Mahoma Twitterren iraintzeagatik heriotzarekin zigortu nahi dute kazetari gazte bat

Mahoma Twitterren iraintzeagatik heriotzarekin zigortu nahi dute kazetari gazte bat – Sagardotegi denboraldirako telefono adimentsua

Mahoma iraintzea ez da merke irteten; ez bere karikatura batzuk argitaratzeagatik, ezta bera edota Allah zalantzan jartzeagatik Twitterren. Saudi Arabiako klerikoek 23 urteko Hamza Kashgari kazetariaren exekuzioa eskatu dute haien ustean Mahoma iraintzen dituzten mezu batzuk Twitter bidez zabaltzeagatik.

“Zure gauza batzuk maite ditut, beste batzuk gorroto ditut, eta ez ditut zuri buruzko gauza asko ulertu”.

“Zure asaldura maite izan dut, beti izan baitzara inspirazio iturri niretzat, baina ez zait gustatzen zure inguruko jainkotasun argi-koroa. Ez nuke zuregatik otoitz egin behar”.

“Ez dizut erreberentziarik egingo, ez dut zure eskua musukatuko. Nahiago dut bostekoa eman berdinek egiten duten eran, eta irribarre egingo dizut zuk irribarre egiten badidazu. Lagun bezala hitz egingo dizut, besterik ez”.

Kashgarik azaldu duen bezala, “giza eskubide oinarrizkoena aldarrikatzen ari nintzen, adierazpen eta pentsamendu askatasuna, alegia. Beraz, ez da alferrikakoa izan, nire ekintzak askatasuneranzko prozesu baten parte gisa ikusten ditut”.

Kazetari gazteak mezu “iraingarrien” arrasto guztiak ezabatu eta barkamena eskatu zuen. Baina sare sozialean mehatxuak jasotzen jarraitzen zuen eta Saudi Arabiatik ihes egin zuen Malasiarantz. Han, Malasiako poliziak aurkitu eta atxilotu egin du Kuala Lumpurreko aireportuan, eta Saudi Arabiara estraditatu dute giza eskubideen aldeko taldeen protestei entzungor eginez.

Nasser al Omar klerikoak kazetariaren exekuzioa eskatu du, negarrez [goran bideoa], “Jainkoaren eta bere profetaren aurka publikoki birao egiten duen pertsona oro zigortua izan behar delako. Nahiz eta damutu egin den”. “(Hamza Kashgari) zigortu egin behar dugu, Jainkoak gu zigor ez gaitzan. Geure egin beharrekoa eginez gero, Alak babestuko gaitu”.

Ateismoa kontrako borroka

Erlijio monoteistetako buruek bat egin zuten 2007an elkarrekin lan egiteko eta hainbat ekimenen aurrera eramateko. Horietako bat sekularismoari eta ateismoari aurre egitea da. Apezpiku kristau eta kleriko islamiarren arteko elkarlanak “fedearen garaipena ekarriko du ateismoaren aurrean, bertutearen garaipena bizioaren aurrean, justiziaren garaipena injustiziaren, liskarren bakearen eta gerren aurrean, eta anaitasunaren garaipena arrazismoaren aurrean”.

Saudi Arabiako erregearen hitzetan: “familia-sistema ahuldu egin da eta ateismoa hazi egin da. Jokabide hau onartezina da erlijio guztientzat. Etika, leialtasun eta zintzotasun falta dago erlijio guztientzat eta gizateriarentzat”.

Mahoma Twitterren iraintzeagatik heriotzarekin zigortu nahi dute kazetari gazte bat
Biraoak, erlijioa, Islama, sare-sozialak, Twitter, zigorra

3 pentsamendu “Mahoma Twitterren iraintzeagatik heriotzarekin zigortu nahi dute kazetari gazte bat”-ri buruz

  • Ezkerrik balego, munduko ezker osoa, euskaldunak barne, fanatiko hauen aurka altxatuko beharko litzateke.

  • Ezker, eskuin edo erdi, berdin dio Gotzon, edozein koloretako humanismo minimo batean ez lukete lekurik izan behar horrelakoek. Inondik ere ez.
    Gauza bat da sinesmen bat izatea (norberaren kontua da hori), eta beste bat bideo horretan ikusten duguna.

  • Nik eskubiarengandik gutxi espero det. Are gehiago, uste det fanatiko hauek direla gaur egungo ultraeskubi nagusia munduan. Baina ezkerrak dauka obligazioa; ahoa zabaltzeko, salatzeko, mobilizatzeko. Egingo du? Zalantza daukat. Zuzentasun politikoa hezurretaraino sartuta dauka, hemengoak behintzat, eta beste aldera begiratu nahiago du, anti-islamista deitu ez diezaioten. Hori bai, Benediktori egurra emateko orduan, elkarri bultzaka. Zenbat hipokresia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude