Obamak galdu, marihuanaren kontsumoa legeztatzearen aldekoek ere bai

Ez zegoen senatua bakarrik jokoan bart AEBtan. Obamak porrot historikoa nozitu arren, Kaliforniako estatuan beste zerbait ere bazegoen auzitan: cannabisaren kontsumoa legezko izango zen ala ez.

Inkestek legea ez aldatzearen aldekoek irabaziko zutela iragarri zuten, eta bozkek arrazoia eman diote. Botoa ematera hurbildutakoen %44 cannabisaren erabilera zabalago baten alde agertu arren, %56a kontra agertu baitzen.

Datuak datu, harrigarriena kanpainan zehar erabilitako argudioak izan dira, nire ustez behintzat. Marihuana erretzeko askatasuna aldarrikatzeari garrantzia eman ordez, honen merkaturatzea legeztatzeak, Estatuko zorra gutxitzeko baliabide ekonomikoak emango lituzkeela aipatu baitzen, salerosketak zeharka zergetan tasa altuak ordainaraziko zituelako. Tom Ammiano hautagaiak, legeztatzeak landaketak biderkatuko zituela adierazi zuen duela egun batzuk, horrek ekonomian eragin handia izango zuela iragarriz, eta Kaliforniako estatu zorpetuarentzat diru sarrera berriak aurrikusiz.

Ez dira gutxiestekoak marihuanaren industriak mugitzen dituen diruak. Zenbait ikerketen arabera 14.000 milloi dolar sorrarazten ditu: esnekien industrien bikoitza.

Erreferendumean ezetza gailendu arren, Kalifornia aitzindaria izan zen cannabisa osasun erabilerarako baimentzen 1996an. Egun AEBtako 14 estatutan cannabisa tratamendu mediku bezala onartua dago. Kaliforniako erreferendum hau beste zenbaitentzat aitzindaria izango al da?

Kalifornian marihuanak ez du zor ekonomikoa estaliko

Irudia | Kalifornian marihuanak ez du zor ekonomikoa estaliko | Ezezaguna | LGPL