Mikel Ayestaranen maitasun jerusalemdarra

Mikel Ayestaranen maitasun jerusalemdarra –

Amatiñok bere blogean.

“Si los israelíes quieren toda la tierra y ser a la vez un Estado democrático, este Estado no será judío. Si, por el contrario, buscan crear un Estado judío en todo el territorio, este no podrá ser democrático”.

https://eibar.org/blogak/amatino/mikel-ayestaranen-maitasun-jerusalemdarraBirritan izana naiz Jerusalemen. 1980an, helduei hebraieraz irakasteko ulpan-sistema bertatik bertara ezagutze aldera eta, 2001 urtean, zenbait teknologia-zentro bisitatzeko. Hainbat hamarkada geroago, nire gomutak irudi bi gordetzen ditu gubilez grabatuak: soldaduak, bikoteka, goitik behera armatuak, autobus publikoa edo kafea normaltasun osoz hartzen jendaurrean; eta Sei Eguneko Gerran (1967) Golango gainen okupazioan parte hartua zen gure gidariaren zirrara, sionismoaren argudioak malkoak zerizkiola azaltzen. Nola zitekeen holokaustoa jasan zuen herri bedeinkatua zulo madarikatu hartan erortzea?

Mikel Ayestarani irakurriz gero (Jerusalén, santa y cautiva, 2021) bistan da hogei edo berrogei urte geroago egoera ez dela funtsean batere aldatu. Edozein kafetegitan, batidoak edan eta mugikorrez jolasten diren artean, soldaduek armetan jarriak jarraitzen dute, Mikelen seme-alabok Coca-Cola har dezaketen mahai ondoan; eta Estatu israeldarrak lehengo lepotik dirau, bete-betean.

Euskal kazetaririk nazioartekotsuenaren kronika pertsonala ez da, ez, turismo-gida, tokian tokiko datu eta ñabardura apartekoez josia bada ere; eta haren kontakizuna kostunbrismo soila baino dezente gehiago da, nahiz, han-hemenka, Hiri Zaharreko edozenbat lekuko arrunt eta ezezagun elkarrizketatu, merkatariak, dendariak, tabernariak, irakasleak, teknikariak, buruzagiak eta liburu-saltzaileak tarteko.

Atzekoz aurrera, azpimarragarri, hain zuzen ere, “Oriente Medio en pedazos” izenburupeko zazpigarren eta azken atala, non, 17 orrialde (213-229) urritan, Mikelek ematen duen Educational Bookshop liburu-dendaren berri eta, Mahmoud Muna ugazabaren ildotik, agertarazi,  Israelgo “operazioa” zertan den ulertzeko laburpenik adierazgarrienetakoa.

Munduan baldin bada gatazka peto-petorik, urterik gehien iraun, eztabaidarik itzelen eragin, mintegirik burutsuen suspertu, hedabiderik zabalduenen jaramona merezi eta nazioarteko oreka zalantzan jarri… hori da Israelen eta Palestinaren arteko auzia.

Auskalo, gero, zein izango ote den konponbidea, sekula konponbiderik izango bada, baina, izatekotan, ez da Mahmoud Muna liburu-saltzaileak dioenarengandik oso urrutik izango, ez eta Mikel Ayestaranek berak, argi bezain zehatz, minimalismo hutsez, laburbiltzen duen esaldi honetatik urrun ere: “Si los israelíes quieren toda la tierra y ser a la vez un Estado democrático, este Estado no será judío. Si, por el contrario, buscan crear un Estado judío en todo el territorio, este no podrá ser democrático”.

Mikel Ayestaranen maitasun jerusalemdarra

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Mikel Ayestaranen maitasun jerusalemdarra”-ri buruz

  • Ez dut erosiko. Gaia ez zait gehiegi interesatzen, aurreragokoak baditut. Eta hurbilagokoak.
    Hala ere, euskaraz izan balitz, nobedadea izanik, beharbada bai. Erostera aimatuko nitzatekeen eta irakurri ere irakurriko nukeen.