Michelettik Hondurasko komunikabideen erabateko kontrola du

Egunkariak, by Alex Barth, Flickr
Egunkariak, by Alex Barth, Flickr

Egoera larria da eta hainbat lekutatik gerra zibilak edozein momentutan eztanda egin dezakeela entzuten dugu. Zelayaren jarraitzaileak altxatzeko prest daudela eta Michelettiren gobernua gogor erantzuteko prest dagoela diote. Baina zaila da Hondurastik informazioa lortzea eta lortutakoaren kalitatea egiaztatzea. Egungo gobernu taldeak bere gain baitu botererik handienetakoa, informazioarena, alegia.

Venezuelako hamaika kazetari bota dituzte herrialdetik, Zelayaren aldekoak izateagatik soilik. Hondurasen bertan ezjakintasuna da nagusi eta hori are larriagoa da herrialdeko mugetatik at. Nazioarteak hasieratik ukatu zuen Estatu kolpea eta horrexegatik Michelettiren taldearen helburua nazioartera ahalik eta informazio gutxien heltzea da. Ezin aurre egin beraz, zer gertatzen den ere ez badakigu.

Hondurasen gertatu dena gobernu aldaketa omen da. Hala esaten dute behintzat bertako komunikabideek, Estatu kolpe esatea guztiz debekaturik baitago. Radio Alegreko Allan Adális Martinez kazetariak bere programaren izenburuari men eginez Estatu kolpeaz hitz egin zuen. Baita azkeneko aldiz, hitz egin ere, irratian, behinik behin. “Libre expresión” programarik ez du gehiago gidatuko “deskuido” hori dela eta.

Zelayak itzulera iragarri zuen egunean, Michelettiren gobernuak Nikaragua eta Venezuelatik talde armatuak Hondurasera sartzear zeudela zioten adierazpenak ematea inposatu zuen. Bitartean, euren berezko presidenteari ongi etorria ematera bildu zen jendetzari oldartu zitzaizkien militarrak eta tiro ere egin zuten, pertsona bat akabatuz.

Komunikabideen boterea

Badakite zer duten eskutan Hondurasen indarrez inposatu diren agintariek. Eta batik bat, badakite informazioa euren alde izatea giltzarria izango dela euren abentura kolpistak aurrera egingo badu. Ikusi beharko zirrikitu guztiak ondo estaltzea lortzen duten…

Hemen Hondurasko estatu kolpearen eta komunikabideen arteko harremanari buruzko gogoeta topatuko duzue.