Mila Gilad Shaliten truke

Mila Gilad Shaliten truke

2006 urtean Hamasek bahitutako Gilad Shalit 25 urteko soldadu israeldarra mila preso palestinarren truke. Askok irabazi dute hitzarmen honekin, baina argi gelditu da nork duen aginte makila.

Bost urte eman ditu gatibu Gilad Shalitek Israelen aurkako eraso batean bahitu zutenetik. Laster askatu egingo dutela iragarri du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Horren truke, Israelek kartzelan dituen 1.024 preso palestinar askatuko ditu, lehenbizi 450, eta behin Shalit etxean denean, beste guztiak.

Israelek eta Hamasek, biek irabazi eta galdu egin dute Shaliten trukean“, diote Haaretz egunkari israeldarreko bi iritzigilek. Khaled Mashaal Hamaseko buruak aldiz “garaipen historikoa” lortu dutela aldarrikatu du. Iritzi bera dute Israelgo eskuin muturreko politikariek: “terrorismoaren garaipen handia izan da“. Xantaia burutu dela deritzote Israelgo biktima batzuek eta marrazki bideoz laburbildu dute.

Estatu demokratikoa ei den Israelgo estatuaren porrota izan dela aldarrikatuko dute jarrera atzerakoienak dituztenek. Matraka entzuna dugu: zuzenbide estatua da denaren oinarria eta terroristei ez zaie sekula men egin behar. Ikuspuntu horretatik Israelek galdu egin du. Baina, Palestina eta Israelen arteko porroten eta garaipenen kontaketan irabazle argia da estatu judutarra.

Gainera, ikuspegi gizatiarretik ikusita gogoeta hau datorkit burura. Zenbat balio dute pertsonek truke honetan? Israeldar bat mila palestinar bezain beste al da? Estatubatuarrek haien hiritarrak salbatzeko egiten dituzten kanpaina patriotikoak datorzkit burura. Nazio harroputza da Israel, Sahlit soldadua, bat eta bakarra, salbatzeak mundua merezi du, sekulako ahalegina. Behin hori eginda nazio osoak ospatuko du haren itzulera 1.935 egun gatibu izan eta gero.

shalit

Palestinako presoek, ordea, ez dute izen-abizenik. Mila inguru dira libre utziko dituztenak. Beste bost mila palestinarrek kartzeletan jarraituko dute. Palestinar multzo bat askatu dute, besterik ez. Badirudi Shaliten bizitza baino mila aldiz gutxiago balio duela palestinarrenak. Haien senideek sekulako poza izango dute, baina guri ez zaizkigu heltzen haien istorioak. Inor ez da izango haien sufrimenduaren bozgorailu nazioartean. Zenbakiak dira, inurritegiko mila biztanle gehiago.

Zoritxarrez, inurrien heriotza ere haien askapena bezain anonimoa da. Israelen suzirien jaurtiketen erruz zauritzen den gizon-emakume bakoitzeko albistea sortzen den bitartean, palestinarren heriotzak isiltasunean igarotzen dira hedabideen galbahetik. Baita kasu larrienetan ere: 2008ko Gazako sarraskian, Shaliten gisako soldaduek 1.330etik gora palestinar hil zituzten. Nazioarteak gerrari emandako erantzun bigunak guda amaitu osteko Israel botere gune gisa sendotu zuen. Nahi dutena nahi dutenean egiteko eskubidearen jabe.

palestina presoak

Gauzak horrela 1.000 palestinarren askapenak zentzu batean txiste zakarra dirudi. Palestinarrak hutsaren ostean uzten ditu zentzu gizatiarrenean. Israelek haien interesen arabera hil, atxilotu eta askatzeko lehengaiak dira. Oraingoan, Israel barneko presioari (gogoratu gizarte arazoengatiko manifestazio jendetsuak) men egitea erabaki du itxura batean truke galtzailea dirudiena gauzatuz.

palestina hormaAskatasuna hitzak ere baditu konnotazio ezberdinak Shaliten eta palestinarren artean. 1.000 lagunak hormaz eta checkpoint-ez zatituta eta hertsituta dauden herrira itzuliko dira. Zain Israelek ura noiz kenduko dien, hormaz noiz inguratuko dituzten, noiz bonbardatuko dituzten fosforo zuriarekin, noiz estreinatuko duten arma berri bat haiekin, noiz kenduko dizkieten lurrak

Komunikabideek lortu dute Israelekiko sentiberatasuna zabaltzea eta palestinarrei hori bera ukatzea: “Shalit israeldar gaztea, mila morroiren truke”.

Mila Gilad Shaliten truke

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra