Nagusikeria espainiar eran

Nagusikeria espainiar eran –

Botereak aurpegi asko ditu, horietako batzuk dira harrokeria, gehiegikeria eta mespretxua. Hiru osagai horiek dira Espainiako boterearen koktela osatzeko lehengaiak. Hortik ateratzen den zukuari batzuek demokrazia deitzen diote, estatu autoritarioa besteek. Nagusikeria espainiar eranBigarrenaren antz gehiago ikusten diot nik, umiliaziora, mendekura, zigorrera, leziora jotzen duen boterea, eta ez pedagogiara, elkarrizketara eta pertsuasiora. Zergatik dira hain baldarrak, zurrunak, estuak?, galdetu du John Carlinek La Vanguardiatik.

Katalunia dela eta ez dela, aspertuta naukate aspaldian propagandaren abusuak, autokritika faltak eta pentsamendu magikoak. Baina, beste edozeren gainetik gauza batek nauka suminduta: Espainiako estatuaren botere nagusikeriak, eta horren aurreko epelkeriak. Denak kritikatu behar dira, baina jarrera zintzoa ez dago bien erdian. Badago alde bat bere botereaz nabarmen abusatzen ari dena bestearen kontra, eta hor jarri behar da fokua. Egoera bidegabe honen inguruko adibide batzuk eman nahi ditut. Boterearen aurpegiak eta kontakizunak.

Nagusikeriaren espainiar gidaliburua

Ukazioa: Katalunian ez dago gatazka politikorik, arazo judizial bat baizik. Ez da egon galdeketarik azaroaren 9an, ez da egon hauteskunde plebiszitariorik. Ez da egin erreferendumik eta ez da errepublikarik aldarrikatu. Ulertzen erraza da, konprenitzen zailagoa. Herrialde Katalanak, hori asmakizuna!

Zinismoa: Presidente arduragabe batek agintzen du Katalunian, inork horretarako bozkatu ez balu bezala. Fanatiko bat da presidentea, eta bide-orria eten dezan eskatuko diogu. Baina, guk eskatutakoaren ildotik independentzia bertan behera uzten duenean leporatuko diogu ez dela fidatzekoa, potrorik ez duela, eta gezurtitzat utziko dugu bere hautesleen aurrean. Eskatu diogu Trapero jaunari aitor dezala bere errua, eta behin hori egindakoan traizioa egiten dabilela zabalduko dugu lau haizetara.

Mespretxua: espetxe zigorrari izkin egiten badiozu koldar bat zara, ihes egin duzu zure herria atzean utzita, baina zaude seguru kartzelan sartzen bazaituzte zure miseriak filtratuko ditugula, burla haizearekin arituko gara zure desgraziaz, txibato deituz. Trufa egingo dugu erreferendumeko hautestontziak Txinan egindakoak direlako, horrek botoen balioa gutxituko balu bezala. Zure errepublika imajinarioaz idatziko dut, kar-kar.

Umiliazioa: Mossoen ardura hartuko dugu eta lehendabiziko agindua presidentearen irudiak kentzea izango da. Esango dugu, beraz, Mossoak Puigdemonten argazkiak kentzen ari direla, frogarik izan ez arren. Eta, oro har, zure botoak piperrik ez duela balio izan demostratuko dizugu, 155, gu baikara legearen zaintzaile bakarrak. Eta punto. Zu kriminala zarelako. Kexatu zaitez butifarrada batekin.

Gezurra: 10.000 polizia bidali ditugu Kataluniara, oso gauza normala eta demokratikoa, eta urriaren 1ean jipoitu genuen bat baino gehiago, baina esango dugu “Fake News” direla, nola total gure telebistetan erasoak agertu ere ez direnez egin. Eta espainolez ez da irakasten Kataluniako eskola adoktrinatzaileetan.

Dotrina: bat egingo dugu hedabide guztiok TV3ren aurka, “manipulatzailea” delako. Guk, berriz, kazetaritza neutrala egiten dugu, ez baikara espainiar nazionalistak, edo, izatekotan, horrek ez gaituelako baldintzatzen. Vicent Sanchis zuzendaria elkarrizketatzen dugunean indepea den galdetuko diogu, horrek demostratzen baitu bere ustela. Pluraltasuna, eskatuko dugu beti, nahiz eta guri bost axola.

Mehatxua: Behin Kataluniako autogobernua deuseztatu eta gero, gainontzekoei mezua heldu zaiela gogorazi behar diezu. Hurrengo zu izan zaitezke. Badu Espainiako boterearen tonuaren berri Belgikak.

Gizatasuna kendu: haurren erabilera politikoa –adoktrinamendua– agerian utzi nahi duen artikulu sorta asmatuko dut, geuk ere berdina egiten dugula ahaztuta –gure ideiak onak dira, noski–. Leporatuko diet indepeei haurrak “giza ezkutu” gisa erabiltzea. Arerioaren ustelkeria morala eta fanatismo muturrekoa salatuko dut, munstroen pareko jarrita. Horrek, neurri zatarrenak ere justifika ditzake, Men Against Fire.

Hipokresia: manifestazio lotsagabeki baketsuak antolatu dituzte indepeek, eta handituko dugu infinituraino hiru furgoneta txikitu dituztela. Gure manifetan naziak dabiltza jolasean, etorkinak erasotzen dituzte, harriak botatzen dizkiete esteladei… baina horiek anekdotak dira. Indarkeria nondik datorren horrelako salaketa.

Hipokresia ber bi: katalanak, utzi dena politizatzeari. Ereserkiari txistu egiten diozue futbol finaletan. Ez dugu baimenduko bigarren mailako talde batek senyera kamisetarekin jolas dezan. Baina Las Palmas joango da urriaren 1ean eskatzen Espainiako banderatxoa nahi duela bizkarrean, Nou Camp-en, eta arazorik ez. Normala da. Irainduko dute Piqué, baina zer espero zuen ba. Ulertzekoa da.

Lotsagabekeria: sartu ditugu bi pertsona kartzelan, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, eta gainera halako azal lodia dugunez, kontatuko dugu indepeak “pozik” daudela haien lehen martiriekin. Hildakoak nahi dituztela. Poliziek txiokatuko dute helikopterotik, zeinen manifestazio ederra den azalduz.

Jazarpena: ‘¡A por ellos!”, abestuko dugu gure herrietatik poliziak irtetzean, merezitako eskarmentua nahi baitugu Katalunia aldean. Lasai asko jarraitu eta irainduko dituzte espainiar zaleek politikari independentistak, no problem.

Inpunitatea: iradoki dezaket Puigdemont fusilatzea, Guardia Zibilek ken ditzakete herriz herri esteladak, legez kanpoko borrekin jo dezakete eta pistola erakutsi hoteleko balkoitik. Dena Fiskaltza lo dagoen bitartean. Aldiz, 155. artikulua nahieran bihurrituko dut, eta biolentziarik gabeko errebolta biolentoa asmatu kode penalean.

Biktimismoa: gehiengo isilaz hitz egingo dut, beldurtuta dagoen jendeaz, Espainiako banderarik ezin dela balkoian jarri, nahiz eta Udaletxeetan derrigortuko dugun lege aginduz. Gixajoak beldurrez, baina milioi bat atera dira kalera. Ausart hutsak!

Intolerantzia: denok dakigun bezala Madril oso tolerantea da, horregatik debekatzen dituzte erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldiak lokal publikoetan, eta harrikadaz txikitu esteladak dituzten leihoko kristalak. Espainiako hedabideetatik kaleratzen dituzte, marrazkilariak eta kazetariak, ez badira diskurtso ofizialean lerratzen.

Boterearen errelatoa da. Eta izen pare bat okurritzen zaizkit, baina isildu egingo naiz, demokraziaren izenean.

Nagusikeria ren espain iNagusikeria espainiar eran
Azaleko argazkia EFE

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Nagusikeria espainiar eran”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2017-11-05 19:56

    Ados guztiekin, beste bat gehituko nioke zure zerrendari, uste dut Gabriek Arestik lukurreria (zekenkeria) deitzen zuena. Madrileko metropoliak bere hazkunderako baliabide gero eta gehiago behar ditu, Espaniako hiruburu ez-efiziente eta Europarekiko periferikoko jauntxoak asezinak dira eta ezin dute Bartzelonakoekin ezer partekatu beraien hazkunde-tasei eustekotan. Bilboko jauntxoek euren bizarrak beratzen jartzeko moduan daude. Baietz uste duguna baino lehen, orain aldebikotasunaren (?) zaleok euskal langile arloteon laguntza eske etorri “aberria” salbatzeko. Orduan, baldintza batzuk jarri beharko dizkiegu, besteak beste, Euskal Estatu berri sozial eta domokratikoaren alde egitea, lukurreria eta gainontzekoetatik urruti.