Mugitu!

Mugitu! – 

Argazkia: Umberto Shaw

Gutxien pentsatutako egunean jendea liburuak eskuan daramatzala aterako da kalera, eta ea orduan zer egingo dugun?

Azken finean medikuak esan didana, debería usted andar, ez da hainbesterako. Azken odol analisian kolesterola eta azido urikoa apur bat altu neuzkan, eta gomendio zuhur eta guztiz ulergarri hori egin zidan.

Kezkatzen nauena zera da, doktoreak ez nauela ibiltzeko baino zerbait gehiago egiteko gauza ikusten, korrika edo gutxienez igeri egiteko moduan, adinean… ez nagoenaren azpimezua. Eta, gero, zauriari gatza eransten dion usted kabroi  hori; urteak eta kiloak gehitzen dizkidana. Eta debería pozoitu horrek… 

Ez, ez nieke hainbeste buelta eman beharko hitzei, eta egunero milioika pertsonak, esaneko-esaneko, egiten duten bezala, ibiltzeari ekin beharko nioke, baina hementxe nauzue gogoeta sakon hauetan murgildurik.

Izan ere, horixe -ibiltzea- da martxoko arratsalde honetan egin beharko nukeena, Global News-eko bideo hori bosgarren aldiz ikusi beharrean: errusiar horren atxilotzearena kale erdian gelditzeagatik (ibiltzeari uzteagatik, azken batean) eta folio zuri bat erakusteagatik hain zuzen ere. Nizhny Novgoroden gertatu da, Moskuko ekialdean.

Oso deigarria da orri horri eusten dion irmotasuna, haren irrifarrea eta erresistentziarik eza, komisariara eramaten dutenean erakusten duen otzantasuna…. Kezkagarriena, hala ere, poliziaren arbitrariotasuna da, bat-batean gelditu den tipo horren aurrean bere nahasmena disimulatzea lortzen ez duena; mugitzeari utzi dion eta eguna izorratuko dion tentel horren aurrean agenteak duen beldurra. Izan ere, pepelerdo subertsibo horrek ez du papera gordetzeko ezta mugitzeko ere inolako itxurarik. Hori besterik ez dio eskatzen, higi dadila behin santu batean, hiritar guztiak bezala harat-honat dabilela: ezerk ez du ematen jendea paseatzen baino normaltasun, jariakortasun sentsazio handiagorik.

Gelditzeak gogoeta egitea esan nahi du, ohiz kanpoko zerbait gertatzen ari dela eta makinak gelditu behar direla onartzea. Ez, ezin da toleratu. Izan ere, oso jarrera kutsakorra da: dagoeneko hamar pertsona baino gehiago gelditu dira bera ikusterakoan, ibiltzeari utzi diote zer gertatzen den ikusteko eta baita telefono mugikorrekin grabatzeko ere. Oldartu egiten dira, xuxurlatzen dute, ausartienek beraien iritzia azaleratzen dute. Arrisku-egoera bat da, arrisku handikoa.

Eta gerta bedi gelditu izana, baina… orri zuri ustelarena? Hobe zukeen hitz batzuk, esaldi bat idatzita izatea; enpapelatzeko moduko zerbait, beste begiramenik gabe furgonetan sartzeko aitzaki bat sikiera. Baina zuriz: denok ezagutzen ditugu (eta bereziki hitzak batzen dituztenak) orri zuri batek sortzen duen izua, sortarazten duen estualdia eta ezintasuna. Kontuz ibili orri zuri batekin: bertan edozer gauza sar daiteke, edozein amets…-arrazoitzen du agenteak, berriro dokumentazioa eskatzen dion bitartean eta gaizkigile horri Novosibirskeko gobernadorearen pare bat dekretu ulertezin errezitatzen dizkiolarik. Egiten ari den delitu nabarmenaz jabetu dadin.

Folio bat arma zuri zorrotz bat da; jende asko nahi gabe folio batez mozten da -lasaitzen du ordena publikoko indarretako kideak bere burua-. Eta beste alde batetik, edonoren eskura dagoen objektua da. Folioak, pistolak bezala, edukitzeko baimena esijitu beharko litzateke; deabruak zorrozten ditu. Ez lirateke utzi behar traste horiek, labana moduko horiek edonoren eskuetan.

Gutxien pentsatutako egunean jendea liburuak eskuan daramatzala aterako da kalera, eta ea orduan zer egingo dugun? Gauza horiek jaurtiki daitezke, batzuk tapa gogorrekoak dira; batzuk tamaina handikoak. Auskalo zer daramaten barruan…

Nahiago nukeen beste tratamendu bat, zortzi orduro har daitekeen zerbait, zeren ibilian ibiltzeareana, norabiderik gabe, helbururik gabe, zigor bat iruditzen baitzait, penitentzia bat, Sisiforen zeregin bat; etxera itzuli behar duzu atsekabetuta, noraezean, deprimituta. Agian aplikazioren bat deskargatu beharko nuke: pausoak edota kilometroak kontatzen dizkizuten app_aren bat. Kontsumitutako kaloriak kalkulatzen dizkizutela diote, eta hobera bazoaz zoriontzen zaituztela. Podometro izena duela. Google Playn bila dezadala.

Ez dakit: niri noizean behin gelditzea gustatzen zait; folioak zirriborratzea gustokoa dut. Ze… ibilian ibili…

En fin

naiz.eus

Mugitu! Mugitu!

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.