Migratzaileak

Migratzaileak –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Asko dira migratzaileak, eta gogorrak baldintzak. Baina ez beti.

MigratzaileakEdurne Portelaren «Formas de estar lejos» liburua ari naiz irakurtzen egun hauetan. Euskal Herritik Estatu Batuetara joan da Alicia 1990eko hamarkadan eta han Matty estatubatuarra ezagutuko du. Bikote-harremana hasi, ezkondu, gauzak konplikatu eta banatu egingo dira.

Esan bezala, ez dut liburua bukatu, baina badakigu banatu direla hasieran kontatzen baita.

Gaur eta hemen 75. orrian dagoen zerbaiti erreparatu nahi diot.

Aliciaren lagun onena Garbiñe da eta zera dio narratzaileak.

«Cuando Alicia se fue a América, el correo electrónico era una novedad. Ninguna de las dos tenía ordenador en casa: Alicia tenía que escribir desde la universidad y Garbiñe desde la biblioteca pública, así que los dos primeros años mantuvieron una activa correspondencia por carta. Cuando las dos consiguieron un ordenador les costó abandonar la costumbre de enviarse cartas manuscritas, pero se rindieron ante la obviedad de que era más fácil y más barato comunicarse digitalmente».

1990eko hamarkadaren bigarren zatian gure lagun bat, Alberto, Miamira joan zen eta berari bidaltzen nizkion gutunak ordenagailuan idazten nituen, gero inprimatu eta postaz bidaltzeko. XXI. mendera arte ez bainuen izan Internet etxean, ezta posta elektronikorik ere.

Albertok bospasei urte pasa zituen Miamin eta beti esaten zuen: «Nik hemen migratzaile bizitza egiten dut eta ez dut bertan integratu nahi». Urte horiek han pasa eta berriro gurutzatu zuen Atlantikoa; Madrilen aurkitu zuen bizimodua.

Euskal Herrian bizi den emakume kolonbiarra da Aurora Mora artista. Ama hiltzen denean, ahizparen deia jasoko du herrira bueltatzeko. Joan-ez joan komeriak jorratzen ditu «Atzerrian lurra garratz» antzezlanak, Artedramaren ekoizpen berriak. Biran da eta asteburuan pasa zen Egiatik. Ez zitzaidan erabat borobila iruditu, baina Artedramaren antzezlanak beti ikusi behar dira eta hau ere bai. Beraz, begiratu goiko loturan egiten ari diren bira eta ea zer iruditzen zaizuen.

Migratzaileen komeriak kontatzen ditu «Bost egun, bost gau» liburuak ere. Egilea Manuel Tiago da (Álvaro Cunhal politikari portugaldarren ezizen literarioa). Iñigo Roque Eguzkitzak euskaratu eta Katakrak-ek argitaratu zuen liburua 2020an.

Bi diktadoreen garaian (Salazar han, Franco hemen), Portugaletik Espainiarako bidai bat kontatzen du liburuari izena ematen dion kontakizunak. Badago ere beste kontakizun labur bat («Pirinioetako muga-pasa») Bidasoa gurutzatzeko hartu beharreko lanei erreparatzen diena.

Gaiarekin jarraituz, migratzaile portugesak aipatu zituen igandean Gorka Erostarbek txio batean. Kasu honetan, Eneko Aizpuruaren «Bidasoan gora» liburuan agertzen direlako.

Ez dut liburua irakurri, baina inguruko gero eta jende gehiagok aipatzen du eta, beraz, laster iritsiko zaio txanda.

Arin hasi naiz, baina garrazten joan da testua. Atzo bertan irakurritako beste txio bat aipatu nahi dut jarraian. Unai Beroiz fotokazetariaren argazkia eta kronikaren sarrera moduan idatzi zuen Mikel Urabaien txiolariak. Gizon nekatu horren begiek dena esaten dute.

Zerbait gehitu behar nuen, baina zertarako. Irakurri Unairen kronika: ¿Cómo mirarles a los ojos ante la crueldad de Europa?

Baina ez dut hain modu garratzean bukatu nahi. Hona hemen Paula Estevez eta Aritz Aranburuk osatzen duten Oki Moki taldearen Intzak/n higatik kantua.

Migratzaileak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Migratzaileak”-ri buruz

  • “Nola begiratu begietara Europaren krudelkeriaren aurrean”Noticias de Navarrako titularra irakurri eta betikoa, Afrikan gerrak, gosetea, izugarrizko krudelkeriak etab jasaten dituzte baina krudela Europa da denak besozabalik ez hartzeagatik. Afrikarrek ez dute errurik…., bertan hilketak, bortxaketak, esklabutza, lapurretak eragiten dizkiete baina errua mendebaldeko txuriena da. Ulertzeko zail xamarra.