Mercosur

Mercosur –

CETAren ondotik, hona orai Mercosurekilako ituna, omen Europako ekonomiari zernahi abantail ekarriko dizkiona. Nork sinets holakoak, jakinez munduan zehar ibilki diren elikagai edo ekoizpenen idustrialen produkzioak eta garraioak ingurumenari ekartzen dizkion kalte ikaragarriak. Hara argitasun zenbait.

Mercosur

Helduden urrian Jean-Claude Juncker badoa Europar komisioko lehendakaritzatik opari pozoindatu bat utziz estatuburu guzieri. Alabainan ekainaren 28an ofizialki aurkeztu du Mercosur merkatu akordioa Europa eta Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai estadoen artean adostua. Juncker jaunak “historikotzat” daukan gertakari hori aurkeztu orduko protestak metaka hasi dira agertzen bereziki laborari eta ekologista mundutik, haien iduriko akordio horrek gehien inpaktatuko dituelako laborantza arloa eta ingurumena ekonomia aldetik.

Frantses estatuan berezikiago Macronek kudeatu beharko du dozier arras minbera hori. Paradoxa bat bere burua munduari idekia eta ingurumenaren aldeko duen estatuburu batentzat. Macronek dio komertzio akordio on bat dela frantses enpresa mota guzientzat, enpleguarentzat, momentu berean merkatuak idekiz laborari eta industrial produktoeri sor marka guziak zainduz gainera. Garaipen haundi gisa agertzen du ere Macronek akordio hori dela eta, Brasilgo Bolsonaro bere akolitoak hitz eman duela bere erresuma ez zela Pariseko klimaren aldeko akordiotik aterako, Trumpek egin duen bezala. Mercosur akordio hori hobeki saltzeko eta sortuak edota sortuko diren oposizio guziak ahalik eta gehien kalmatzeko frantses lehendakariak hitz eman du ondoko egunetan publiko eginen zuela akordio horren “ebaluazio indepedente eta neutral” bat berezikiago ingurumenari eta biodibertsitateari begirakoa.

Soka tira publikoa

Fidagarria izaiteko bere erranetan Eliseoko etxezainak dio hiru kriterio kondutan hartuak izanen direla ebaluazio hortan Frantziak bere adostasun osoa ekarri aintzin : ingurumenerako norma guzien zaintza eta errespetu osoa, Europako laborantza filier edo arlo berezi batzuren zaintza bat, bereziki behi haragi arlokoa eta jada aipatu bezala, Pariseko klimaren iguruko akordioa osoki errespetatzearena.

Macronek sinetsiarazi nahi dauku akordio hori ez dela oraino arrunt definitiboa eta bidea gelditzen zaiola arrunt efektiboa izan aintzin. Alabainan Junckerrek aurkeztutakoa oraindik beharko dute ontzat eman europar estatukideek eta europar parlamentuak. Macronek arras untsa badaki beretzat orain dela hasten soka tira publikoa eta presione politiko azkar baten parean izanen dela, lehen planoan. Jakin badaki ere, oposizio politikoaz haratago bere gehiengo politikoan ere agian abots andana bat altxa litaikela akordio komertsial horren kontra. Alabainan batzuek jadanik dudan emaiten dute akordio horrek bideratzen duen mezua, justu europar hauteskunde biharamun huntan, nun ekologistek emaitza aski onak lortu dituzten. Diote akordio hori onartu duten agintari berdinek dutela bultzatu Brexit delakoa eta europar instituzioen kontrako mesfidantza haundituz joanen dela. Kezkak berezikiago behi haragi sailean dira bizienak. Arlo hortakoek diotelako Mercosur akordio horrek ahalbidetuko duela Hego Ameriketako haragiaren egiazko inbasio bat europar merkatuan. Begirale berdinek dudan ezartzen dute ere akordio horren ingurumenaren zaintzarako maila edo koherentzia.

Hatsa gezurra

Gutti aski denek badakigu Brasil bezalako estatu bat egoera agronomiko katastrofiko batean dela, bere lur eremu haundiak erabat izorraturik produkto fitosanitarioen enplegatze harrigarrien ondorioz. Afera hortan Bolsonaro arras maltzurki jokatzen ari da europar agintariekin. Mementu berean dio ez dela Pariseko klimaren aldeko akordiotik aterako eta akordio horren arras kontrako laborantza politikak ari ditu indartzen eta eremuz zabaltzen lehendakari izendatua izanez geroztik. Amazonian oihanen botatze erritmoa bikoiztu da. Pentsa bakarrik egunero 400 hektara oihan botaiak direla! Pentsa ere hektara soil bat oihan botatzearekin, 450 tona CO2 direla atmosferorat airatzen. Erran daiteke Bolsonaro soilik ari dela egunero bonba klimatikoa fabrikatzen. Harrigarria (edo ez hainbat funtsean) da ere pentsatzea justu europar hauteskundeak aintzin, Macron eta beste hainbat estatuburuek ziotela Mercosur akordioa ez zela burutuko, justu biharamunean alderantzizkoa publiko egiteko. Gisa hortako gezur maila tragikoa da politikoki eta ura ekartzen die soilik eurozeptikoeri eta populismo guzieri. Ahalge izan behar luke europar komisioak baldintza horietan Bolsonaro bezalako jaunfutre batekin “negoziatzeko”, jakinez Brasilen zer nolako jokamoldea duen demokrata guzieri, emazteeri, LGBTri eta Amazoniari buruz. Dudarik ez oraindik ondoko aste eta hilabeteetan behar direla bozgoragailuak untsa sinkronizatu, aizkorak ez zorroztekotan!

 

Andde Sainte-Marie

Mercosur
Mercosur
Mercosur
Andde Sainte Marie

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude