Liurena bigarren aulki hutsa izan da bakearen Nobel sarien historian

Liu Xiaobok atzo Nobel saria jaso ezinak historiako beste une bat gogora ekarri du, Alemaniak Carl von Ossietzkyri sari bera ukatu zionekoa, arrazoi berdintsuengatik hura ere kartzelan baitzegoen.

Carl von Ossietzky kazetariak lehen mundu gerraren amaierarekin hasi zuen bere ibilbide bakazalea, lehenik Nie Wieder Krieg (Gerra gehiago ez) mugimenduan, klandestinoki Alemaniaren desarmearen aldeko mezuak zabalduz, eta lan hori bideratzeko Die Weltbühne mintegi ezkerzalea sortuz nazioartean zabaldu zuen mezu bera.

1931n kartzelatu zuten lehenengo aldiz, sekretu militarrak aireratzeagatik goi mailako traizioz akusaturik. Baina 1932ko amnistiari esker aske gelditu zen. Nahiz eta hurrengo urtean, naziak boterera iristearekin batera, ostera ere kartzelatu egin zuten. Kontzentrazio esparruan tuberkulosiak jota gaixo zelarik, 1934an Bakearen Nobel Sarirako hautagai proposatu zuten, besteak beste, Albert Einsteinek, Romain Rollandek eta Thomas Mannek. Urte hartan ez zioten saria eman, baina nazioarteko presioak Alemania behartu zuen kontzentrazio esparrutik ospitale batera eramatera Carl von Ossietzky.

1935ean Nobel saridun izendatu zuten, baina sariduna preso zegoen eta 1938an ospitalean zendu zen gaixotasunagatik, sariaren dirutza jaso barik.

Gaur Txinak bezala, orduan Hitlerren Alemaniak nazioarteko ofentsatzat hartu zuen Nobel saria, eta debekatu egin zuen orduz geroztik alemaniar hiritarrek Nobelik jasotzea.

Kontua da, Carl von Ossietzky zendu zen urtean bertan, 1938an, Adolf Hitler bera proposatua izan zen Bakearen Nobel Sarirako hautagai. E. G. Brandt parlamentari suediarrak proposatu zuen Hitlerren hautagaitza, eta komite norvegiarrak hausnartu egin zuen proposamena baina, azkenik Nansen Institutuari eman zion urte hartako saria. Hurrengo urtean Brandtek berak bere proposamena erretiratu nahi izan zuen, baina Nobelaren komiteak ez zion hautagaitza ezabatzen utzi.

Nobel sarien banaketa ekitaldian Liu Xiaboren argazkia aulki hutsean

Irudia | Nobel sarien banaketa ekitaldian Liu Xiaboren argazkia aulki hutsean | z | LGPL