«Magrebeko gaztediak eztanda egin du»

NDI0Mw==

Mohammed Bouazizi lizentziatuak (26 urte), langabezian zegoenez, barazkiak saltzeko postu bat jarri zuen, baina Poliziak jazarri zuen, baimenik ez zuelako, eta, nazkatuta, bere buruari su eman zion, joan den abenduaren 17an. Egun batzuk geroago hil zen. Horren eraginez, milaka lagun –gehienak gazteak– kalera atera ziren, ordura arteko egoera latzarekin jarraitzeko prest ez zeudela aldarrikatzera. Izan ere, Tunisiako herritarren % 55 gazteak dira, hezkuntza maila altua daukate, baina lana topatzea ia ezinezkoa da.

Pascal Bonifacek azaldu duenez, Tunisia estatu musulman laiko eredugarritzat jo izan da orain arte, hazkunde handia lortu du eta Gobernuak nolabaiteko hitzarmen bat zeukan gizartearekin: herritar gehienei kontsumoa bermatzearen truke, haien askatasun politikoa mugatzea. Arazoa da sistema hori itotzen ari zela. Datu ofizialen arabera (adituen ustez, errealitatean baino askoz ere txikiagoak), langabezia orokorra % 13koa da, eta gazteen artean bikoitza. Heziketa maila altua daukate, bizimodu modernoa, Interneten erabilera oso zabalduta dago eta zentsurak ezin ditu masa mugimenduak geldiarazi.

«Ben Ali bere arrakastaren biktima eta porrotaren erantzulea da, aldi berean», adierazi du Bonifacek, «[…] ekonomia okerrago dabilenean, orain arte onartutako askatasun murrizketak eta ustelkeria onartezin bihurtzen dira».

Tunisiar gazteen matxinadak Aljerian oihartzuna izan du. 1991ko gerra zibilaz geroztik, oposiziorako tarte eskasa izan da eta gazte askok petroliotik lortutako diruarekin zer gertatzen den galdetzen diote beren buruari. Han ere lana eta etxebizitza aurkitzeko arazo latzak dituzte.

«Magrebeko gaztedia globalizatuak jada ez du onartzen terrorismoaren eta muturreko islamismoaren aurkako borrokaren izenean bere askatasunak mugatzea. […] Tunisiako eta Aljeriako gazteek beren herrialdea maite dute eta, beren herrialdean bizi zein aurrera atera nahi dutenez, nagusiei horretarako bitartekorik ez ematea leporatzen diete».

Lehenago edo geroago, matxinada piztu behar zela nabarmendu du Bonifacek: «Gazte trebatuaren eta gizarte desoreken arteko koktela leherkorregia da eta autoritarismoak jada ezin du geldiarazi».

 


Irudia | Magreba | USArmyAfrica | Creative Commons By SA
gizarte matxinada, krisi politikoa, Tunisia
Ainara Mendiola

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

2 pentsamendu “«Magrebeko gaztediak eztanda egin du»”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude