Planetako 10 mendi errusiar altuenak

Planetako 10 mendi errusiar altuenak (barruan bazina bezala)

Igeldoko mendi suitzarra txiki gelditu bazaizu, baina zure urdaila zenbateko bueltak emateko gai den ez badakizu, ikusi datozen bideoak. Munduko mendi errusiar garaienak dira, ausartena ere kikiltzeko gai. Pantaila aurrean zorabiatu eta eskuak izerditzen bazaizkizu, ahaztu altzairuzko erraldoi hauetan ibiltzeaz.

Orain arteko 10 mendi errusiar garaienak dira. XIX. mende amaieran sortutako mendi errusiarrak lotsagorritzeko moduko zenbakiak dituzte koloso hauek. Punta-puntako ingeniaritza segundutako gozamenaren eskuetan jarrita.

Kingda Ka: 139 metro garai, AEB

Altueraren sailkapenaren puntan dago Kingda Ka, Six Flags Great Adventure parkeko kolosoa. Igoera bertikal basatia tamainako jaitsierarekin uztartzen da, 206 kilometro orduko abiadura harrapatuz. 28 segunduko esperientzia eskaintzen du.

Top Thrill Dragster: 130 metro garai, AEB

Cedar Point parkea 1870 urtean zabaldu zen, laku baten erdiko irlan, Ohion. Top Thrill Dragster munstroa bi urtez munduko garaiena izan zen, 2003tik 2005era. Kingda Ka-rekin ageriko antzekotasuna du, enpresa berak eraikia da eta formula berdina darabil: gero eta gorago orduan eta hobeago.

Superman Escape From Krypton: 126 metro garai, AEB

Zirkuitu osoa ez den heinean, ez da ohiko errusiar mendia. Kalifornian dago Superman aitzakiatzat hartzen duen 376 metro luzeko makinatzarra. Kohete motako teknikarekin hartzen du abiada, bisitaria atzeraka eramanez. Behin 126 metroan gora eginda, aurrez aurre agertzen da altzairuzko labarra.

Tower of Terror II: 115 metro garai, Australia

1997tik 2003ra munduko mendi errusiar garaiena, jauzi handiena zuena eta azkarrena izatea lortu zuen. Superman Escape From Krypton atrakzioarekin bat egiten du ezaugarri gehienetan, garaieran salbu. Zazpi segundutan 160 kilometro orduko abiadura hartzen du.

Steel Dragon 2000: 97 metro garai, Japonia

Lurrikarekin birrin ez zedin, egitura bereziak erabili zituzten, 50 milioi dolar xahutuz. Munduko mendi errusiar luzeena da, 2,5 kilometrorekin. Abiadura (150 km/orduko), luzeera eta garaiera nahasten ditu beraz Steel Dragon 2000 atrakzioak. Japoniako altzairuzko dragoi arrakastatsuena, zalantza izpirik gabe.

Millenium Force: 94 metro garai, AEB

Cedar Point parkeko bigarren harribitxia, eta bere historikoa inbertsiorik handiena 25 milioi dolarrekin. Paraje ezin ederragoan 2 minutu eta 20 segunduko ibilbide azkarra (150 km/orduko) eskaintzen du 2000. urtean altxatu zen mendiak.

Leviathan: 93 metro garai, Kanada

Estatutabatuarren anai-arreba ipartarrek ere badakite zer den altzairua eta adrenalina nahastea. 1,6 kilometro luzeko mendi errusiarra da Leviathan, 2012 urteko atrakzio berri onenaren Urrezko Saria eman zioten Ontarioko atrakzioari. Cedar Point-en Leviathan-en bertsio hobetua zabaldu dute oraintsu, Gate Keeper.

Intimidator 305: 93 metro, AEB

G indar kriminalarekin jotzen zituen Intimidator 305ek erabiltzaileak. Hain izan zen horrela, zabaldu eta berehala balaztak zorroztu eta errailen ibilbidea aldatu behar izan zutela.

Thunder Dolphin 3: 80 metro, Japonia

Tokioren erdian sortutako entretenimendu parke erraldoian du lekua Thunder Dolphin mendi errusiarrak. Hiriaren ikuspegi itzela izateaz gain, inguruko eraikinetara erabat moldatutako atrakzioa da. Merkatal zentroaren fatxadan egindako zulo batetik pasatzen da trena.

Fujiyama: 79 metro garai, Japonia

Erorketa handia bai, baina ikuspegi pribilegiatua ere bai. Tokioko periferian, Fuji mendiaren aitzinean kokatuta dago izen bera duen mendi errusiar ahalguztiduna. 1996an zabaldu, eta urtebetetez munduko garaiena izan zen.

Shambhala: 76 metro, Katalunia

Euskal Herritik 5 ordu eskasera, Port Aventura parkean, iaz zabaldu zuten Shambala: Expedición al Himalaya. Dragon Khan mitikoaren looping-ak haurrentzako atrakzio bihurtu du Shambalak, munduko garaienen ligan sartuz.

Planetako 10 mendi errusiar altuenak