Marine Le Pen-ek, Mitterrand ministroa pedofiliaz salatu

Frederic Mitterrand

Fréderic Mitterrand gizon guztiz ospetsua da Frantzian. Urte askoan espezilizatu da “goi kultura” dei daitekeen guztia telebista kate nagusienetan tratatzen: artea, literatura, biografiak, historia… Telebista egiteko modu fin baten jabe, gauzak kontatzeko abildade ikaragarria, ahots bare-afeminatua berehala ezagutzeko modukoa… Pertsonaia handia, zinez. Horretaz guztiaz gain, osaba izan zuen Frantziako Presidente.

Duela hilabete pare bat, Sarkozyk deitu zion Kultura Ministeritzara, eta baietz erantzun Mitterrandek, sozialista eta ez-sozialisten ernegamendurako.

La mauvaise vie idatzi zuen Fréderic Mitterrandek 2005an. Testu honetan gizon etsitu baten gora beherak kontatzen omen ditu, tartean sexu ibilerak, haurtzaroa, bere homosexulitea, amodio hautsiak, malenkonia ikaragarria, ordaindutako sexu harremanak…

Eta Marine Le Pen-ek gogora ekarri du ostera, azpiko bideo honetan ikus daitekeenez. Mitterranden dimisioa eskatu zuen: “Gizon hau dugu Kulura Ministro! Zer esan behar diegu gaizkile sexualei Mitterranda ministro bada eta orban garbiezinezkoa ezarri badio gobernuari?”.

Joan zen astelehenean izan zen, Mots croisés- Hitz gurutzatuak izeneko saioan, FR2 katean. Krimen sexualez ziharduen eztabaidan zenbait ordezkari politikok.

http://www.youtube.com/watch?v=CJJzsQecmyc

Liburuko orrialde batean, mutikoak, ikasleak, gazteak… aipatzen ei ditu Mitterrandek, bainan ez adingabeak, edota umeak. Gizon frantziar etsitu baten ibilera alkoholikoen artean ageri dira deskribapen honen antzekoak: ” Euren arteko gehienak gazteak dira,ederrak, euren jarduerak eragin dezakeen hondamendiak ukitu gabeak. Beranduago ohartuko nintzen ez direla arratsero etortzen, neska-laguntxoa dutela, sarri izaten direla estudiante eta bizi direla euren familian, diru sarrera nondik duten ahaztu nahian”.

Front Nationaleko Marine Le Pen ez da bakarra izan Mitterranden afera probesten eta elur bola moduan ari da orain ezker-eskuin hazten. Partidu Sozialistak, parez-pare izan ez bada ere, gasolina gehiago bota dio suari Benoît Hamon sozialistak “bere harridura” erakutsiz. Egia esan behar bada, klase politiko guztiak (eta baita kazetarienak ere) bolo-boloka darabil kontua.

Mitterrandek soilik erantzun du ohorea dela Front Nationalak atakatua izatea, eta sozialistaren batek bat egiten badu Front Natioanalarekin, desohorea dela hori egiten duenarentzat.

Alabaina gogoratu behar da, liburua aurkeztu zuen 2005 hartan ere, idatzitakoaren defentsan irten behar izan zuela behin baino gehiagotan: “Ez banuen zati hori idatzi, gezurra esango nuen. Eta liburu honen helburua zen gezurrik ez esatea inori eta, batez ere, neure buruari”.

Bideo honetan ikus daiteke Mitterrand bere burua defendatzen 2005ean.

Sarkozy jaunari, bere Polansky partikularra agertu zaio, plazaren erdi-erdira. Hautsak zeharo harroturik dabiltza.

Informazio gehiago: rue89 , Le post, Liberation, Le Monde

Frantzia, Frederic Mitterrand, Le Pen, pedofilia
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude