Nor den Abdelkader

Nor den Abdelkader –

Oran aldean sortua 1808an, Damaskon zendua 1883an, lehenbiziko aljeriar abertzale ezaguna dugu. Oinarrian, Abdelkader erlijioso sufia zen, baina gudari egin zen bere lurra, jendea, fedea eta legea konkistaren aurka zainduz. Horretarako estatu aske bat eraiki zuen. Gudua galdurik, pentsatu zuen Jainkoak ez zuela bere xedean bermatzen: beraz armak utziz, bere lehenbiziko bokaziora itzuli zen, letra sainduei, obra onei eta otoitzari emana.

Nor den Abdelkader

1830ko uztailean Frantziako armadak Aljer indarrez hartu du, berantxeago Oran eskuratu gudukarik gabe. Alta bada hor piztuko da erresistentziaren sua. 1832ko azaroan, Oran aldeko leinuen biltzarrak Abdelkader “sultan” izendatzen du, baina berak “emir” titulu xumeagoa hautatzen du. 24 urteak ditu soilik, baina jadanik gizon zuhurra da, argia eta zorrotza.

Leihorra Charles X.renganik ukanik, Louis-Philippe errrege berriak ez daki sobera konkista horrez zer egin. Mementoko ekialdera hedatzea deliberatzen du, Kezentina gobernari turkiarrari hartuz. Horretarako, bakea behar du atzetik, Oran aldetik. 1837ko martxoan, Bugeaud jenerala Oranera bidaltzen du, Abdelkader izoztu dezan hitzarmen batez. Tafnako tratua sinatzen dute maiatzean. Frantziarentzat gelditzen dira Oran aldeko leihorra, Aljer eta honi datxikon Mitidja ordokia; emirrari Orango eskualde barnea, Aljerko eskualdean frantziarrena ez den partea, eta hego aldera, Saharako mugaraino, Titeri eskualdea. Hitzarmen horri esker, estatuburutzat ezagutzen dute nazioartean. Estatu bat ongi antolatzen du. Europar batzuen laguntzarekin, armagintzako lantegiak eraikitzen ditu, harreman ofizialak finkatzen erresuma batzuekin. Haatik Tafnako hitzarmenak frantziar eremuaren muga bastan uzten du Aljer eskualdeko ekialdetik: zehaztasun eskas hori noizbait gerlabide bilaka daiteke. Frantziar armadak Kezentina hartzen du 1837ko urriaren 13an, eta laster Aljeri lotzen. Kezentinako gobernari turkiarra bota izana ongi datorkio Abdelkaderri. Baina ber denboran Jainkoa eskertzen du bere opariaz: “Infidelak berak bakearen hausteko lana egin dit !” Gerla saindua aldarrikatzen du 1839ko azaroaren 19an. Eraso zaluak frantziarra ustekabean harrapatzen du, Mitidja itoz. Haatik frantses armadak guduka frankoren artetik, hirixketako gotorlekuak atxikitzen ditu, emirrak aldiz baserri mundua zaintzen. Batak ez besteak auzia ezin trenka. 1840an erregeak deliberatzen du Aljeria osoaren hartzea. eta Bugeaud jenerala gobernari orokor izendatzen. Armada 100.000 gizonetaraino emendatzen dio. Jeneralak zatitzen du talde gotorka, eta horietarik atal arin mugikorrak alde orotara bulkatzen ditu etsaiaren funtsen gaindi: bazter guztiak xehatzen dituzte. Jende askok men egiten die. 1842 ondarrera, frantziarra lasai dabila kasik Aljeria osoan. 1843ko maiatzaren 16 goizean, 560 zaldizko eta 1550 oinezko soldadu talde batekin, Louis-Philippe erregearen semeetarik den Aumaleko dukeak Abdelkaderren “Smala” hiriburu mugikorra tipustapastean hartzen du, altxor eta artxibo guztiekin. Haatik emirraren amak eta emazteak ihes egin diete. Bera urrun dago gudari hoberenekin. Ahuldua, Marokora pasa behar du. Handik “razzia” batzuk eginen ditu Oranian gaindi. Bugeaud berehala Marokon sartzen da eta, 1844ko abuztuaren 14an erret armada garaitzen du Isly delako ibai ertzean. Bi Estatuek bakea eginen dute “Hadj Abdelkader” ñapurraren bizkar. Honek 1847ko Eguberri bezperagoan gerla bazter uzten duela jakinarazten dio Lamoricière jeneralari, eta jarraian Aljeriako gobernari orokor berria den Aumaleko dukeari, ekialderako bidea irekitzen dioten ber. Hara libre joaten ahalko dela hitzematen diote. Baina Frantziako gobernu ezberdinek hitz hori janez, bere familiarekin preso atxikiko dute bost urtez, ondozka Toulonen, Pauen, Amboisen. Hor Errepublikako lehen presidentea den Napoleon III.gaiak 1852ko urriaren 16an aske uzten du. Eskuzabal eta zuhur agertuz, Abdelkader Frantziaren eta kristauen adiskide fidel egiten du. Damasen ohaturik, emirrak filosofia, teologia eta olerki mistikoa landuko ditu. Han hilen da 1883an. Bitartean, 1860an, druzoen matxinada batean, kristau / giristino askori bizia salbatu du.

Dudarik ez dago saindu bat izan dela bere bizitzako bigarren zatian, eta ber denboran mail gorako pentsalaria. Gandhi famatuari konpara nezake, baina hura baino hurbilagoa zait geografiaz, historiaz, kulturaz eta fedez, jantziagoa eta zabalagoa ere pentsakeraz. Abdelkaderren filosofia kontrarioen arteko harmonia da: helburu ederra eta beharrezkoa, denei lanak emanen dizkiguna.

1966 urteko uztailaren bostean, Aljeriako aberri egunean, Huari Bumediene presidenteak Abdelkaderren gorpuzkinak Damaskotik Aljerera erakarriko ditu, hor aljeriar abertzale bikainentzat daukan heroia goretsiz.

Jean Louis Davant

Nor den Abdelkader Nor den Abdelkader Nor den Abdelkader

Abdelkader pastorala, izurrite guztien gainetik

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.