Nola galdu

Nola galdu
“Bere burua kaiolan giltzaperatu eta ondoren giltzak ozeanora bota”. Iñaki Soto Garako zuzendariak elkarrizketa batean erabili zuen metafora hau, beste testuinguru batean, Mariano Rajoyren jarrera deskribatzeko. Presidente espainiarrak jarrera baldar horri eutsi dionez gero, 9N erronkaren aurrean zer egin baino, nola galdu erabaki behar du.

Ezin zaio Mariano Rajoyri abilezia politikorik aitortu, denboraren igaroak ekarri dizkion berezko onuretatik gaindi. Orain ulertu ditu estrategia idor horren ahulguneak. Kataluniako alderdien arteko batasuna beranduegi pitzatu zaio, atzera bueltarik gabeko prozesua martxan denean. Bi aste behar izan ditu inpugnatu ala hil dilemaren aurrean zegoela ohartzeko. Normala denez, behin honezkero, nahiago izan du heriotzaren pilota ostikoz aurrera jo. Eta gero gerokoak. Honezkero badaki Rajoyk garaipenik ez duela lortuko, horri uko egin dio, eta independentisten proiektua eta prozesua higatzea jarri du helburu.

Bederatzi egun falta dira galdeketarako. 40.000 bolondres daude 1.259 hautesleku zabaltzeko giltzekin prest. Hauek ez dute giltzak ozeanora jaurtitzeko asmorik. Garaipenaren langa 2 milioiko parte hartzean jarri du David Fernandez CUPeko bozeramaileak. Gogoratu 2006ko estatutuaren alde 1,8 milioi boto jaso zituztela. Bi milioi boto hauteskunde plebiszitarioetara mugarri sendo batekin heltzeko. Begi bistakoa da independentziara ailegatzeko eskilarak gero eta igotzen gaitzagoak direla, baina behera egiteko gogoa ere dexente urritzen doa, hain handia bailitzateke astindua.

Azaroaren 9a datorren igandea da. Edozer gertatzen dela ere, txarra izango da Rajoyrentzat. Auzitegi Konstituzionalaren balizko debekuaren ondoren dilema bakarra baitu Rajoyk: bere aginteari iseka egiten dien ikusi, ala, poliziari hautestontziak atxilotzeko agindua eman. 

p.d: Azaroaren 10ean ez da ezer amaituko. Hobe lukete independentistek, boz aurreratuen aurretik, haien ahulgune sakonena konpontzen hasi, nazioarteko estatuen babesa, alegia.

Nola galdu
galdu, independentzia, Katalunia, Rajoy
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude