Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garela

Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garela

Urriaren 3an greba orokorra izan dugu Katalunian. Elkarretaratze nagusia arrastirako zegoen deitua, hiritarrak kalera aterarazi eta hiria txiki utziko zuena, baina goizean bizi izan dugu Bartzelonan egunotan izan dugun unerik hunkigarrienetakoa, eta asko izan dira. Poliziak erasotutako Pau Claris institutuan izan gara, bertako eskailerak mezuz eta lorez estali dituzten ehundaka auzokiderekin batera.

Igandean polizia eta guardia zibilek bortxaz hartutako hauteslekuetan lore eskaintza egiteko deia luzatu dute, eta Ramon Llullerako bidean Pau Claris institutura heldu gara halabeharrez, Escuela Mediterrània, Joan Fuster edo Jaume Balmesera irits gintezkeen bezala.

Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garelaKataluniako Generalitateko presidente izatera iritsi zen XVI. mendeko politikari abertzale batek ematen dio izena Eixampleko ikastetxeari, igandean sare sozialen bidez zabaldutako irudi krudelengatik ezaguna bihurtu zaigun Pau Clarisi. Eskaileretako herri harresia apurtzeko, zazpi furgonetatan heldutako poliziek ileetatik tiraka tatarrez atera zituzten bertan metatutakoak, atzamarrak bihurritu zizkioten Marta Torrecillas tarteko.

.

Lore eskaintza

Herenegun, igandean besteko buila zegoen eskola atarian, baina erabat ezberdina zen giroa. Sakakaden ordez besarkadak eta kolpeen tokian musuak ematen zizkioten elkarri. Ikasle eta auzokideek, bortxaz hartutako eskailerak estaltzeko loreak eta mezuak zeramatzaten eskuetan.

Eskola atarian ekitaldi xume bat zuten prestatua. Hitza hartzen lehena Mercè Miralles izan genuen, katalan hizkuntzako irakaslea eta, egun, ikastetxeko zuzendaria. “Aldarrikapen baketsurako atondu zuten jardunaldia istilu eta bortxaz” itxi izana salatu zuen aurrena. “Gu hezitzaileak gara, eta argi dugu bake, elkarbizitza eta adiarazpen askatasunaren alde egin behar dugula, eta noski, baita espiritu kritikoaren alde ere. Egongo gara ados edo ez, helduko gara akordioetara edo ez, baina belaunaldi berriei irakatsi nahi diegu elkarrizketaren bitartez konpontzen direla auziak”. 

Pau Claris institutuko txikizioen ondotik, zuzendariak adierazi zuenez, “amorrua eta sumindura senttu arren, lanean jarraitu beharra dugu, eta astelehen goizean goiz ikasleak izan ziren gelak atondu zituztenak, eskolak ematen jarraitu ahal izateko”.

Mercè Mirallesek atsekabea zuen ikastetxea hautetsontzirik gabe gelditu zelako, poliziak eraman baitzituen. Escola Mireian, ordea, lasaitasunean bozkatu ahal izan zuten, eta bertako zuzendariak beraien hautetsontzi bat ekarri zuen herenegun Pau Clarisera, opari gisa. Ekitaldiko unerik txalotuenetako bat -azpian duzue bideoan-, zalantza barik. “Ikastetxe atarian jarriko dugu -esan zuen Mirallesek- guretzat esanahi handia du-eta”.

Zuzendariaren hitzen ondotik, erreferendum egunean bortxa pairatu zutenen lekukotzak heldu ziren. “Sekula ez naiz izan hain beldur, eta sekula ez dut beldurrik galdu hain bizkor”, esan zuen gazte batek, eta erabaki irmo bat agertu: “modu baketsuan kalera irtetzen jarraitzen jarraituko dugu; guanyarem!“.

Eskola atarian larunbat gaua pasa zuten Balear Irletako eta Euskal Herriko kideei esker ona agertzeko hartu du hitza neska gazte batek. “Euskaldunak whatsappak bidali dituzte, gaur berriro Bartzelonara etortzekotan direla esanez, greba orokorrera -azaldu zien bertan bildutakoei-. Ezetz esan diegu, bideak itxita daudela eta. Baina jakizue mezu trukaketak etengabeak direla; gugan dute gogoa”.

Hitzartze guztiak adi-adi entzuten dira, eta mikroa eskuz esku dabilen bitartean egunotan behin eta berriro entzun ditugun leloak entzuten dira: “Som gent de pau“, “hem votat” eta “els carrers seran sempre nostres”, “El Segadors”-ez aparte.

Igandeko hautetsontziak zaintzeko hiru arduradunek ere -elkar ezagutu ginenean Kepa deitzen zela esan zigun Pere laguna tarteko-, zerbait dute esateko. Begietan iltzatua gelditu zaien unera jo dute atzera. “Sekulako ilusioarekin etorri ginen, guztiek bozka emateko aukera ian zezaten. Goizean goiz sumindu ginen, kontu teknikoak zirela-eta, bozka emateko zailtasunak ikusita. Kanpoan, sekulako jendetza zegoen, batzuk gau bertan pasatakoak, edo goizeko bostetarako etorriak. BAI bozka zezaketenak, edo EZ, edo arimatik ateratzen zitzaiena”.

“Ikastetxea jendez lepo zen, auzo oso bat modu baketsuan eusteko prest, psikologikoki izututa, poliziak noiz etorriko zain. Beldurgarria izan zen nola sartu ziren, beldurgarria. Gizaki gisa, herri gisa, gu laidoztatzea zuten helburu, zapaldu nahi izan gintuzten”.

Batek baino gehiagok aurpegian behera malkoak zituela entzun zituen lekukotzak, Marta Torrecillas bera agertu eta negarrik ez egiteko eskatu zuen arte. “Medikuek atseden hartzeko eskatu didate, baina ezin etxean sartuta egon jakinda kideak hemen dituela”, adierazi zuen arrastaka erabili izan zuten emakumeak, prentsaeta sare sozialen eraginez zorabiatu samar sentitzen zela onartu zuena. “Ez naiz bakarrik sentitu, oso babestua sentitu naiz eta”.

“Negarrez dagoenari eskatuko nioke irribarre egiteko, irabazten ari gara-eta. Hemen gotortu beharra dugu, gure eskolak eta gure herria defendatu, eta ez da daitezela itzuli, ez ditugu behar, jada bidea gure kabuz egiten gabiltza-eta”.

.

Poesia

Ekitaldia itxi baino lehen, pare bat lagunek olerki bana irakurri zituzten. Larunbat gaua hauteslekua babesten eman zuen valentziar batek Vicent Andres Estelles herrikidearen bat, eta Arnald Montañák, institutuko hizkuntza katalaneko irakaslea bera, Salvador Spriuren bat -olerkia inprimatua zeraman orria oparitu zigun, berak buruz zekiela-eta-;  Jose Mari Pastorrek Argia aldizkarirako euskaratu eta bideoren ondoren duzuen horixe bera:

.
ZEZEN LARRUA XLVI
.
Batzuetan behar da, eta beharrezkoa da
gizon batentzat, bizitza herriaren alde ematea, 
baina ez du inoiz herri oso batek 
gizon bakar batengatik hil behar: 
Gogora ezazu hau beti, Sepharad. 
Ahalegindu zaitez elkarrizketaren zubiek 
tinko iraun dezaten, eta saia zaitez ulertzen eta maitatzen 
zure seme-alaben arrazoiak eta mintzaera ezberdinak. 
Euria gutxi gutxika eror dadila lur ereinetan, 
eta haizea, esku luzatu leun eta txit onuragarri gisa, 
pasa dadila zelai zabalen gainetik. 
Bizi bedi Sepharad sekula sekulorum 
ordenean eta bakean, lanean, 
gatx den eta merezia duen 
askatasunean.
Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garela Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garela Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garela Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garela Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garela Lurperatu nahi gaituzte, baina ez dakite haziak garela
#katU1, Bartzelona, Erreferenduma, greba orokorra, indarkeria, loreak, Pau Claris, Urriak 1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude