Nolakoa litzateke mundua 1944ko atentatuan Hitler akabatu izan balute?

Hitler, by pavelwalk, Flickr
Hitler, by pavelwalk, Flickr

Zer gertatu izango zen, 1944an Hitlerren aurka ipinitako bonbak helburua bete izan balu? Baliteke, bi milioi soldaduk bizia galdu ez izana. Baliteke, baita ere, judutarrek euren herriaren historian orban ezin beltzago bat ez edukitzea, ordurako izugarrikeria sinegaitzak burutuak baziren ere. Baliteke, munduak bizi izan duen gerrarik ankerrenaren azken urtea aurreztu izana. Ez dugu sekula jakingo atentatuak huts egin baitzuen. Hitlerren bilera mahaiaren azpian lehergailuekin ipinitako zorroak, lau ofizial hil baitzituen, baina, garaiko Alemaniako presidenteari zauri arin batzuk baino ez baitzizkion eragin.

Claus Schenk von Stauffenberg koronela izan zen erresistentziaren sinbolo, Walkiria operazioa bezala ezagutzen den konspirazioaren egilea. Beste zazpi ofizial naziekin batera, eurek eraikitzen lagundu zuten nazio ankerraren aurka egitea erabaki zuen Stauffenbergek. Führer-a hil eta bigarren mundu gerrari amaiera ematea zuten xede.

Konspiratzaileek jaso zuten erantzuna, ordea, ez zen erasoa baino samurragoa izan. Ehunka susmagarri atxilotu eta exekutatu zituzten, Hitlerren aurka egin izatea usteagatik, soilik.

Ez zen noski, saiakera bakarra izan, baina bai errealistena, helburua lortzeko aukera gehien izan zuena. Bada Hitler erailtzeko 40tik gora saiakera egon zirela esaten duenik.

Baina egiaz, mundua hobea al litzateke gizon bakar baten existentziarekin amaitzeagatik? Baliteke. Baina ezin dugu ahaztu, Hitler ez zela heldu heldu zen lekura bera bakarrik. Gizartearen zati zabal baten babesak eta disziplina handiko talde zabal baten elkarlanak eraman zuen Hitler bere gorenera.

Hau da, Hitler dugu XX. Mendeko gaizkiaren sinboloa eta erraza da erru guztia pertsona bakar batek duela pentsatzea. Zoritxarrez jende askoren fanatismoak, kolaborazioak, onarpenak, isildu izanak edota haren aurka ezer egin ez izanak dira gizadiaren Historiako izugarrikeria gehienen arduradun. Hitler ez zuten akabatu, bere buruaz beste egin zuen 1945eko apirilaren 1ean, guztiok ezagutzen dugun ondarea utzirik.

Hitler lehenago akabatu izanaren ondorioak, ordea, ez dira jendeak baliatzen duen hipotesi bakarra, bestelako mundu eta etorkizun batean sinesteko. Bada, Hitler 1945ean Argentinara ihesi joan zela uste duenik eta bertan lasai asko bizi izan zela. Egun, Hitlerrek nonbait bizirik jarraitzen badu, nazismoaren ideiak besarkatu dituzten gazteen eta iragandako garaiak hobeak direla uste duten nostalgikoen buruetan dago. Bizirik irauteko modurik beldurgarriena, agian.