Okela merke-merkea

Okela merke-merkea –

Okela merke-merkea

Zenbatean dago haragi kiloa? Prezioak laskerketa zoroan goraka doazen momentu berean, badago haragi bat, giza haragia, inoiz baino merkeago kotizatzen duena nazioarteko merkatuetan. Hutsaren hurrengoa. Horixe da okelaren balioa haren gaineko azalak behar baino melanina kopuru handiagoa daukanean. Basapiztienetan basapiztienek ere gizakiek baino begirune handiagoa erakusten dute beren espeziekideekin. Melillako hesiaren aurrean poliziak, berdin dio zein kolore edo zein administrazioko soldatapean, kupidarik gabe eraildako gorpu metatuek; edota Texaseko errepide baten bazterrean kamioi baten barruan hil arte itotakoek; gizatasunarenak egin duela iragarri dute.

Nonbait Espainiako gobernurik aurrerakoiena denaren buruak goraipatu eta txalotu egin ditu sarraskia burutu duten uniformedunak. Gero, bere adierazpenek eragin duten eskandalua arindu nahian-edo saiatu da bere burua desenkusatzen, esandakoa esan zuenean triskantzaren irudiak ikusita ez zituela esanez, ordurako gure amak ere argazki lotsagarrien berri bazuen ere, lau haizetara zabaldu baitziren segapototik segapotora. Erantsi zuen gero Pedro Sanchezek bien jarrera ulertu behar dela, erasotzailearena eta erasotuarena, borreroarena eta biktimarena; biek dutela, haren esanetan, arrazoi parte bat. Eta hori guztia Europako mugak gogortuko eta gastu militarra areagotuko duen NATOren goibilkuraren atarian eta auskalo zein atzerri politikarako estrategiaren arabera. Hori bada gobernu ustez aurrerakoienaren buruaren jarrera zein ote da atzerakoienena? Ba al da 37 pertsona beltzen haragiagatik erruki izpirik niminoena ere ez erakustea baino jarrera arrazistagorik? Ba al da 37 pertsona beltz horien hiltzaileek euren arrazoiak izango zituztela iradokitzen duena baino faxistagorik?

Aurrekaririk gabeko inflazio garai hauetan bada zerbait inoiz baino merkeago ordaintzen dena, aurrerakoi hitzaren balioa. Historiak jarriko du nor bere tokian, Sanchez jauna.

Okela merke-merkea

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

2 pentsamendu “Okela merke-merkea”-ri buruz

  • Gauza bat dire ideologiak eta bertze bat morala,ematen du zuen woke ideologia moralarekin nahasten zabiltzatela eta ez dira gauza bera inondik ere.
    Utzi jendeari arren bere iritzi propioa izaten,entzun eta ikusi besterik ez dute egin behar ,zuen epaimena ordea ez dute behar.
    Norberak ikusiko du zer komeni zaion

  • Irakurtzen ari nintzela pentsatu dut, giza sufrimenduarekiko oso sentibera izanik, ETAren garaian ETAk hiltzen zuenean benetan gaizki pasako zenuela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude