Maitasun erromantikoa 11 MITOtan (Valentine´s Day)

Maitasun erromantikoa hamaika mitotan

Maitasun erromantikoa hamaika mitotan

Gaur San Valentin eguna ospatzen da, mundu mailan Maitasunaren Eguntzat hartua, eta makina bat bikotek egingo dute ospakizun bereziren bat, elkarri oparitxoren bat eginda.

Beste askorentzat pitokeria galanta da Balentin deunaren kontu hau, eta zorionez talde honetakoa naizenez, maitasun erromantikoaren zenbait mito azaleratzera nator, ea norbait xarmaduratik ateraraztea lortzen dudan.

 

.

Maitasun erromantikoaz

.

Laranja erdiaren mitoa, edo patuan fede itsua izatearena

Aurretik predestinatua genuen bikotea aukeratzen dugula pentsatzea, eta horixe dela genuen aukera onena, edo bakarra.

.

Bikotetzearen mitoa

Bikote heterosexuala zerbait naturala eta unibertsala dela pentsatzea, eta amodio monogamoa garai eta kultura guztietan eman izan dela.

.

Esklusibotasunaren mitoa

Aldi berean pertsona bat baino gehiago gustuko izatea ezinezkotzat izatea.

.

Jelosiaren mitoa

Maitasun seinaletzat hartzea.

.

Maitasuna eta maitemintzea parekideak direla pentsatzearen mitoa

Norbaitek sutsuki maiteminduta egoteari uzten badio jada kidea maite ez duela pentsatzea, eta harremana bere horretan uztea onena dela erabakitzea.

.

Ahalguztiduntasunaren mitoa

Maitasunak `dena´ ahal duela pentsatzea, eta bikoteagatik sufrimendu oro dela onargarria.

.

Maitasunaren kontzepzio magikoaren mitoa

Gure maitasun sentimenduek faktore sozio-biologiko eta kulturalen eraginik ez dutela pentsatzea.

.

Ezkontzaren edo elkarbizitzaren mitoa

Maitasunak beti elkartze egonkor batera eraman behar gaituela pentsatzea, eta bikote bizitza duela oinarri bakarra.

.

Batasunaren mitoa

Harreman baten bi aldeek bat izan behar dutelako ustea.

.

Eztabaidatzea txarra dela uste izatearen mitoa

Bikote batek ez eztabaidatzeak ez du ezinbestean esan nahi bikote ona denik.

.

Zeharo ezberdinak direnak erakarri egiten direlako mitoa

Helburu, interes, zaletasun edo perspektiba amankomunak dituztenak dira erakarpen handiena eragin eta luzera begira hoberen konpontzen direnak.

.

Eta zuk, lagun, baduzu San Valentin eguna ospatzeko ohiturarik?

 

 

Maitasun erromantikoa Maitasun erromantikoa Maitasun erromantikoa Maitasun erromantikoa

4 pentsamendu “Maitasun erromantikoa 11 MITOtan (Valentine´s Day)”-ri buruz

  • Maitasun erromantikoa mito bat izan daiteke baina bakarrik 1984ko gizarte baten ideologia duen sistema batek errefusatu dezake mito erromantiko hori.
    Mito hori gabe ez leudeke afari erromantikoak, bidai erromantikoak, melodramak, txortaketa erromantikoak, Tristan eta Isolda, Kamelien dama, Shakespeareren komeri erromantikoak, poesia erromantikoa.
    En fin, arlo honen ideologizazioa mundua leku frustratu, antzu eta erremin batera garamatza. Irakurri nuen ere Ernai ezker abertzalearen gazte erakundeak botatzen zituela bere geziak maitasun erromantikoaren kontra. Bai, giza-emakumeak ez dira maitemindu behar, ez dute kaletik eskua elkar lotuta ibili behar, erakundeak txilibitoa jo eta martxan jarri behar dira seksuen arteko lilurakeri hoiei kasorik egin behar gabe.

  • Balentin Berria 2020-02-14 09:37

    Errege magoak gurasoak dira. Laster ala berandu denok ikasten dugu hori. Mingarria da egia ezagutzen dugunean, hasieran sinestea kostatzen zaigu eta gurasoek baieztatzen diguten arte oraindik itxaropena gordetzen dugu. Dezepzioa gaindituta, familia gehienetan eguberrian opariak egiteko ohitura mantentzen da, eta magiarik gabe baldin bada ere, polita da hala egitea.

    Aldeak alde, maitasunarekin ere antzekoa gertatzen da. Lehenengo dezepzioa(k) pairatu arte ez dugu ikasten, eta benetan maitasuna eta bikote harremanak (ala harreman sentimental anitzak, irekiak, ez-konbentzionalak) zertan datzaten ezagutzen dugu bide zailez. Baina dezepzio (eta irakaspen) horiek bizitzaren alde garrantzitsua dira, alde polita bezain latza eta mikatza bai.

    Maitasun erromantikoa mingarria izan daiteke, faltsukeriaz eta mitoez bildutako kondaira. Baina ziur aski gaztetasun bekatu edo sinesmen faltsu ba baino ez da, urteak pasa ahala sendatzen dena.

    Maitasun anitzak, harreman irekiek eta ez-ohiko eredu alternatibo horien inguruan ez al dago mito toxikorik ala??

  • Amonamantangorri 2020-02-14 11:39

    Hamarkadaz hamarkada XX. mendeko hainbat korronte politiko-kultural aritu da “harreman sentimental anitzak, irekiak, ez-konbentzionalak” aldezten, beti ere monogamia zaharkitu, erreakzionarioaren aurka.

    Familia tradizionalaren abolizioa proposatzera ere iritsi dira. Ordea, gertatzen da oraindik orain ez dela asmatu familia ordezka dezakeen egiturarik. Familia, funtsean, merkea da. Gizartearen oinarria izaten segituko du.

    Norbera bizi dadila eta maita dezala nahi edo ahal duen bezala, jakina, baina esanen nuke korronte horiei familiarekin gertatzen dena gertatu zaiela bikote harremanekin ere: harreman sexu-afektibo egonkor eta esklusibo batek segurtasuna ematen digu eta buruko min franko saihesten. Berriro: ekonomikoa da. Gainera, haurrak munduratu eta zaintzeko beharrezkoa edo lagungarria dirudi, bederen urte batzuez.

    Jelosia maitasun seinalea da? BAI. Bederen, sentimendu erabat humanoa da, gaitzetsi beharrean ulertu eta gestionatzen jakin behar dena. Jelosia denok sentitzen dugu, bikotekidea galtzeko arriskua sumatzean; ez nahasi hori pertsonalitate posesibo, kontrolatzaile, toxiko eta patologikoekin.

    Bikotea gaur egun ez da eterno eta banaezina, ez da nahitaez cis heterosexuala, ez ditu zertan bikotetik kanpoko harremanak erabat debekatu beharrrik,.. Baina, esan bezala, uste dut oraindik ez dela asmatu bikote monogamoa ordezka dezakeenik.

    Norbait erromantikoki sekulan maitatu ez duenari errukia diot.

  • euskaldun bat 2020-02-14 15:56

    Euskal Herrian sinestea ere oso erromantikoa da. Zeinen bizi tristea gurea erromantizismorik gabe, goizean jaiki eta ezerengatik lan eta borroka egiteko ilusiorik ez izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude