eta laster arte

  • Beñat Hach Embarek 2016-01-21 13:37

    Aupa Eñaut!
    Eskertzekoa da ñabardura horiek gehiago azaltzea, sumatzen nuen bestela ulertzen nuena ez ote zen hanka motz xamar geratuko.
    Zuk esan bezala luze joko luke guztian sakontzeak, eta zure laburpena geratzen naiz: “politika ekonomikoak interes ekonomikoen gainetik egon behar dira”.
    Oso gustura ikusi dut elkarrizketa, baina iruditzen zait bigarren aldiz ikusi beharrean nagoela gehiago barneratzeko.
    Zorionak, animo eta ondo bizi!