"Meatzariak infernuan bizi zirela ikusita zabaldu zitzaizkidan begiak"

MjE5Mw==

Ander Izagirre (www.anderiza.com)

Gerra Hotzaren peoi baten moduan bidali zuten Gregorio Iriarte Boliviara, komunismoari aurre egitera. Han, ordea, Olaztiko (Nafarroa) apaiz oblatu honek meatzariek jasaten zituzten bidegabekeriak eta masakreak ezagutu eta giza eskubideen aldeko lan sutsuari ekin zion: diktadura militarren gehiegikeriak salatu, narkotrafikoak elikatutako gobernuak botatzen lagundu eta hainbat liburu kritiko argitaratu zituen. Evo Morales bere karrera politikoa hasten ari zela, txundituta gelditu zen Iriarteren lanekin eta aholkulari gisa hartu zuen. Egun, 83 urterekin, Cochabambako bere gela apalean idazten jarraitzen du, Moralesek bultzatu duen eraldaketa begirada kritikoz aztertzen duen bitartean.

-Argentinan eta Uruguain ebanjelizatzen ibili ondoren, Llallaguara bidali zintuzten 1964an, Boliviako meatze gune nagusira, Pio XII irrati katolikoa zuzentzera. Zer aurkitu zenuen bertan?

-Llallagua borborrean zegoen. Irratira lehenengo aldiz joan nintzenean, eraikuntza osoaren bueltan zaindari armatuak topatu nituen, dinamita eta guzti. Istilu handiak zeuden La Voz del Minerorekin, sindikatu komunistaren irratiarekin, eta elkarri eraso egiten zioten, tiroka, bonbaka. Hura Gerra Hotza zen puri-purian, mendebaldea ekialdearen kontra, ideologia bat bestearen kontra, irrati bat bestearen kontra.   

 Llallaguako meatzarien sindikatua Boliviako indartsuena zen. Herrialdea eztainuaren menpe zegoen erabat eta mea nagusiak Llallaguan zeuden; beraz, hango greba batek Gobernua ito zezakeen. Meatzariek lanuzteak antolatzen zituzten eta Gobernuak Armada bidaltzen zuen. Tentsio handian bizi ginen.  

              Laster ikusi nuen meatzariak infernuan bizi zirela. Mordoka hiltzen ziren, lur-jauziengatik, gasengatik, leherketengatik, eta batez ere silikosiarengatik, birikak erraustuta. Lan baldintza ikaragarriak jasaten zituzten, enpresak etxola kaskarrak uzten zizkien familiarekin pilatuta bizitzeko, ez zeukaten ia sendagilerik, emakumeak eta haurrak ilaran jartzen ziren goizeko lauretan, derrigorrez enpresaren dendetan janaria erosteko… Hori guztia bidegabekeria galanta zela konturatu nintzen. Eta agian Pio XII irratian oker genbiltzala, beti enpresaren eta Gobernuaren alde.

 -Orduan Federico Escóbar ezagutu zenuen, Llallaguako buruzagi komunista.                

-Sonbreirua kendu eta hauxe esan zidan: “Aita Gregorio, ez didazu ulertuko, baina ni komunista naiz %100ean eta katolikoa %100ean. Nire borroka injustizia, esplotazioa eta pobreziaren aurkakoa da”. Tira, erantzun nion, ni ere horretan nabil. “Bada, esaidazu: irratia meatzarien alde ala enpresaren alde egongo da? Zure eredua eta nirea den Jesukristo Llallaguara etorriko balitz, zeinen alde egingo luke?”. Inpresio handia eragin zidan eta nire kide oblatuei esan nien: uste dut oker gabiltzala.

-Sindikalistekin elkarlanean hasi zineten?      

          -Ez genuen denborarik izan, oso garai gogorra etorri zelako. Barrientos jeneralak Estatu-kolpea eman zuen 1965ean eta meatzariei soldata erdira jaitsi zien. Boliviako meatze guztiek greba hasi zuten. Baina Armadak sekulako errepresioa egin eta denek, banan bana, amore eman zuten… Llallaguak ezik. Militarrek kanpamentua inguratu eta mezu bat helarazi ziguten, irratian zabaltzeko: “Escóbarrek ez badu bere burua entregatzen, bere bila sartuko gara”. Escóbar aholku eske etorri zitzaidan eta ihes egiteko plana proposatu nion. Biharamunean, argitu aurretik, kotxez aterako ginen: gurekin lanean zebilen “gringito” bat gidari; ni neu sotanarekin, soldaduei inpresio pixka bat egiteko; eta Escóbar, trajea eta korbata jantzita, udaletxean prestatu genion agiri faltsu batekin.                

Goizeko bostetan abiatu ginen. Escóbarrek esan zidan: “Hiru agurmaria errezatu ditzagun, bidaia oso arriskutsua delako”. Hara, marxistek horixe diote, beldurrak sortzen dituela jainkoak. “Baliteke, baina nik gauero egiten dut otoitz, beldurrik gabe”. Otoitz egin eta atera ginen. Nik tabako pakete bat sartu nuen poltsikoan. Ez naiz erretzailea, baina pentsatu nuen uneren batean ongi etorriko zitzaigula soldaduei zigarroak eskaini eta tentsioak arintzeko. Militarren alanbradetaraino heldu ginen, oraindik gauez, eta kapitain bat inguratu zitzaigun: “Aita Gregorio, lagundu egin behar diguzu. Meatzariak armatuta omen dabiltza, nola antolatu diren esan behar didazu, buruzagiak non dauden… Koronelari deituko diot, zuk hari azaltzeko”. Orurora nindoala esan nion, meza ematera, eta bueltakoan den-dena kontatuko niela, ez genuela ordu txiki horietan koronela esnatu behar. “Ongi da. Baina agiriak erakutsi behar dizkidazue”. Hiru karnetak eman genizkion eta kotxearen argietara hurbildu zituen, hobeto ikusteko. Neurea begiratu zuen, gero “gringitoarena”… orduantxe beragana joan nintzen eta tabako paketea bere begien eta Escóbarren agiri faltsuaren artean jarri nuen: “Tori, kapitaina, soldaduei banatzeko”. Begiak altxa, zigarroak hartu eta banatzen hasi zen. Denak pozik, esker onez. Nik agiria azkar errekuperatu nuen eta hesia altxa ziguten. Escóbar Oruron utzi genuen, han beste kotxe bat hartu eta Txilera ihes egin zuen basamortutik. Txoferra eta biok Llallaguara itzuli ginenean, militarrei esan nien meatzariek ez zutela erresistentziarik egingo, ez zutela armarik erabiliko. Barre egin zidaten: “Komunistek beti ziria sartzen dizuete apaizoi”. Beranduago Escóbar atxilotu egin zuten Brasildik Boliviara agiri faltsuarekin sartzen saiatu zenean.

-Noizbait jakin al zuten ihes egiten lagundu zeniola?                

-Bai. Egun batean Barrientos presidenteak bere etxera gonbidatu ninduen, La Pazera. Elkarrekin bazkaldu genuen eta halako batean bota zidan: “Aita Gregorio, zeinek atera zuen Escóbar?”. Nik neuk, erantzun nion. “Banekien. Agiri faltsua ere zuk egin zenion?”. Bai, bizitza bat salbatzea agiri bat faltsutzea baino garrantzitsuagoa delako. Ados zegoela esan zidan, baina militarrak oso haserre zebiltzala.         

       -Benetan haserre: San Juan eguneko sarraskia egin zuten, adibidez.

-1967an Che-ren gerrilla Bolivian zebilen, Llallaguako meatzari batzuk elkartu egin zitzaizkion eta sindikalistek esan zuten egun bateko soldata emango ziotela gerrillariei. Armadarentzat aitzakia ezin hobea izan zen kanpamentua inbaditzeko. San Juan gaua aukeratu zuten, unerik egokiena masakre bat antolatzeko: festa handia ospatzen dute meatzariek, suak pizten dituzte, gau osoa kantuan eta edanean ematen dute… Soldaduak goizeko lauretan iritsi ziren, meatzariak mozkortuta edo lotan zeudenean, eta metrailadoreekin sartu ziren, amorratuta, kalean topatzen zuten edonori edo etxeetan babesten zirenei tiro egiten, berdin zitzaien amona bat edo ume txiki bat tartean harrapatzen bazuten. Gau ikaragarria izan zen. Hurrengo egunean gorputegira joan nintzen eta 26 hildako zenbatu nituen, baina beste mordo bat ere izango zen, desagertutakoak eta beranduago zauriengatik hil zirenak kontutan hartuta.

-Zer egin zuen Pio XII irratiak?

-Sarraskia salatu genuen, jakina. Militarrek La Voz del Minero txikitu zuten eta gu bakarrik geunden egia kontatzeko. Barrientosek La Pazera deitu ninduen berriz, nik eskaera batzuk egin nizkion eta onartu egin zituen: hildakoen senideak kanpamentutik ez botatzea (meatzari bat hiltzen zenean, haren umeak eskolatik atera, familia etxetik bota eta dendetan erosketak egitea debekatzen baitzieten), senide haiei pentsio bat ematea… Ordainetan, militarrek eta enpresak ni irratitik joatea eskatu zuten eta Llallaguatik irten behar izan nuen. -Zer egin zenuen irratia utzi ondoren? -1970eko hamarkadan La Pazen bizitu nintzen, diktadura latzen garaian. Agerian lan soziala egiten nuen: etxebizitzak eraikitzeko kooperatibak, irrati eskolak, behartsuentzako laguntzak… Baina aldi berean, isilpean, Giza Eskubideen Asanblada sortu nuen. Banzer jeneralaren urteak ziren, diktadura basatia eta ustela, CIAren laguntza zeukana. Ondoren García Mezaren kolpea etorri zen, kokaina trafikoa zuzentzen zuen Arce Gómez ministroarekin. Urte haietan hainbat liburu kaleratu nituen, klandestinitatean eta izenpetu gabe: El delito de ser periodista, La masacre de Todos los Santos, Narcotráfico y política… Arce Gómezek Klaus Barbie nazi ohiari eskatu zion terrorista ultraeskuindarrekin eskuadroi bat osatzea: “Heriotzaren maitaleak”. Talde horren argazkia lortu eta liburu batean atera nuen, Bolivian zeudela frogatzeko: han ageri dira Barbie, Fiebelkorn, Delle Chiaie, Kuhlman, Kopplin… Oposizioko politikariak, kazetariak, sindikalistak hil zituzten. Nire liburuaren ondorioz, Estatu Batuetako telebista programa batek Boliviako Gobernuak kokainarekin zeuzkan negozioak salatu zituen eta Arcek kargua utzi behar izan zuen. Baina boterea mantendu zuen itzalean. Haren aginduz torturatu eta hil zituzten besteak beste Luis Espinal, Aquí astekari kritikoa zuzentzen zuen jesuita katalana, eta Marcelo Quiroga Santa Cruz, neure etxean ezkutatuta izan nuen idazle eta politiko sozialista.               

-Arriskuan egon al zinen? 

               -Hirutan bota ninduten Boliviatik, “komunisten laguna” izateagatik eta “aberriaren etsaiak” etxean gordetzeagatik. Behin preso sartu ninduten, meatzarien lau emazteen gose greba famatuaren alde agertzeagatik. Armairu batean eduki ninduten bi egunez. Nik ez nuen torturarik jasan, baina nire kide batzuk bai. Zorionez azkar askatu gintuzten, emakumeen grebak protesta itzela piztu eta azkenean Banzer jenerala bota zuelako.             

   -1980ko hamarkadako demokrazia garaian idazten jarraitu zenuen. Zure Análisis crítico de la realidad liburua 16 aldiz eguneratu duzu 1983tik gaur arte eta Evo Moralesentzat funtsezkoa izan zen.

                -Politikan hasi zenean, Evo asko zaletu zen liburuarekin eta herriz herri eraman ninduen hitzaldiak ematera. Ez da politikari tradizionala: beti ahalegindu da jendea kontzientziatzen, bizitza publikoan sekula parte hartu ez dutenei ahotsa ematen: indigenak, pobreak, emakumeak… Benetako ardura du herriaren alde jokatzeko, berdin zaizkio dirua, kotxe berri bat, etxe handi bat, ez dauka inolako anbizio materialik.                

-Zer iruditzen zaizu Moralesek Gobernuan egin duen lana?      

          -Mendetan baztertuta egon diren milioika pertsonei duintasuna eta ahotsa eman die. Eta horri esker oso lidergo sendoa lortu du, politikaz haratago doana, arrazarekin zerikusia duena: “Gure odolekoa da”, diote askok, “lehenengo aldiz Gobernuan gu gaude”. Berdin dio ondo ala gaizki ari den, hauteskundeak berriz irabazi ditu sentimendu indartsu hori alde duelako. Baina arrisku bat dago: guztientzat gobernatu behar du. Eta ez du horrekin asmatzen.   

 -Zertan ez du asmatzen? 

               -Manikeoa da. Batetik bere aldekoak daude, autentikoak, benetako Bolivia osatzen dutenak; eta beste guztiak traidoreak dira, oligarkak, neoliberalak, inperialistak… Ideia finko berdinak erabiltzen ditu beti, eskema errazegiak, eta ez ditu kritikak edo ñabardurak onartzen. Ez dauka aholkulari kritikorik. Bere ingurukoek gurtu egiten dute eta mesianismo antzeko bat sortu da Evoren inguruan. Hitz ugariko populismo bat eratu du, baina ekintza praktiko gutxikoa. Petrolioa nazionalizatzea erabaki zuen, kanpoko enpresek etekinak eraman ez ditzaten, eta hori ondo dago. Baina ez dauka ondo prestatutako jenderik, inprobisatu egin du, eta kudeaketa tamalgarria izan da. Mundu osoari saldu behar genion petrolioa eta orain erosteko beharrean gaude. Proiektu apalenak ere ez doaz aurrera: etxebizitza merkeen eraikuntza gelditu egin da, gasa eta elektrizitatea nazionalizatu zituzten baina ez da auzo pobreetara iristen… Hori bai, errentaren kultura bat sortzen ari da: dirua ematen zaie alargunei, haurdun dauden emakumeei, ikasleei, minusbaliatuei… Ederki. Baina proiektu sendo bat falta da.                 –

-Hala ere, bigarren aldiz hautatu berri dute, bozen %62arekin.         

       -Bai. Jendeak fede handia dio eta gainera alderdi tradizionalak deseginda daude, sinesgarritasunik gabe. Gehiengo horrekin, Moralesek askatasun osoa du Bolivia eraldatzen jarraitzeko: autonomien puzzle hain konplexua; indigenen kultura, ohitura, antolaketa moduak eta baita justizia propioa ere sisteman txertatzeko asmoa; hidrokarburo eta meatzeen nazionalizazioa; gizarte politikak…  Baina oposizio eza arriskutsua izan daiteke, Moralesek joera autoritarioak dituelako, dena kontrolatu nahi duelako, epaileak izendatu, komunikabideak estu hartu… Dena den, iruditzen zait gobernatzen ikasten ari dela, trebeago eta finago ari dela azken aldian.         

-Nola ikusten duzu Boliviaren geroa? 

               -Baikorra naiz. Herrialdeak baliabide itzelak ditu –petrolioa, gasa, burdina, litioa- eta Gobernuak ondo erabiltzen baditu, gizarte politikak garatzeko eta pobrezia arintzeko aukera izango du. Baina itxaropenik handienak boliviarrengan jartzen ditut: oso langileak dira, batez ere emakumeak. Eta gainera sormen handikoak: azken urteetan etengabe ari dira produktu berriak merkaturatzen, negozio berriak sortzen, ekimenak bultzatzen. Etorkizun ona ikusten diet. 

Gregorio Iriarteri elkarrizketaGregorio Iriarteri elkarrizketaMeatzari boliviarrek Tio gurtzen dute, lur azpiko jauna den deabrua

Artxiboa | Gregorio Iriarteri elkarrizketa | Ander Izagirre | Creative Commons By SA
Artxiboa | Gregorio Iriarteri elkarrizketa | Ander Izagirre | Creative Commons By SA
Irudia | Meatzari boliviarrek Tio gurtzen dute, lur azpiko jauna den deabrua | Ahron de Leeuw | Creative Commons By SA
Irudia | Modesto Pérez, Llallaguako meatzaria | Ander Izagirre | Creative Commons By SA
bolivia, Gregorio Iriarte

Kazetari autonomoa naiz. Azkeneko lanak Groenlandiako inuitei, Boliviako haur meatzariei, Karakorumeko zamaketariei eta Saharako errefuxiatuei buruz idatzi ditut.

Zer duzu buruan “"Meatzariak infernuan bizi zirela ikusita zabaldu zitzaizkidan begiak"”-ri buruz

  • Josemiguel Armandoz 2018-01-16 08:59

    oso ondo irudi zait ereportai hau eta eskerrikasko publikatzeagatik emm bai aber hori eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude