Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak

Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak –

Joseba Sarrionandiaren hitzak Mikel Laboaren ahotsean kanta egin zirenak.

Egun hauetan etengabe datozkit gogora hitzok, bata bestearen atzetik, taigabe….paterak itsasora lez. Txirotasun gorritik, gerretatik, jazarpen politiko, sozial edo sexualetik ihesi datozen gizakiz eta emekiz leporaino beteak itsasoratzen diren paterak ikustean…sorterria… nekez… uzten du… nekez…

Zer uste dugu bada, jendeak gogotsu eta pozik migratzen duela?

Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenakZein polita den globalizazioa! munduratze orokorra!, baina soilik aberastutako herrialdeentzat? Non daude herrialde txirotutako biztanleentzako low-cost bidaiak?

Ezar ditzagun kuotak bai, ezarri, beldurrik gabe; baina ez erabakitzeko zenbat pertsona “sar” daitezkeen gure Europa gotortuan, baizik eta erabakitzeko zenbat pertsona “hartu” behar ditugun, abegikor, lagunkoi…izan ere, xahutzen dugun petrolio tanta, soja ale, palma olio litro edo banana kilo bakoitzeko pertsona bat hartu beharko genuke-eta.

Petrolioa amaitzear da lagunok, baina gaur egun inoiz baino gehiago bidaiatzen dugu. Normala iruditzen al zaizue guk 10 edo 20 euroren truke leku askotara bidaia dezakegun bitartean, besteek beren bizitzak arriskuan jarri beharra patera batean?

Tusk eta Trump, Trump eta Tusk….beleak zozoari, ipurbeltz!

Estatu Batuetako adierazpenekin eta ekintzekin asaldatzen gara, baina erraz onartzen Europako Kontseiluko presidentearenak:

“Europako Kontseiluko presidente, Donald Tusk-ek, zera proposatu die Batasuneko 28 estatuei: “Egin ditzagun etorkinentzako lehorreratze plataformak europatik at”.

Zer esan nahi du? Afrika osotik datozen etorkinak hartuko dituen bategite zentroak egin nahi dituela? Garai bateko “konzentrazio esparruak”, ezta?

Azal gogorra izan behar da, eta lotsa gutxi. Inolako eskrupulurik ez duten politikoek gobernatzen gaituzte, hitzez hitz, gobernatu, aziendak gobernatzen diren bezala. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hitzaurrea ere irakurri ez duten politikariek dute agintea, eta horrela dabil mundua…

Gizaki orori dagozkio adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik. Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa den

Eta niri berriro datozkit gogora Sarriren hitzak Mikelen ahotsean:

Bere sorterria nekez uzten du, sustraiak han dituenak…

Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak

Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz

7 pentsamendu “Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-07-12 20:21

    Beno… kritika asko botatzen dituzu, baina zein da zure proposamena? Testua irakurrita, iruditzen zait etorri nahi duten guztiei oztoporik ez zeniela jarriko, etorri nahi duten guztiak hartu. Azken finean nor naiz ni, munduko lur eremu honetan bizitzea egokitu zaidan heinean, beste batean jaio den bati etortzea debekatzeko? Arrazoi duzu: inork ez du bere aberria gogoz uzten. Eta behin etorritakoan, nor naiz ni etorritakoari nola bizi behar duen esateko, gure hizkuntza eta kultura inposatzeko? Bizi dadila jatorrizko herrialdean bizi zen bezala, ez?

  • Alpargatero 2018-07-13 12:38

    Gainera, nik ez dut uste etortzen diren guztiak benetan hain egoeran desesperatuan daudenik beren herrialdeetan. Migrazioaldi guztietan gertatu ohi da halako dei efektu bat. Migratzen dutenak behartuta sentitzend iren sorterrian utzitako lagun eta ahaideei erakustera oso ondo bizi direla, eta arrakasta izan dutela beren abenturetan. Horrek sorterrikoak animatu egiten ditu bide bera hartzera, askotan konturatzeko hemen ere zakurrak hanka-hutsik ibiltzen direla, eta sorterria baino bizimodu okerragoa aurkitzen dutela, pasatzen lagundu dien mafiarekin kitatu beharreko zor handi bat ere hartu dutelarik.

  • Badiruid inork ez duela Afrikako egoera demografikoan erreparatu. Hauxe da bataz besteko adina Afrikan: https://i.imgur.com/7x2slix.jpg

    Uste duzue Europara jendea ekarriz (Afrikaren espoliazioa edo neoesklabotza) Afrikako arazoak konponduko direla? Milaka gazte daude Afrikan ugaltze adinean, hau da, hona afrikar bat iristen bada milaka txiro jaioko dira han.

    Beraz ez, konponbidea ez da mugak zabaltzea, horrek Afrikan arazoa mantentzen du eta Europan arazo berriak sortzen ditu.
    https://www.youtube.com/watch?v=KlP0H1ARnvs

  • Neutrala dirudi testua, zerutiarra, baina ez da hala.
    Datozenek ez al du betebeharrik beren herriekiko? Adibidez, han ikasketak egin duenik ezagutzen dut nik. Eta ez bat eta ez ni. Hango soldata gustatzen ez eta bere jakitearen eta lanaren probetxua hemen uztera datoz, beren herriko arazoak utziz gelditzen direnei. Ederki!!

  • Nekez oparitzen du sorterria sustraiak bertan dituenak.

  • Eta hala dirudi gure artean, gure lurra, gure aberria, gure seme-alaben etorkizuna oparitzeko prest dagoela zenbait “euskaldun”. Euskal sustraiak aspaldi galdu zituzten.

  • euskaldun bat 2018-07-14 12:47

    Euskararen erabilera kalean:
    – Gipuzkoa: %31
    – Bizkaia: %8
    – Araba: %4
    – Nafarroa: %6
    – Ipar Euskal Herria: %5

    Errukia pizten duen argazki bat jarri, esaldi poetiko bat bota… kultur teknikaria ofizioz eta kultur-xaxatzailea afizioz, bai, ezin da hobeto deskribatu. Bapo bizi den jende asko dago diru laguntzetatik bizitzen, tripa ederra eta mahaiaren bueltan ondo moldatzen diren politikoak. Garai batean bizar handia utzita iraultza sozialista diseinatzen ibiltzen ziren. Orain beste arlo batzutara eraman dute iraultza. Baina bai lehen eta bai orain, inoiz golpe zorrik ez. Hemen errukia pizten duen bakarra goiko estatistika da.