Lleidako gizon batek bere lursailean onddoak biltzen uzteagatik kobratu egingo du

OnddoakOnddo denbora iristear dago; datozen euriekin, Euskal Herriko basoak onddoz beteko dira, dena dela, baten bat irteten hasi da dagoeneko. Euskal Herrian onddoak biltzea doan da oraingoz, nahiz eta toki batzuetan zenbait muga egon eta tokian tokiko aldundiek isunak jartzen dizkieten behar baino onddo gehiago jasotzen dituztenei. Hala ere, Lleidako gizon batek bere lursailean onddoak bildu nahi dituztenei sarrera kobratuko die.

Josep Pintók bere Sant Llorenç de Morunyseko lursailean (Solsonés eskualdean) onddoak biltzeagatik sarrera kobratuko duen Katalunia osoko lehen pertsona izango da. Bere 200 hektareatako lursaila hesitu du dagoeneko eta segurtasuneko jagoleak kontratatuko ditu sarrerak eta irteerak kontrolatzeko.

Josep Pintóren helburua negozioa egitea baino gehiago, basoen erabilera zuzenaren pedagogia egitea da. Horrez gain, baso-lur pribatuen kudeaketa hobeagoa lortu nahi du, haien degradazioa eta suteak ekiditeko. “Ekimen honekin basoetan errespetuz eta umiltasunez jokatu behar dela erakutsi nahi dut”, dio Pintók.

5 euro kobratuko ditu bere lursailean sartzeagatik. Prezio sinbolikoa da, Pintóren ustez, ez baita gastuak estaltzeko nahikoa izango. Aurtengoa froga urtea izango da, prezioa eta mugei dagokienez.

Pintóren arabera, ekimen hau aitzindaria da Katalunian, baina Valentzia, Aragoi edota Gaztela Leonen urteak daramatzate antzeko ekimenekin. Europako zenbait herrialdetan ere, Frantzian eta Italian kasu, kobratu egiten dute baso pribatuetara onddo bila sartzeagatik. Euskal Herrira ere iritsiko ote al da?

“Kataluniako gainontzeko baso pribatuetako jabeak gauza bera egitera animatu nahi ditut; horrela, guztion artean Generalitatak basoetako jarduerak erregulatzea lortuko dugu horien kudeaketa egokiagoa lortzeko”.