Olatu berria Eskoziatik?

Olatu berria Eskoziatik? –

Iker Iraola Arretxek Argia aldizkarian.

Olatu berria Eskoziatik?Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek garamatza ordurako aurreko erreferendumetik bederatzi urte pasata egongo direla konturatzera. 2014an eskoziarrek independentziari buruzko galdeketa izan zuten, eta hiru urte beranduago, 2017an, Katalunian izan zen erreferenduma, ezaguna denez eta jakina den erantzuna jasoz Espainiako Erresumaren aldetik. Bi bozketok, nolabait, independentzia eta sezesio nahiaren olatu berria osatu zuten Europako testuinguruan, eta nazio gatazkak indartsuak diren gainontzeko herrialdeetatik interes handiz begiratu genion uhin hari.

Euskal Herrian eragin handia izan zuen olatu hark, batez ere Kataluniatik etorritako bagak. Ez naiz erreferendumaz eta elkartasunaz zehazki ari, baizik eta bozketa haietara iristeko bi herrialdeetan abiaturiko prozesuez eta berrikuntza teorikoez: independentzia justifikatzeko planteamendu berriak, demosa azpimarratzea nazioarekin batera, nazioa modu berriez eta irekiez zedarritzea, demokrazia eztabaidaren erdigunean ipintzea, eta abar. Euskal Herrian, testuinguru hartan, baikortasuna piztu zen nazio auziari zegokionean, hemen bertan 2011tik aurrera gatazkak bizitako eraldaketari loturik. Hitzaldiak, eztabaidak, hausnarketak ugariak izan ziren euskal independentismoaren berrikuntzari buruz, eta Euskal Estatuaren kontzeptuak garrantzia eskuratu zuen.

“Hurrengo hilabeteetan, berriz ere, sezesio prozesuak eta independentismoak pentsatzeko moduek garrantzia har dezakete”.

Eztabaida eta ekarpen haietatik guztietatik, ondorio nagusia da, nire ustez, nazio identitatea, nazionalismoa nahi bada, ez dela ardatz bakarra independentziaz edo estatu berri bat sortzeaz ari garenean. Motorra denik ziur aski ezin da ukatu, baina motorra hori ulertzeko eta interpretatzeko moduak ugariak dira. Naziokide izateko erak, edo baldintzak, zein modu desberdinetan uler daitezkeen ikusi besterik ez dago. Areago, nazioaren eta nazionalismoaren interpretazio horiek ugariak izatea indargune gisa ulertu beharko litzateke.

Esan dugun bezala, baina, eztabaida eta ekarpen berritzaile horiek ez dira hain berriak dagoeneko, eta, paradoxikoki, Euskal Herrian ekarpenok guztiz gureak egin gabe, edota ulertu gabe batzuetan, jarraitzen dugula iruditzen zait. Esaterako, nazionalismoa eta independentismoa, analitikoki bada ere, bereizi behar direla esaten dugunean, zertaz ari gara? Euskal Herriaren independentista espainiarrak ere bilatu behar direla esaten denean (zenean?) horren inplikazioak ulertzen al ditugu? Batzuetan, halako planteamenduetan sakondu gabe oraindik, haiekiko erreakzioak indar handia izan du Euskal Herrian. Indar handiegia garatu gabeko planteamendu batzuez ari garenean, nire irudiko.

Diskurtso ‘berri’ horiek, agian, ez dira Euskal Herriaren independentzia pentsatzeko eta teorizatzeko bide bakarrak izan behar, ezta nagusiak ere, baina horiek ere behar direla esango nuke. Hurrengo hilabeteetan, berriz ere, sezesio prozesuak eta independentismoak pentsatzeko moduek garrantzia har dezakete. Eskoziako eraginak nabaritu daitezke horretan, edota Irlandatik etor daitezkeen bestelako uhinenak, han ere mugimenduak gertatuz gero. Zein eragin izango duen horrek Euskal Herrian? Auskalo, baina gutxienez har ditzagun beste herrialdeetako berrikuntzak gogoz, beharra dugu eta.

Olatu berria Eskoziatik?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.