Morala eta Espeziea

Morala eta Espeziea

Demagun… Bagdaden atentatu bat. 135 baja, 200 zauritu. Teleberrin 25”. Ankaran, gobernuaren aurkako manifestaldi batean, leherketak. 95. Minututxo eskas. 6 hilabete beranduago, Ankarako aireportuan bertan zart! 41 hildako. Tartean 13 atzerritar, europar, gutxienik. 13’ oraingoan. Erasoak Parisen. Eroriak 137. Ai, zuen oroimenera Teleberri osoa. Dolu-xingolak logotipoetan eta banderetan. Eta Kabulen balitz? -dio hainbatek sarean.

Zergatik eskaintza-demanda feedback hauek hedabide eta ikusleen artean? Ba, moralarengatik -Nola?-. Are eta gureago, orduan eta larriago; orduan eta larriago… ez, ez are eta gureago. Kidetzan dago gure balorazio moralen gakoa. Kidetasunaren neurrian estimatzen ditugu gizaki batzuk besteen gainetik. Nahitaez, nago. Herrikideek dute lehentasuna. Herrikideen ostean, alderdi-, erlijio-, kultur-kideek. Edo erabaki dezala bakoitzak nola. Ia amaitzerako espezie-kideek. Kosmopolitak garela? Ba alderantziz; espezie-kideak edozerren gainetik, arabiarrak eta europarrak ber-bertsu, atsedenik gabe kommemorazio Teleberriak mundu guztiko giza-martir nazio-gabetuen omenez.

Alabaina, ez ahaztu, beti giza-kide ez ditugun gainontzeko abereen bizkar. Kabulgo azokan 31 zakur hil zituzten, baita ere, atzo –diote biharamunean zabor-biltzaileek. Txo, ta guri zer! Denbora, garrantzia, ardura hierarkizatzen dira talde, herri, alderdi, espezie gisa ditugun interesen arabera. Egia, honez gero gauza jakina zen. Ez da inoiz zergatia morala denik onartzen, ordea. Nazionalismoagatik, klasismoagatik, arrazismoagatik da! –diagnostikatzen dugu. Nolanahi ere, ez ote da hitzoi darien moral lurrinarengatik?

Lantzean behin dira berri animalien tokian-tokiko genozidioak. Batek daki, 3”/aste edo. Espezie-kideen atzetik, urrun, nahikoa barregarri, bizikideak baitatoz. Atzerago Lur-kide inerteak, higigaitzak etab. Beharbada kontserbazioari begira, gure elikadurari, gure etorkizunari, gure bizikidetzari, birprodukzioari, logikoa irudi dakiguke aktualitatearen antolaketa. Baina, funtsean, espezie klabean, moralaren logikaz pentsatze hutsagatik deritzogu honela. Ondo entzun duzue… moral inozentea, arbola guztiongatik maitea, sustraiak sarraskian hondoratuta dituena, nonahi eta betidanik fruitu beltzenak loratzen!

Morala eta EspezieaKosmopolitismoak komunitate morala ahal bezain beste haz eta sinplifika dadin bilatzen du. Bazkideen kuotan markak haustea. Erlatibismoak sozioen aniztasuna, konplexutasuna, babestu nahiko luke euren artean bizikidetzarako minimo batzuk adostuz. Moralaren bi joera, hortaz. Baita Animalien Etikaren bi ildo ere, alegia, bi espezie-kidetza mota. Batetik, animaliak, bizidun direlakoan ere, gure komunitate moralera integratzeko keinu kosmopolita. Bestetik, animaliak, euren espezifikotasuna babestuz, minimoen bizikidetzan inplikatzeko keinu erlatibista. Edozein kasutan, beti gara mintzo kidetzaz, elkar-kidetzez… Beti moralaz.

Aitzitik, zer gertatuko litzateke planeta honetako berba-, haragi-, zur-, burdin-, aitz- etab. puska bakoitza inongo eta inoren kide izan gabe behatuko bagenitu? Behin saiakera egin dugula, orain gure begiak moralaren lente gogaikarrietatik askatu ditugula, zer da hautematen dugun hori? Ba al dago jarraitasunik, elkartasunik, adostasunik, zera ezberdin horretan guztian? Eta, miopeak ez ginen heinean, zer arrazoi zegoen betaurrekoak ipintzeko? Ustekabean, emakume eta gizonon arreta zorrotzago bezain bidezkoago egin da. Animaliek, eta euren artean guk, eskertu egiten digute moralaren klubetik ondorio guztiekin irteteko ausardia.

Morala eta espeziea Morala eta espeziea Morala eta espeziea
espeziea, Morala

Josu bar-Joseph, gaztaroan maite zindudan. Maitakeri hark noradino nau iroan... Gaur, Judu-seme, gutartera itzul bazinde, Gurutzifika zindezaket nik ostera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude