Manadakoen biktimaren gutuna

Manadakoen biktimaren gutuna –

Duela bi urteko San Ferminetan, La Manada deituriko gizon boskoteak bortxatu zuen emakumearen gutun bat zabaldu dute gaur Espainiako zenbait hedabidek.

Imanol Harok euskarara ekarri du gutuna (hemen jatorrizkoa):

.

Kaixo denoi,

Agian pentsatuko duzue gutun hau nire bertsioa eta nire bizipenak azaltzeko dela, baina ez da hala. Gutun hau eskertzeko da. Ama, aita, eskerrik asko ez bakarrik laguntza emateagatik, baita ez zegoen tokitik indarra atera eta niri emateagatik ere.

Eskerrik asko irakatsi didazuen guztiagatik eta irakatsiko didazuen guztiagatik, baina batez ere ni alde batera ez uzteagatik, eta zeuen buruak zaintzen jarraitzeagatik ni asko maite banauzue ere. Eskerrik asko izebei, aitona-amonei, osabei eta lehengusu-lehengusinei. Eskerrik asko familia zertan datzan erakusteagatik. Beti hor egotea, edozer gertatzen delarik ere.

Beste pertsona batzuei ere eskerrak eman nahi dizkiet, nire pertsonei, nik aukeratutakoei, bizitza honetan egin ditudan aukeraketa onenei. Laguntza emateagatik, nirekin negar egiteagatik, haserretzeagatik sentitzen nuenak ez zuelako zentzurik. Barre egiteagatik, ikusarazteagatik bizitzaren onena eta txarrena partekatu egin behar dela, gorrotatzeagatik eta batez ere maitatzeagatik. Zuek altxatzen nauzue.

Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiet bide honetan lagundu nauten guztiei. Nahiago nuke inoiz ezagutu izan ez bazintuztet, baina horrelakoa da bizitza eta bizitzak pertsona onenak ekartzen dizkizu unerik txarrenetan eta hori zerbaitengatik da. Nahiago nuke inoiz ezagutu izan ez bazintut, lagun, benetan [emakumezko bati buruz ari da, jatorrizko bertsioan “amiga” esaten baitu]. Baina horri esker ezinbesteko pertsona bat daukat nire bizitzan. Bidelagun izan zaitut gudu honetan, eta ez dut inoiz ahaztuko. 

Eskerrak eman nahi dizkiet ni ezagutu gabe Espainia hartu duen jende guztiari eta askok ahotsa kendu nahi izan zidatenean ahotsa eman zidan jendeari. Eskerrik asko bakarrik ez uzteagatik. Eskerrik asko sinesteagatik, ahizpok. Eskerrik asko guztiagatik, bihotzez.

Eskerrik asko gertatutakoa arbuiatzeko segundo bakar batean nitaz hitz egin duzuen guztioi. Eskerrik asko errespetatu nauzuen elkarteei, pertsona arruntei, politikariei, jende ezagunari, kazetariei, eta oro har nitaz kezkatu diren guztiei. Eskerrik asko gizartearen parte sentiarazteagatik, nahiz eta gizarte honetan ematen duen bortxatu zaituztenean bortxatua zarela dioen kartela kopetan eraman behar duzula. Eskerrik asko borrokatzeagatik, oihu egiteagatik, negar egiteagatik eta kausa hau bultzatzeagatik.

Azkenik, niretzat garrantzitsuena: salatu. Inork ez du zertan hau jasan. Inork ez du damutu behar edateaz, festa batean jendearekin hitz egiteaz, etxera bakarrik joateaz edo minigona eramateaz. Denok deitoratu behar dugu gizartearen pentsamolde hori, gizartean hori edonori gertatu ahal zaiolako.

Ziurtasun osoz diotsuet. Kontuz esaten duzuenarekin, ez dakizue zenbat aldiz entzun dudan “Sanferminetako neskaz” hitz egiten neska hori ondoan eserita zegoen bitartean. Bide batez, esango dizuet ez naizela “Sanferminetako neska”. Alaba, biloba, laguna naiz, eta agian zuetako baten alaba, biloba, laguna; beraz, mesedez, pentsa ezazue hitz egiten hasi aurretik.

Gaixotasunei buruz kontzientziatuta gauden eta txantxarik egiten ez dugun bezala, ezin dugu txantxarik egin bortxaketa bati buruz. Nazkagarria da, eta gure esku dago aldatzea. Mesedez, bakarrik eskatuko dizuet salatzeko nahiz eta pentsatu ez dizuetela sinetsiko. Ziurtasun osoz esango dizuet egin beharreko bidea ez dela samurra, baina zer gertatuko zen salatu izan ez banu, pentsa ezazue.

Ondo dago gertaerak kondenatzea, baina denok izan behar dugu aldaketaren partaide. Nire aldetik, nire kasuak pertsona baten kontzientzian aldaketarik eragin badu edo beste pertsona bati borrokatzeko indarra eman badio, kontent geratuko naiz.

Mezu bat antzeko zerbait pairatzen ari zareten emakume, gizon, neska, mutil guztiontzat: atera liteke. Pentsatuko duzue borrokatzeko indarrik gabe zaudetela, baina harrituta geratuko zinatekete gizakiok zenbateko indarra dugun jakitean. Esaiozu lagun bati, senide bati, poliziari, txio batean, egin nahi duzuen bezala, baina esan. Ez geratu isilik, isilik geratuz gero eurei irabazten utziko diezulako.

Manadakoen biktimaren gutuna
Pankarta bat Oiartzunen, biktimari babesa adieraziz.
Manadakoen biktimaren gutuna Manadakoen biktimaren gutuna Manadakoen biktimaren gutuna

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.